Jon Plazaola Larrañaga (Urretxu, 1982) aktoreak ‘Tu-tum, platz!’ bakarrizketa egingo du gaur, 20:15ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Bakarrizketa berak idatzi du eta bere bizipenetan oinarritua dago. ‘Un Oscar para Oscar’ antzezlanean ere lan egiten ari da eta aurki euskarazko bertsioa aurkeztuko dute.
Bakarrizketekin hasi zenuen zure ibilbidea. McRea irlandarraren eskutik izan zen, ala?
Urretxun GerardMcRea Clarke Derryko Ipar Irlandarra bizi zen. Hark ekarri zuen stand-up komediaren, bakarrizketen, fenomenoa. Asteburuetan Urretxuko Fox tabernan lan egiten nuen, unibertsitateko gastuak ordaintzeko, eta jendeari txisteak kontatzeko ohitura nuen. McReak Foxen bertan emanaldi bat egitea proposatu zidan eta ezetz esaten ez dakidanez… Hura izan zen nire lehen emanaldia: 2000. urteko azaroan. Ondoren, Urretxuko gaztetxean ere aritu ginen. Herritik kanpo, Zaldibarko gaztetxean egin nuen lehen aldiz. Duela gutxi Zaldibarko frontoian izan nintzen, Tu-tum, platz! bakarrizketa egiten. Hasi eta gutxira Zaldibarren izan nintzela aipatu nuen eta ikusle batek gogoratzen zuela esan zuen. Ze arropa neraman ere gogoratzen zuen. Oroitzapena utzi nuen behintzat, ez dakit onerako edo txarrerako!
Bakarrizketek telebistaren atea ireki zizuten.
Garazi Urdanpilletak, nire ikaskide baten neska-lagunak, bakarrizketa batean ikusi ninduen eta kamera ezkutudun saio batean bromak egiteko egokia nintzela pentsatu zuen. Kuxkuxeroak izeneko saioan lan egin nuen, 2003an.
‘Kuxkuxeroak’ saioaren ondoren, telebista saioak aurkeztu zenituen.
Miramoneko pasilloetan nenbilela, aurkezleen lan poltsa deialdi bat ikusi nuen. Proba bat egin ondoren, lan poltsan sartu nintzen eta handik hilabete gutxira Europa euskaraz izeneko bidaia programaren berri izan nuen. Programa pilotua grabatu zuten, Julian Iantzirekin, baina Iantzik beste proiektu batean lan egin behar zuen (ez dakit Basetxea edo El Conquis zen) eta ezin zituen biak bateratu. Proba bat egin zidaten, Donostian, neguko egun euritsu batean. Bidean istripua izan nuen. Istripuaren ondoren autoak arrankatu egin zuen eta, autoa zisko eginda zegoen arren, Donostiara joan nintzen. Hartu egin ninduten. Beti egongo naiz Iantziri eskertuta beste proiektuari baiezkoa eman ziolako eta horrek niri Europa euskaraz saioan lan egiteko aukera eman zidalako. Izan ere, horren ondoren beste asko etorri ziren eta ez naiz sekula geldirik egon.
Lehen mugarria telebista izan zen eta bigarrena ‘Alli abajo’ telesaila, ala?
Horrek nire bizitza profesionala eta pertsonala aldatu zituen. Lehenengoz denbora luze baterako atera nintzen etxetik. Gainera, lehenengoz Estatu mailako proiektu batean lan egin nuen. Inoiz imajinatu ez nuen erakusleiho batean jarri ninduen, onerako. Boom hori ondo samar maneiatu nuela uste dut. Oso gazte hasi nintzen lanean eta ni baino helduagoekin ibili izanak Alli abajoren booma kudeatzen lagundu zidan.
Ospeaz gain, zer eman zizun telesail horrek?
Sekulako jendearekin lan egiteko aukera eta sekulako eskola. Telesailak arrakasta izan zuen eta oso posizio onean jarri ninduen, ondoren beste gauza batzuk egin ahal izateko: Madres telesailean bi denboraldi, Amar es para siempre telesailean denboraldi bat pertsonaia protagonista batekin, Itxaso, Patria telesailean agerraldi txiki bat, zineman La pequeña Suiza eta Villaviciosa de al Lado… Alli abajon lan egiteak, nik neuk sortutako proiektuak erraztasun handiagoarekin aurrera ateratzeko aukera ere eman dit. Antzerki munduan, adibidez. Estatu mailako telesail batean parte hartzen ari bazara, ekoizleek errazago egiten duten zure egitasmoaren aldeko apustua. Baina eguneroko lanak eta zintzotasunak ematen dizu jarraipena. Oraintxe bertan ez nago lehen lerroan, ez dut lehen nuen erakusleihoa, baina elkarri emandakoari esker elkarlanean jarraitzen dugu. Erakusleiho hari zerbait eskertzen badiot, autogestionatzeko aukera eman didala da. Inork deitzen ez badit, nire proiektua martxan jartzeko aukera dut.
Zure azken proiektua Zumarragara ekarriko duzun ‘Tu-tum, platz!’ da.
Oso pozik nago. Oso ondo ari da funtzionatzen. Telefonoak jotzen badu eta eskaintza bat jasotzen badut, oparia izango da. Isabel Coixetekin Un amor pelikulan lan egin duen Hovik-ek esandakoarekin oso identifikatuta sentitzen naiz. Bolada ona amaitutakoan bakarrizketetara itzuliko ote zen galdetu zioten eta lokal batean zuk sortutako testua ezagutzen ez zaituen jendearen aurrean defendatzen ari zarenean, filmazio bat gauza txikiagoa iruditzen zaizula esan zuen. Egun, bakarrizketetan, iruzurra egiten ari naizela iruditzen zait: lehen ez bezala, jendeak badaki nor naizen, badaki zer aurkituko duen eta barre egiteko prest joaten da. Garai batean, taberna zuloetan lan egiten nuen, bertan zeudenek ez zekiten nor nintzen ez zertan ari nintzen, batzuei molestatzen ari nintzela iruditzen zitzaien… Ez dut garai hartako oroitzapen txarrik, baina orduan bai egin behar zela arraun, orduan bai borrokatu behar nuela, orduan bai defendatu behar nituela nire lana, nire umorea, nire ikuskizuna… Egun, ni ikustera doazenen aurrean lan egiten dut. Eskertzekoa da.
Zer diozu ‘Tu-tum, platz!’ bakarrizketari buruz?
Orain arte egin ditudan bakarrizketen artean, borobilena eta pertsonalena da. Nire hastapenei, azkeneko urtean nire bizitzako ardatza izan den aitatasunari buruz… hitz egiten dut. Tu-tum, platz! maiatzaren 5ean estreinatu nuen eta Teo, semea, maiatzaren 2an jaio zen. Oso proiektu berezia da niretzako, Teorekin batera jaio zelako. Teok bezala eboluzio bat izan du. Oraintxe oso une politean dago.
Lankide asko izan dituzu, baina zure lankide kuttuna Aitziber Garmendia da.
Inongo zalantzarik gabe. Inor mintzeko beldurrik gabe esan dezaket. Aitziber laguna, lankidea, maisua… denetarik da niretzako. Proiektu guztietan lankide guztiekin kimika egokia izan dut, baina Aitziberrekin dudana beste gauza bat da. Begiratze hutsarekin ulertzen dugu elkar. Gainera, biok antzerako umorea dugu. Konplizitate hori lanetik harago daramagu. Oraintxe bertan, Aitziberrekin lan egitea faltan sumatzen dut. Egia da ere ez dugula jendea nekatu nahi. Guretzako altxor txiki bat da eta zaindu egin nahi dugu. Jendea zain egotea ere gauza polita da. Tanttaka-tanttaka eman nahi diogu.
Euskal Herriko Ginger Rogers eta Fred Astaire zarete.
Euskal Herrian bertan beste bikote batzuk ere egon dira: Pinpix (Jose Ramon Soroiz) eta Elena Irureta, Maribel Salas eta Santi Ugalde, Ane Gabarain eta Mikel Laskurain… Horiek guztiak erreferente handiak dira guretzako. Ez dugu oso urrutira joan beharrik izan erreferenteak aurkitzeko. Pinpix Aitziberren aita izan da fikzioan, Elena nire ama izan da fikzioan, Ane Gabarain nire ama izan da fikzioan… Umetan telesailak euskaraz egiten ikusten zenituen horiek lankide eta lagun izatea amets bat betetzea da. Eta Itxason egin dudan bezala, fikzioa gure ama hizkuntzan egin ahal izatea, sekulakoa da. Oraintxe euskaraz fikzioa egiteari lehentasuna emango nioke, eta ez bakarrik Teok etxera lotzen nauelako. Euskarazko fikzioak bere tokia izateko garaia da, mundu globalizatu honetan. Plataformetan toki guztietako fikzioak du tokia eta euskarak ere izan beharko luke.
‘Itxaso’ telesailean gustura aritu al zara?
Oso gustura. Grabatzen ari ginenean, jende askok aprobetxatzeko esaten zidan. Izan ere, horrelako aukerak gutxitan suertatzen dira: giroa, tokia… Telesail asko poligonoetan grabatzen dira eta berotasuna galtzen da. Alli abajo salbuespen bat izan zen eta Itxaso beste bat izan da: euskaraz, etxetik gertu, sekulako parajeak, lan talde ona… Gainera, surfera zaletu naiz. Lan baldintzak gogorrak izan dira, denbora gutxian grabatu baitugu, baina proiektu buruek beraien indarra kontagiatu digute eta oso gustura gaude emaitzarekin. Gainera, Aritz Kortabarria bezalako jendea ezagutzeko aukera izan dut. Lehenengoz helduenen taldean egon naiz. Gazteak sekulako indarrarekin datozela eta harrobi polita dugula ikusi dut. Aritz herrikoa izanda, bereziki gozatu dut.
Ba al duzu oraindik lortu ez duzun zerbait? Pelikula bat zuzentzea gustatuko al litzaizuke, adibidez?
Bai, baina oraintxe nire indarrak beste nonbait ditut. Azken urteotan hain gogor lan egin ondoren, bizitza pertsonalaz gozatzeko aukera izaten ari naiz eta zaindu beharreko zerbait da. Oraintxe bertan, nire ametsa Teo nola hazten den ikustea da eta berari bere ametsak betetzen laguntzea da. Bestalde, ez daukat presarik ezer egiteko. Gauzak etorriko dira.
Bukatzeko, zeintzuk dira zure pelikula eta aktore kuttunak?
Asko daude. Une pertsonalaren arabera aldatu egiten dira. Oraintxe bertan, El gran Lebowsky datorkit burura. Aktore kuttunei dagokienez, beti izan naiz Joseba Apaolazaren zalea. Ohe ondoan eduki dudan autografo bakarra berea da. Aitak lortu zuen: kalean berarekin topo egin zuen eta autografoa eskatu zion. Jaun eta jabe telesailaren garaian izan zen. Herriko norbait hor ikusteak, nire ametsa lortu nezakeela sinesten lagundu zidan.
Aita aipatu duzu.
Duela zortzi urte hil zen. Teoren etorrera dela eta, askotan gogoratzen dut. Aitaita Joxerramon egongo balitz, gauzak ezberdinak izango lirateke. Bere bilobaz gozatuko luke. Asko gogoratzen gara berarekin. Bere falta sumatzen dugun bakoitzean, bere bizitza ospatzen dugu. Teo toki batera begira gelditzen denean, aitaita Joxerramonekin jolasten ari dela esaten dugu.
Jon eta Xabier, anaiak eta lagunak
Jon Plazaolak aitatasunaren eskutik aspaldi itxita zuen kaxa bat ireki duela aipatu du. Semea jaio zenetik, haurtzaroko oroitzapen asko datozkio burura: amarekin eta aitarekin zuen harremana, anaiarekin bizitakoak… Aktorea izanik milaka argazki atera dizkiote, baina elkarrizketaren atal honetarako haurtzaroko bat aukeratu du. Xabier anaiarekin atera zioten bat, hain zuzen ere.
Argazkian bere anaia jaioberria da eta berak bospasei urte ditu. «Biok bat izan gara hasieratik eta nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuena izaten jarraitzen du», azaldu du Urretxuko aktoreak.
Xabierrek ere hitz onak besterik ez ditu anaiarentzat. «Txiki-txikitatik oso harreman ona izan dugu. Nire eredua izan da. Ni bost urte gazteagoa naizenez, eskutik helduta eramaten ninduen. Ni zaintzea tokatu zitzaion. Sekula ez zen kexatu».
‘Abenturaren’ bat edo beste ere bizi izan zuten elkarrekin. «Umeak ginenean Salou (Herrialde Katalanak) inguruko ur parke batera joan ginen. Ni oso txikia nintzen eta flotagailuarekin jaitsi nituen txirristak. Txirrista batean flotagailua galdu nuen eta, igerian egiten ez nekienez, hondoratu egin nintzen. Jonek atera ninduen uretatik», gogoratu du Xabierrek.
Egun ere oso harreman estua dute. «Ni Eguzkitza baserrian bizi naiz eta bera herrigunean. Gainera, haurrak eta lana direla eta, denbora gutxi dugu elkarrekin egoteko. Baina hori bai, elkartzen garenean, elkarrekin egoteko da», azaldu du.
Xabier Plazaola Jon anaiak egindako ibilbideaz harro dago, noski. «Hasieran ez nuen espero interpretazio munduan horren urrun heltzea, baina zerbaitetan saiatzen denean, buru-belarri saiatzen da. Hori dela eta, nahi duena lortu ohi du», amaitu du.