Euskal Herri osoan daukan ospeak damaion unibertsaltasunetik, etxekotzat hartu eta sentiarazi zuten Lazkaon iragan abenduaren 12an Niko Etxart abeslaria (Altzürükü, Zuberoa, 1953). Gerriko elkartean elkarrizketatuta, sakonetik eta pertsonaletik jardun zen, arno gorri kopatxo pare baten laguntzarekin. 70 urte beteta, bizitzaren errepasoa egin zuen, Aitor Artzaren galderei arrapostu luzeak eta mamitsuak eskainita.
«Euskara da nire benetako motorea. Euskararen alde beti, hori da borrokarako arrazoia», argitu zuen Etxartek. Musikari profesional bizitzeko, ezinbestean «berbenak jo behar» izaten ziren 1970eko hamarkadara atzeratu zuen soa. «Berbeneroaren bizitza izatea gogorra da. Nik Minxoriakekin 16 urte igaro nituen», argitu zuen.
Baina ez zen ibili rock-and-rollarekin bakarrik. Dominika Etxart aitarekin eta Robert Larrandaburu koinatuarekin batera, euskal musika tradizional zuberotarra ere galanki landu, plazaratu eta zabaldu zuen. «Urtean 200 emanaldi igual egiten nituen, tradizionalak, berbenak eta kontzertuak batuta». Egun bakar batean hiru emanaldi egin zituen aldiak ere ez ziren urri izan: «Goizean Altzürükütik irten, eguerdian Lartzabalen aperitifa girotu hamar-bat euskal abestirekin, eta arrastiriko 5etan Basaurira: kanpofubolean folk emanaldia, dantzariekin eta. Gauean, Getxon gaupasako berbena, 4-5 ordu jotzeko».
«Susto» batek gerarazi zion martxa hori, zer pentsatua emanda. «Behin, Bizkaian autopistan nindoalarik, goizeko 05:30 aldera, eguna sortzen ari zela, kotxearekin sustoa izan nuen. Bira eman zuen, ez nuen hegirik hunki, baina pentsarazi zidan, trankilago hartu behar nuela bizitza».
Ataunen hiru auzoetan joa dela azaldu zuen: «San Martinen, San Gregorioko elizan Gontzal Mendibilekin, eta Aian». Hitzaldiaren ondoren, Ataunen lo egin zuen, musikari lagun batenean.
Familiatik ere, euskal musikari
Familia sortu zuen. Emaztea, Edurne durangarra eta Bergarako Uned-en matematika irakaslea, Barkoxen ezagutu zuen. «Ostatu batera sartzen, bera bere lagunekin han, eta ‘hau da Niko Etxart’, esan zioten lagunek. Txikia nintzela esan zidan. Ni profesionala nintzen, eta profesional bezala joaten nintzelarik herri batera, ez nuen neskekin-eta saltsarik nahi izaten. Egun hartan Barkoxen ez nintzen profesional ona izan». Barre algara ozenak sorrarazi zituen Etxartek, hitzaldian zehar.
Musikaz ere jardun zen, noski. «Nire musika influentziak? Hau beti erran diat: Etxahun Iruritik Jimmy Hendrixera. Ez naiz ultra inorekin. Politak asko iruditzen zaizkit; gustatu asko».
Sormen eragilea zer duen azaldu zuen: «Fantasia dut nik, beti izan dut, eta orain ere badut». Eguna lasai hartu ohi du: goizean 9ak aldera esnatu, «iratzargailurik gabe», kafesne bat hartuz berriak irakurri, eta «zortzi oilo ditut, eta haiei kasu egin. ‘Neskatikoak’ deitzen diet». Baina musikari da, oraindik ere. Hiru disko prestatzen ari da. «Huntsa sentitzen naiz oraindik kantatzeko eta kontzertuak emateko».