Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Amaitu berri zaigun 2023 urteko Haur eta Gazte literaturaren (HGL) birpasa egitea da kronika honen helburua. Datu bilketa nahiko zehatza egin dut, nire ogibideak hala eskatuta. Honegatik, nire iritzia baino gehiago, kopuruen saltsan murgilduko gara.
Eta hasteko zenbakirik orokorrenak; zenbat liburu argitaratu dira HGLn 2023 urtean? Ia hirurehun (285). Euskal idazleek argitalpen berri guzti hauen laurden bat sinatu dute, 75 liburu, eta gainerako 210ak itzulpenak izan dira.
Eskaintza zabalena 6-12 urte bitarteko haurrek izan dute, 190 liburu. Haur txikienei argitaratutako guztiaren laurdena eskaini zaie, 69 titulu, eta gazte literaturak marjinala izaten jarraitu du, 22 argitalpen berrirekin.
Kopuru orokorrekin amaitzeko, nabarmen dezagun berrargitalpenek beste %10 erantsi diotela merkatuari, gutxienez hogeita hamahiru titulu berrirekin.
Jarraian bi datu esanguratsu: (1) Euskal egileen obretan nabarmena izan da unean uneko interesgune sozialen aldeko apustua: mitologia, historia, baratzaren zaintza, baloreak… Eta, aldiz, urria aisi, entretenimendu eta plazer estetiko hutsaren aldekoa. (2) Ia ez da egon euskal idazlerik haurtxoentzako idazten, euskal egile gehienek 6-12 urte bitarteko haurrei begirako argitalpenak sinatu dituzte.
Amaitzeko, gomendioak. Hauek dira, nire ustez, euskal egileek plazaratu dituzten ezinbesteko liburu batzuk: Maddiren aireplanoa (Denonartean), Lina plastilina (Elkar), Rosa Valverde eta kutxak (Pamiela), Surflaria (Xabiroi), Nondik sortzen da haizea? (Elkar), Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (Erein), Begi bat kokotean (El Embudo). Eta, itzulpenen artean, hau: Egun euritsu eta loretsu batean (Pamiela-Kalandraka).