Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Nor izan zen ez dakizuenok, orojakileari, Wikipediari, galdetzen badiozue, emango dizue beraren berri. Urtarrilaren 14an bete dira 12 urte Jose Luis hil zela eta beraren heriotzaren urteurrenaren inguruan, urtero, Donostiako Antigua auzoan, Txillardegi plazan, ekitaldi polit eta xumea egiten diogu. Ezagutu genuenok, urtero beraz gogoratu, eta ezagutu ez zutenei, nor izan zen esateaz gain, transmisio lanaz gain, ekitaldiak beste helburu aldarrikatzaile bat izaten du: oraintxe berean inoren izenik ez duen Donostiako Liburutegi Zentralari Txillardegi izena ezartzea.
Beñat eta Unai Gaztelumendi anaia bertsolariek zortzi bertso dotore eginak dituzte, Donostiako kale-izenei errepasoa emanez. Jakina da, hainbat pertsonaren eta herriren izenak (asko urrutikoak!) ahotan darabiltzagula kaleak, pasealekuak, hotelak… aipatzean. Besteak beste, ondorengoak datoz bertsoetan: Duque de Mandas, Matia, Urbieta, Garibai, Colon eta Isabel II.a Kaleak; Maria Cristina eta Londres Hotelak;
Zumalakarregi eta Madril Etorbideak; Pio Baroja Kiroldegia; Xalbadorrek, Txirritak eta Bilintxek ere badituzte kale-kalezulo-kalexkak; Frantzia Pasealekua; San Martin Merkatua… Zortzitik zazpi bertso «Ta Txillardegik non du, liburutegia?» bukatzen dira eta azkena, zortzigarrena, «Txillardegik behar du, liburutegia!».
Oso egokia, zuzena eta polita izango litzateke, besteak beste, pentsalari, idazle eta hizkuntzalari izan zenaren izena Udal Liburutegiari jartzea. Ea, bada, lehenbailehen halaxe egitea erabakitzen duten. Bitartean, ofizialki ez bada ere, Alderdi Eder Parkean dagoen Udal Liburutegi Nagusiari guk hala deituko diogu: Txillardegi Liburutegia.