Jesus Mari Alberdi • Urretxu-Zumarraga
1993ko Aste Santuan jokatu zen urte horretako Itzulia, 33. edizioa, bost etapa izan zituena, eta Urretxuko Santa Barbaran izan zuena azken helmuga, argazkian ikus daitekeen bezala Ipeñarrieta dorretxetik oso gertu.
Txirrindularitza festa handia bizi izan genuen Urretxun eta Zumarragan. Eguraldi ederra lagun, milaka zaletu bildu zituen lasterketak bi herri hauetako kaleetan eta Santa Barbaran, izan ere bosgarren eta azken etapak bi zati izan zituen:
lehena, Zumarragako udaletxe aurrean amaitu zena, eta bigarrena, berriz, erlojupekoa, Irimo mendiaren azpialdean dagoen atsedenleku zoragarrian.
Tony Rominger suitzarraren eta Rolf Sorensen danimarkarraren arteko lehia estua suertatu zen. Tonyk hiru etapa irabazi zituen eta Rolf bitan izan zen garaile, Fede Etxabe euskal ziklistak etapa bat eskuratu zuen bitartean.
Beste euskal ziklista batzuek ere izan zuten protagonismoa; esate baterako, Etxabek bigarren postua lortu zuen mendiko sailkapenean, eta Abraham Olano eta Peio Ruiz Cabestany lehena eta bigarrena izan ziren, hurrenez hurren, tarteko helmugetan.
Horrelako lasterketetan ohikoa ez bada ere, sari banaketa ekitaldiak bi toki ezberdinetan egin ziren; Santa Barbaran jaso zuen Alex Zülle suitzarrak erlojupeko etaparen saria, eta gainerako sailkapen orokorrei zegozkien sariak Zumarragako Euskadi plazan eskuratu zituzten irabazleek.
Ederrenan herri afaria
Emaitzez eta sailkapenez gain, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Itzuliaren amaierako egun horretan, Ostiral Santu egunean, bi herriotako kaleetan eta Ederrena pilotaleku zaharrean bizi izan zen festa itzela.
Egunari bukaera borobila eman nahian, herri afaria egin zuten Ederrena zaharrean, Itzulian parte hartu zuten txirrindulari, zuzendari, antolatzaile, motozale, epaile… eta herritarrak elkartzeko. Herriko hainbat elkarte gastronomikotan prestatu zuten laurehun bat lagunentzako afari ederra.
Egun gogoangarria
Ez dakigu seguru zenbat ziklista geratu ziren afaltzen, baina mendiko saria irabazi zuen Claudio Chiappucci (deabrua) behintzat bai; dirudienez, giro bikaina ikusi zuen italiarrak bi herriotan, eta bere taldeko zuzendariaren baimenarekin hurrengo egunera arte geratu zen hemen.
Hurrengo egunean norbaitek eraman zuen Bilbora hegazkina hartzera, beste konpromisoren bat izango zuen eta.
Egun gogoangarria benetan!