Garingo herritar berriek, aire freskoa ekarri dute. Slackline erakustaldia egin zuten, auzoko jaietan, urtarrilean. Slakherria elkarteko kideak dira eta etorkizunean zirku eskola martxan jarri nahiko lukete. Auzora egokitzea nola izaten ari den kontatu dute.
Orekan oinarritzen da slackline-a. Bi puntu finkoren artean soka bat jartzen da, zuhaitzen artean gehienetan, eta horren gainean zutik jarri eta oreka mantentzeari esaten zaio slackline. Nylon edo poliesterrezko zinta lau bat erabiltzen da (slacklinearen munduan ‘linea’ bezala ezagutzen dena), eta ez da erabat tenkatuta ipintzen; hortik datorkio izena. Ezaugarri horrek erronka bihurtzen du. Hasieran, segundo gutxi batzuk eustea nahikoa izan ohi da. Baina ziurrenik gehiagorako gogoa piztuko da. Helburuak izan daitezke adrenalina erretzea altuera handian, benetako akrobaziak diren trikimailuak bilatzea, edo gero eta zinta luzeagoan eta finagoan ibiltzea, zailtasuna areagotuz.
Goierrin, Beasaingo Garin auzoko San Sebastian jaietan ikusi ahal izan zen slackline erakustaldi bikain bat, Slakherria elkarteko kideen ekimenez. Izan ere, Garin auzora bizitzera etorri dira Slakherriko kideak diren Ibai Egia (Donostia, 1986), Jon Montes (Donostia, 1992), Tamara Traverso (Bermeo, 1985) eta Eder Alvarez (Leioa, 1992).
Auzotar berriek, aire berriak ekarri dituzte. «Hiriaz nazkatuta, gustuko ingurune berdeen bila generaman denbora bat eta unibertsoak bidali gintuen etxe honetara. Etxe honek eta toki honek betetzen zituen baldintzak gure proiektua aurrera eramateko», hasi da kontatzen Egia, Garinen duten baserriaren atarian. Proiektuaz hitz egiten duenean, «zirku eskola» batez ari da. Aurretik ere badu esperientzia horretan, eta ondoan dituen «lagunak» ere artista hutsak dira. Donostian jarri zuen martxan zirku eskola Egiak, «indarguneak eta ahulguneak zeintzuk ziren ezagutzeko aukera eman zidan». Proiektu hura, «bakarrik» abiatu zuen. Oraintxe buruan duen proiektua, «elkarlanetik» abiatu nahiko luke, «talde lana beharrezkoa dela uste dut», nabarmendu du, eta orain, «bide berean aurkitzen garen lagun talde bat gaude».
Etorkizunean martxan jarri nahiko luketen zerbait da, nahiz eta une honetan ez den beren lehentasuna. «Baserria txukuntzen gabiltza, baratzea ere martxan jarri nahi dugu, eta lan handia dugu», azaldu dute.
Dena den, amets egitea eta etorkizunerako dituzten ideietan pentsatzea ere ez dago soberan. «Gure helburuak finkatu beharko genituzke, baina ikuskizunak sortzea polita litzateke. Ikastaro solteak eta ikastaro trinkoak eskaintzeko aukera ikusten dugu, ezagutzen ditugun diziplina hauek guztiak irakasteko. Guk errekurtsoak eman nahiko genituzke, baina ondoren ikasketa prozesua norberak garatzen jarrai dezake. Aereoaren mundua, akrobaziak…».
Baina hori iritsi bitartean, Garin auzora egokitzen eta etxea atontzen ari dira lehenengo. Martxoaren 1ean iritsi ziren eta bizi lagun guztiek «oso goxo» jaso zituztela nabarmendu du. «Guk ere oso garbi izan dugu hasiera-hasieratik, guretzako berria den toki batera iritsi berriak garela, eta bertako bizimodura egokitu behar dugula. Egia da, lehendik ere bat egiten dugula Garin auzoko bizimoduarekin, eta ahalegin guztia egingo dugu, bertakoekin ondo konpontzeko», adierazi du zalantzarik egin gabe.
Hala, lagun talde honek ere ahal duen guztian laguntzeko eta dakartena elkarbanatzeko jarrera erakutsi du lehenengo momentutik, eta horrek, laguntzen du, noski. Urtarrilean ospatu zituzten auzoko jaiak antolatzeko bileretan parte hartzen hasi ziren. Bertan azaldu zuten zirkuaren mundua gustuko zutela, eta jaietan erakustaldi bat egiteko prest zeudela. «Gure aletxoa jarri nahi genuen, eta hala, gu garena ezagutzera eman auzotarrei».
Slackline erakustaldia egin zuten baita suzko ikuskizun txiki bat ere. «Fantasia mundura gerturatu genituen auzotarrak eta bisitariak». Bestelako ekintzetan ere lagundu zuten, karrerako montajean, besteak beste. Garin auzotik behera bota zuten soka. «400 metro luze da eta punturik altuenean 80 bat metroko altuera hartzen du». 600 metro luze egin dute handiena eta 200 metroko altuerarekin. Oltzarten 135 metroko altueran ibili ziren, eta Armintzan ia 200 metrora.
Auzotarrak eta jaien antolakuntzak beren aldetik, «hasieratik izan duten jarrerarekin oso eskertuta» agertu dira. Zer esanik ez eskaini zuten erakustaldiarekin. «Benetan hunkigarriak izan dira aurtengo jaiak».
Slakherria
Duela «hiru bat urte» erabaki zuten «elkarte bat sortzea, zeinetan Euskal Herriko orekari edo slakline-a praktikatzen dugun jende guztia bilduko lukeen», azaldu du Montesek; «gehienbat, baimenak eskatze aldera egin genuen. Noiz edo noiz arazoak izan ditugulako basozainarekin». Hala sortu zuten Slakherria izeneko elkartea.
Geroztik ekintza desberdinak antolatu dituzte dituzte, irteerak, besteak beste. «Urte zaharrean Castellonen izan gara, topaketak egiten ditugu, baita ekitaldi desberdinetan erakustaldiak ere», jarraitu du kontatzen.
Gipuzkoan, orekari hauen komunitatea, «50 inguru pertsonak» osatzen dute. «Araban eta Nafarroan gutxi dira, Gipuzkoan eta Bizkaian gehiago, eta Iparraldean ere jende dexente aritzen da, han bai elkarte indartsua dute».
Kirol minoritarioa denez, baten bat praktikatzen ikusten badute, «pozgarria» da, eta jende berria askotan horrela ezagutzen dute. Sare sozialen bidez egin daiteke haiekin harremana.