Trapalata txaranga legazpiarrak 2020.urtean eman zion hasiera bere jardunari eta gaur egun arte hainbat txoko alaitzen ibili dira. Abesti tradizionalak, herrikoiak zein berriagoak dituzte ardatz eta inguruak girotzeko prest datoz.
Legazpiko Musika eskola da lotura hau egin zuen espazioa. Bertatik ezagutzen ziren eta lagun batzuk txaranga bat egin nahian hasi ziren bazterrak astintzen eta jendea elkartzen. Geroz eta gehiago izaten joan ziren gaur egun arte. Egun, hamasei kidek osatzen dute Trapalata txaranga. Gehiengoa legazpiarrak dira, baina urretxuarren bat eta gabiriarren bat ere badago. Harreman ona dute elkarren artean eta txaranga kideak izateaz gain, lagunak ere badira.
Haien errepertorioaren inguruan galdetuta, «denetarikoa» dela diote. «Ez dago zerbait zehatza» haien musika edo estiloa ezaugarritzen duenik, baina agian ezaugarri garrantzitsua da «denetarik» jotzen dutela. Talde desberdinen abestiak jotzeaz gain estilo desberdinak ere jotzen dituzte, hala nola, Pirritx eta Porrotxen abestiak jo ditzakete, ska doinuak edota rantxerak. Denetariko doinuak jotzen dituzte «publiko guztietara eta adin guztietara egokitzeko».
Batez ere Legazpin
Jada ibili dira toki desberdinetan, baina gehienbat «etxean» jo dute, Legazpin. Talde desberdinak izan dira ekitaldietarako deitu dietenak, adibidez, Aspanogi elkartea, Legazpiko Udala edota Sustraiak Dantza Taldea, beste hainbaten artean. Horrez gain, Itsason, Garinen eta Urretxun ere izan dira. Jotzen daudenean «gustura» sentitzen dira eta esperientzia «polita» bizi dutela diote, izan ere, azken finean, musika asko «gustatzen» zaie eta horrelako tokietan jotzean «eroso eta pozik» sentitzen dira.
Inauteri giroan
Inauteriak data garrantzitsua izanik txarangentzat, Trapalata txarangak ere baditu bere asmoak egun horietarako. Legazpin inauteri giroan murgilduko dira datorren astean, ostiralean eta larunbatean. Ostiralean, Lintxen jaitsieran egongo dira eta igandean, berriz, Sustraiak Dantza Taldearen inauterietako kaleko emanaldian egongo dira. Aurrera begira «asko gustatuko litzaieke» Euskal Herrian txaranga zaleentzat oso garrantzitsuak diren bi jaietan jotzea: Tolosako inauterietan eta Donostiako Danborradan. «Ikaragarria» izango litzatekeela haientzat diote, baina hala ere, «oso pozik» daude egiten dutenarekin eta horretaz «gozatzen» jarraitu nahi dute.