Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Eusko Legebiltzarrak sexu-hezkuntza integrala euskal hezkuntza sisteman sartzearen inguruko legez besteko proposamena onartu zuen aurreko astean. Proposamena plazaratu eta onartzeko (edo kontrako bozka emateko) hainbat arrazoi eman zituzten ohiko osoko bilkuran alderdietako kideek. Orokorrean, arrazoiak logikoak ziren eta ezinbesteko aurrerapausotzat hartu daiteke; are gehiago beste tokitan, Madrilen esaterako, kontrako joera ikusten ari garenean.
Baina, orain artekoak eginda ere, argi dago heziketa-afektibo sexualaren gaineko gabezia gutxitu beharrean zabaltzen ari dela. Gure jardunaren zati bat interbentzio zuzenean datza eta horretarako gelan bertan sartzen gara, ikasleekin hartu emana daukagu, alegia. Eta hezkidetzaren seme-alabak izan behar luketeenekin harrituta gabiltza azkenaldian. Jarrera homofobikoak, sexu-heziketaren oinarrizko ezagutza falta, berdintasunarekiko joera gogaikarria…
Aldi berean, duela aste batzuk, hezkuntza departamentuak irakasleei zuzendutako pornoaren eraginaren gaineko formazio saio bat antolatu zuen eta honen baitan sexu hezkuntzaren beharraren eztabaida piztu da berriro tertuliatan. Honen harira, honakoak eta honelakoak entzun dira: «Beharrezkoa da; gutxi egiten da; eskolan hartu beharko luke horren gaineko testigantza; lehenagotik hasi beharrean gaude; sexu harremanei dagokionean baimena eta mugak argi geratu behar dira; gorputzak anitzak dira; desioaren eraikuntzan ez dago eredu bakarrik; pornoa ezin da gure haur eta gazteen sexu harremanetarako eskola….». Ados, guzti horretaz hitz egin behar da, etapa goiztiarretan, ahal den neurrian behintzat. Baina ez dakit… ikasgelatako esperientzia kontuan hartuta, nonbait badago oraindik erabat definitzeko gai izan ez naizen eten bat, faltan botatzen dudan hankaren bat. Hari horri tiraka hastekotan, etxean ematen den heziketa afektibo sexualarengan jarriko nuke fokuetako bat. Ez dakit etxean gure seme-alabekin horretaz hitz egiten dugun edo nahikoa hitz egiten dugun. Ikusitakoaren arabera, gaia gutxitan jorratzen dela esango nuke, baina, nork daki.
Eta bigarren fokua diskurtso politikoa, egokitasuna eta errealitatea parekatzeko beharrean jarriko nuke; hots, bata besteak kontuan hartu gabe ez egitean, zuzentasun politikoaren izenean edo. Haur eta gazteen heziketa sexualarekin ez gabiltzalako oso fin, eta agian, kantitatean baino gehiago, legeztatzean baino areago, jatorrian eta kalitatean jarri beharko genukeelako arreta baita ere.