Noemi Insausti Lopez • Nutrizionista – EUS00304 (Beasain)
Oporren bueltan, bai udan zein Gabonen ondoren, dieta desberdinak jartzen dira modan behin eta berriz. Horietako bat, eta gero eta gehiago entzuten dena, dieta antiinflamatorioa da. Kasu honetan, ez da «detox» irabiakietan oinarritutako moda bat soilik, propietate oso interesgarriak ere, bai baititu.
Helburu desberdinak
Elikadura eredu honen helburua da, ahalmen antiinflamatorioak dituzten elikagaiak egunerokotasunean txertatzea, osasuntsu egoteko. Horrezaz gain, zenbait egoeretan, gaixotasunen prebentzioan edo gaixotasunen sintomen arintzean izan ditzakeen onurak ere ikertzen ari dira.
Inflamazio kronikoan
Daramagun bizimoduaren ondorioz, pertsona batzuk kronikoki inflamaturik daude eta horrek bere ondorioak ditu lagun horien osasunean. Inflamazio mota hau, multifaktoriala da eta sistema immuneari lotuta dago. Zoritxarrez, denboran luzatzen bada, gure ehunetan eragina izan lezake, horrek dakarren ondorioekin.
Azken urte hauetan dieta mota honek hartu duen indarraren arrazoietako bat horixe izan da, gradu txikiko inflamazioan duen eragina, alegia. Elikagai antiinflamatorioek, inflamazioaren ondorioz sortzen diren zenbait sustantzia kaltegarri murrizten eta kanporatzen laguntzen dute, eta ondorioz, horien eragin kaltegarria oztopatzen dute.
Nola elikagaiak, halako eraginak
Honako elikagai hauek eta euren nutrienteak dira, gaur egun, eragin antiinflamatorioa dutenak: omega 3a (arrain urdinetan, intxaurretan eta hazietan), selenioa, C bitamina eta E bitamina bezalako antioxidatzaileak (fruta, barazkiak eta oliba olioa), espeziatako printzipio aktiboak (kurkuma, jengibrea, ezkaia, oreganoa…).
Beti bezala, gogoratu elikagai ultraprozesatuak, azukretan aberatsak direnak edota gehigarriak dituztenak ahalik eta gutxien kontsumitu behar direla, eta tabakoa eta alkohola bezalako toxikoak ere ekidin egin behar direla. Guzti hauek, gure organismoa inflamatzen duten sustantziak sortzen laguntzen dute.
Bizimoduaren garrantzia
Elikadura mota hau ez da epe motzean jarraitu beharreko dieta horietako bat, gure elikaduraren parte izan daiteke, gure osasun ona mantentzeko lagungarri izango delako. Elikadura eskema guztiaren zati bat besterik ez da.
Gogoratu, osasuntsu egoteko kontuan izan behar ditugula aktibitate fisikoa, deskantsu egokia eta estres maila baxua izatea; horiek ere laguntzen dute gure osasun ona bermatzen, eta inflamazio kronikoari, adibidez, aurrea hartzen.