Jon Eskisabel • Musikazalea
Galdetzen didatenean zerk lotzen nauen euskal musikarekin, hiru mugarri aipatu ohi ditut: 12 urte nituela eskolan euskarazko irakasleak Mikel Laboaren kasetea ekarri eta Lilurarik ez abestiaren letra ikastarazi zigunekoa –kanta barneratzearekin batera mundu bat zabaldu zitzaidan parez pare–, Xabier Montoiak Euskal Herrian punka izatekotan euskaraz behar zuela izan esan zuenekoa –begiak ireki zizkidan Hertzainak-en sortzaileetakoaren ikuspegiak–, eta Negu Gorriak taldeak lehen diskoan «euskalduna naiz eta harro nago» lau haizetara zabaldu zuenekoa –lelo horrekin eta Esan Ozenki diskoetxearen filosofiarekin belaunaldi oso bat ahaldundu ginen–.
Ni baino gazteagoak diren askok ere hala bizi izan dute, Jurgi Ekiza Willis Drummondeko kideak berriki emandako elkarrizketa batean aitortzen zuenez: «Izugarri identifikatu gira euskaltasunarekin musikari esker».
Azken urteetan, tamalez nire ustez, lausotu egin da identifikazio hori, eta egoera soziopolitikoaren aldaketarekin batera sortzaile askok hizkuntzaren dimentsio ideologikoari bizkarra eman diote eta ez dute musika haren biziraupenerako tresna gisa ikusten. Gizartearen errealitate diglosikoaren izenean beste hizkuntzetan ere abesteko ohitura zabaldu da, eta kostako da horri buelta ematea.
Hortaz, agian arrazoia du Gorka Urbizuk Berria egunkarian esan duenean «sortzaile euskaldunak baino gehiago, sortzaile euskaltzaleak» beharko ditugula etorkizunean, zeren eta «arraun egin ezean, badakigu korrontea norantz doan». Eta langintza horretan, Ekiza eta Urbizu bezalako sortzaileekin batera, haur eta gazteei euskararen mundua zabalduko dieten irakasleak eta hizkuntz-hautuari bere dimentsio politikoa itzuliko dioten musikari, diskoetxe, kontzertu antolatzaile eta zaleak beharko ditugu arraunlari.