Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Eskola batean izan naiz gaur. Eta nire lanak amaituta, zentrotik ateratzear nintzela ikusi dut ondorengo eszena: Lehen Hezkuntzako irakasle batek, bi ikasle zituen pasiluan eserita. Atseden garaian nonbait haserretu dira euren artean, eta liskarren bat izan dute gelara itzultzean. Irakaslea egoera konpondu nahian sumatu dut.
Irudi horri tiraka, denboran bidaiatu dut. Orain pare bat urte, Pipak jaten izeneko antzerki obra batean hartu nuen parte. Eta bertako gidoia jarraituz, hauxe esatea egokitu zitzaidan: «Txikitan dena errazagoa da. Patxi eta biok haserretzen ginen bakoitzean, adibidez. Ez zen ezer gertatzen. Hurrengo egunean barkamena eskatzen genion elkarri, eta punto. Baina barkatu, barkatzen». Amaiera hark, nire harridura piztu zuen lehen aldiz irakurri nuen momentutik. Barkatu barkatzen. Nola egiten ote da hori? Gogoan dut zuzendariarengana gerturatu eta galdetu niola ea zer esan nahi zuen pertsonaiak momentu horretan. Bere erantzunak nire susmoa berretsi besterik ez zuen egin. Barkatu, baina barkatzen. Barkatu, baina benetan. Barkatu, zinez, egiatan, serioski. Barkatu, barkatzen.
Eskolan ikusitako estanpara itzuliz, nola jarraitu ote duen imajinatzen saiatu naiz autoan sartu naizenean. Horrelako zerbait izango zen:
Irakaslea: Ea Iosu, eskatu barkamena eta listo.
Iosu: Baina ez naiz ni izan. Bera hasi da.
Irakaslea: Eta zuk ere bai Asier.
Asier isilik geratuko da.
Irakaslea: Bada, sentitzen dut baina barkamena eskatu arte ez gara hemendik mugituko.
Zer gertatuko da jarraian? Seguru nago, egoera deseroso horretatik alde egiteko aitzakia moduan, elkarri «barkatu» txiki bat botako ziotela Iosuk eta Asierrek ezpain artetik. Bakea denentzat. Batez ere, irakaslearentzat.
Baina hori zer barkamen mota da? Barkatzen barkatu dira? Edo txantxetan barkatu dira? Brometan, gezurretan? Ia oharkabean pasa den barkatu hori nahikoa izan al da? Bada nik uste dut baietz. Ziur nago eguna amaitzerako ahaztu direla gertatutakoarekin, eta apustu egingo nuke bihar lagun minak izango direla.
Baina gauzak asko aldatzen dira eskola atzean uzten dugunean. Helduok beste modu batean barkatzen dugu. Ez dugu barkatuz barkatzen.
Nire pertsonaiaren gidoiak horrela jarraitzen zuen: «Zahartzen garenean agertzen dira baldintzapeko klausulak: barkatzen dizut, baina ez dut ahaztuko; edo, barkatzen dizut, baina bat zor didazu. Total, barkatzen dizut, baina ez dizut barkatuko».
Filtro ezberdinak jartzen joaten gara urteen poderioz. Ertzak gero eta ugariagoak dira, eta haur ez garenean ez da hain erraza izaten barkatzearen ariketa sinple hura.
Hemen utziko dut gogoeta. Barkatu gaurkoagatik. Baina barkatu, barkatzen.