Iritsi da inauteri garaia. Mozorroak, koloreak, musika, festa… Inauterietako alaitasuna eta ohiturak bueltan dira beste urte batez. Nahiz eta Tolosan, Lantzen, Iturenen, Altsasun, Ipar Euskal Herrian… izan famatuak inauteriak Goierrin ere inauteriak ospatzeko ohitura dago, nahiz eta data ez den bera izaten herri batzuetan. Gainera, inauteri hauetako motorra eta antolatzaile nagusia izaten dira gazteak, haien grinarekin jaia Goierriko herrietara ekarriz. Horren adibide dira Lazkao, Legazpi zein Legorreta.
Lazkaotarren kasuan, Lazkaoko Gazte Asanbladaren eskutik beste urte batez inauteriak ospatu dituzte, joan den asteburuan. Asanbladako kideek aipatu dutenaren arabera, joan den urtearekin alderatuz jende «gutxiago» izan da, baina berdin-berdin giro «aparta» izan dutela. Aitortu dute ez dela agian «datarik onena» izan aurtengoa, ikastolako azterketekin bat egin baitu datak eta ondorioz, herriko gazte batzuk ezin izan dute jaiaz «behar bezala» gozatu. Gaiari dagokionean, euskal kultura izan dute aurtengo mozorrotarako gaia. Hau aukeratzerakoan, «zerrenda luze bat» zeukatela diote eta bertatik aukeratu zutela.
Lazkaotarren eskertza
Behin inauteriak igarota, «eskerrak» eman nahi izan dizkie Elektropikala elektrotxarangari, «bigarren aldiz giro bikaina» jartzeagatik Lazkaon eta baita «gerturatu zirenei» ere. Hau guztia esanik, gazteek «herria astintzen» jarraituko dutela datorren urteetan ziurtatu dute.
Legazpin asteburu honetan
Legazpiarren kasuan, aldiz, asteburu honetan ospatuko dituzte inauteriak, zehazki, bihar. Legazpiko gaztetxekoek «Rave-a» dute mozorrotzeko gai gisa. Teknoaren aroa itzuliko edo iritsiko da Legazpira bihar. Arropa beltzak, betaurrekoak eta salto egiteko gogo ugari. Hala ibiliko dira saltoka Emaion erromeriarekin eta ondoren egongo diren dj-ekin. Gaztetxeko kideek herritarrak «animatu» dituzte haien mozorroak prestatu eta Rave-ra «gerturatzeko».
Legorretan datorren astean
Legorretarrek, berriz, apur bat urrutiago dituzte inauteriak, datorren astean ospatuko baitituzte, otsailaren 16an eta 17an. Ostiralean, futbolin txapelketarekin emango diete hasiera inauteriei Gazte-Piku Gaztetxean. Larunbatean, berriz, txupinazoa izango dute eta eguerdian, berriz, «kuadrillaka» bazkalduko dute, herrian; izan sagardotegian zein herriko tabernetan zein elkarteetan. Beste urte batzuetan «gazte guztiak sagardotegira» joan direla aipatzen dute, baina aurten «ezinezkoa» izan dela eta, beste modu batzuk topatu behar izan dituztela bazkarirako. Arratsaldean, karropoteoa egingo dute eta gauerako «eskaintzaren bat edo beste» prestatuko dute, parrandarako. Giro «herrikoia» aurreikusten dute eta herriko gazteen artean harremanak «sendotzeko» unea ere izango dira inauteriak. «Gogotsu» daude legorretarrak eta inauteriak iristeko «irrikan» daude, «ondo» pasako dutelakoan.
Hau guztia hala izanik, argi dago Goierrin badela inauteri sena eta gogoa. Dirudienez, otsailaren erdia inauterietara bideratu dute eskualdeko gazteek hiru herri hauetan eta hauen antolakuntzan hartutako lanek haien fruitua ematen ikustean «gustura» sentitzen direla aitortu dute.