Igor Susaeta • Kazetaria
Niri, behintzat, barregarria iruditu zitzaidan. Duela hiruzpalau aste gertatu zen. Lagun batek afaltzera gonbidatu gintuen herriko elkarte batera. Larunbat gaua izaki eta Realak jokatzen zuenez, beteta zegoen, haur eta heldu. Bazter batean hizketan aritu ginen, eta mahaian jartzeko agindu zigutenean, han joan nintzen ni, itxi eta ireki egiten den aulki horietako batean esertzera, eserlekuaren egoeraz kezkatu gabe, noski. Baina puskatuta zegoen, eta, ia-ia kamera geldoan izan baldin bazen ere, hankaz gora erori nintzen. Inguruko haurrak lehertu beharrean hasi ziren barrez, baita bi tokitan bizilagun izan dudan morroi bat ere. Kiroltasunez erreakzionatu nuen, presarik gabe altxatuz.
Orduan ez nintzen jabetu, baina handik egun batzuetara konturatu nintzen hura ez zela erorketa soil bat izan. Inork grabatu ez zuenez oraindik meme bat ez naizenez, hankaz gorako horren efimerotasunak narama aldarrikatzera gertatutakoaren poetikotasuna; hau da, nahi gabe, bilatu gabe, ekintza poetiko baten protagonista bihurtu nintzen batzuei oso barregarria iruditu zitzaien erorketa baten bidez.
Ondorio horretara heldu naiz, zorionez ez baitago argi zer den poesia, ezta ekintza poetiko bat ere. Harkaitz Canok berak galdera ikur asko behar izan zituen poesia zer den galderari erantzuterakoan. Aldiz, ekintza poetiko bat zer ez den nahiko garbi daukat; esate baterako, Ikeara eta Decathlonera joatea, nahiz eta aitor dezadan, inoiz ez dakiten noiz, ezleku horiek ere atea ireki diezaieketen ekintza poetikoei.
Halere, lotura handiagoa du, ene kasuan behintzat, edertasunaren bidez hunkitzearekin edo ezerezetik sortutako gag-arekin. Adibide ez-enpiriko bat. Duela pare bat urte Donostian nengoen lagun batekin trago batzuk jotzen, eta ikusi genuen Jose Angel Irigarai poeta nola hurbiltzen zen taberna baten kanpoaldean zegoen pantaila batera Txapeldunen Ligako partida txepel bat ikustera. «Hor dago egia, hor dago bizitza». Beste lagun bati Irigaraik egindakoa kontatu nion, eta segituan erantzun zidan. «Poeta bat da-eta». Erortzean eta altxatzean dago ekintza poetikoa, lagunok.