Bigarren Karlistaldian (1872-1876) gerrako helburu gutiziatsu bihurtu zen Norteko Trenbidea. Alde bakoitzak bere eraginpeko lurretako trenbide zatia kontrolatzen zuen, horrek zeukan balio militar estrategikoarekin. Beasain industri gune aipagarria zen 1873an jada. Karlistek bertako tren geltokia eraso eta suntsitu zuten, Santa Kruz apaiz gerrillaria (Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi) buru zela.
Tren zerbitzuen mozketak eta erasoak sarriak ziren. Hain justu, Beasaingo geltokiaren erreketa baino bi egun lehenago, karlistek eta trenbide-konpainiaren arduradunek halako akordio bat itxi zuten: karlistek Irun-Miranda trenbidea errespetatuko zuten, baina edozein tren arakatzeko eskumena gorde zuten; konpainiak, gainera, egunero 2.000 pezeta emango zien karlistei.
Santa Kruz gerrillaria Ataunen zebilela jakindakoan, Beasaingo Iurrita ostatua eta tren geltokia zaintzen ari ziren 50 mikelete Ordiziako hiribildu gotortura babestu ziren. Karlisten oste hark –80 bat soldadu– Beasaingo geltokia, 21 bagoi eta 152 ardo-barrika erre zituen, 1873ko ekainaren 16an, arratsaldeko seietan. Atzera Ataunera erretiratu ziren, gaua pasatzera.
Beasainen tren geltokia jartzeko erabakia Norteko Trenbidearen hasiera-hasieratik hartua zen. 1856ko ideia orokorrean jada, 3. mailako geltokia proposatu zuten. Trenak lehenik Beasain-Donostia artean hasi ziren ibiltzen, 1863an –Altsasura arteko zatia hurrengo urteko abuztuan inauguratuko zen–. Ordurako eraiki zuten Beasaingoa. Bidaiarien egonlekua, botikina, tresneria gordetzeko etxetxoak, abiadura geldiko gordailua, eta bidaiari eta merkantzien bagoiak egoteko errailak zeuzkan.
Trenbidearen lehen urte haietan, geltokia lortzea ez zen erraza. Ordiziak, adibidez, 1872an lortu zuen apeadero bat, bidaiariak igotzeko eta jaisteko.
Gizartea eta mundua aldatzen
Trena aurrerabidearen ikurtzat hartzen zen, garai beretsuan erne zen industrializazioaren eta kapitalismoaren beste adar baten gisa. Karlismoarentzat bere mundu ikuskeraren eraldaketa suposatzen zuen horrek. Goierrin, burdinolak utzi eta industria modernoaren lehen urratsak orduan ari ziren egiten, Beasainen labe garaiak eraikita. Gipuzkoan banketxe berriak sortu zituzten. «Fenomeno haien aitzindari liberalak izan ziren. Nekazaritzan oinarritutako gizartea gainditu, eta gizarte mota berri bat sortu nahi zuten. Trenbideak garraiobideen iraultza eta ondorio sakonak erakarriko zituen», idatzi zuen Pello Joxe Aranburuk Norteko Trenbidearen eraikuntza Gipuzkoan liburuan.
Geltokiaren erreketaren ondoren, 1873ko abenduan, Goitia eta Cia enpresari eskabide zehatza egin zioten karlistek: lantokia gerrarako armak eta kainoiak eraikitzeko prestatzeko. Ihes egin zuten enpresariek.