Itxaro Mendizabal Amundarain • Ordizia
Aurten Korrika urtea da. AEK erakundeak antolatuta, euskararen alde Euskal Herrian zehar lasterka egiten den ekimen erraldoia. Hori kontuan izanda, ez dut zalantzarik izan gaurko argazki zaharra aukeratzeko garaian.
Oraingoan jarriko dudan erretratua 10. Korrikakoa da, 1997. urtean ateratakoa: lekukoa eskuan gure ama, Juanita Amundarain, garai hartan Jakintza Ikastolako irakaslea, ikus dezakegu.
Gure etxean euskararekin zerikusia duen guztiak garrantzia handia izan du beti eta, nola ez, txoko berezia Korrikak. Korrikaren aurreneko edizioak ez ditut gogoratzen, hasi zen urtean 3 urte bete gabe nituen eta… baina urte bakoitzeko edizioen irudiak ikusita esan dezaket
4. edo 5. Korrikatik aurrera, guztiak oroitzen ditudala. Ikastolan Korrika Txikirako petoak margotzen ikusten dut neure burua, nahiz eta oraintxe bertan ez nagoen seguru neu nintzen margotzen zituena edo azken urteetan alabek margotutakoekin nahasten ari ote naizen… Dena den, hortxe irudikatzen dut, urte horretan tokatzen den edizioko zenbakia duen folioa, tokatzen zaizkion kolorez margotua. Katekorratzak hartu, niki edo jertse gainean lotu eta Korrika Txikian lasterka. Tarteka, eta herritik ordu egokian pasatzen zela tokatuz gero, Korrrika ‘handian’ (ofizialean) ere parte hartzen genuela ere oroitzen dut.
Abestiak
Parte hartzeko aukera izan dudan Korrikako edizioak beti martxo aldean oroitzen baditut ere, aurreneko edizio hori, Oñatitik Bilbora korri egin zena, 1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra egin zela irakurri dut. 2. edizioa maiatzean, 3.a abenduan… badirudi 5. ediziotik aurrera finkatu zituztela ekimena egiteko hilabeteak eta aurten ere horrela izango da, 23. Korrika – Harro, herri, Korrika lelopean – martxoaren 14an Irunen hasi eta 24an amaituko baita Baionan.
Korrikako edizio gehienek abesti bat izan badute ere, nik Korrika gogoratzen dudan guztietan beti berdina datorkit burura…3. ediziokoa (1983), Egan taldearena: «(…) Alferrikan da / Ikastoletan / Hizkuntza bat ikastea / Gero kalean / Gure artean /Inoiz egiten ez bada(…)».
Burura etortzen zaidan lehen abestia hori bada ere, niretzat bereziak izan diren edizioak aukeratu beharko banitu une honetan, lau datozkit burura: 1995ekoa, 1997koa, 2019koa eta azkena, 2022koa. Haietan lehenengoa izan zen 9. Korrika, 1995. urtean Donibane Garazitik Gasteizera egin zena; urte hartan, Korrikako amaiera festara joateko eta azkeneko zatia korri egiteko aukera izan nuen. Gainera, ondoan, garai hartan hainbeste miresten nuen Martxelo Otamendi ondoan nuela egin nituen metro gutxi batzuk! Amak korri egin zuenekoa (1997), benetan berezia izan bazen. 22 urte geroago egindakoa, 20. ediziokoa, emozio handiagoaz oroitzen dut; izan ere, orduan, urte batzuk lehenago amak egin zuen bezala, lekukoa eramateko aukera izan nuen.
Eta nola ahaztu duela bi urtekoa, aurreneko aldiz alabarekin Beasaindik Ordiziarako bidea egin nuenekoa. Agian hemendik 20 urtera (edo lehenago) berak ere, lekukoa eskuan, euskararen alde korrika egiteko zortea izango du.