Intxaurrondoen gaitzei eta aleak belzteari buruz orain aste batzuk Goizanen egin zen saioak interes handia piztu du fruitu arbola hori duten herritarren artean.
Badira bi-hiru urte Goierriko baserrietan intxaur ale gehienak belzten eta hondatzen ikusten hasi zirenetik. Azken eragilea Rhagoletis completa eulia izan dela frogatu dute baserritar adituek, eta jakintza hori partekatzeko eta aurrera begira zer urrats egin daitezkeen zehazteko mahai-inguru bat antolatu zuten urtarrilaren 24an Goizane eraikinean, Zaldibian. Gabino Murua, Markos Alustiza eta Josu Osa aritu ziren hizlari lanetan, eta entzule modura Goierriko eta Goierriz kanpoko berrogei herritar inguru. Kopuru esanguratsua, gaiak sortzen duen kezkaren eta interesaren seinale.
Lau atal nagusitan banatu zen saioa. Alde batetik, intxaurrondoen gaitzak aztertu zituzten, Antraknosis eta Bakteriosis izenekoak batez ere. Bestetik, intxaur aleetan Karpokapsa tximeletak eragiten dituen kalteak aztertu zituzten, eta horiei aurre egiteko har daitezkeen neurriei buruz aritu ziren. Hala ere, tarterik handiena Rhagoletis completa euliak intxaur aleen galeran duen eraginari eskaini zioten. Erabil daitezkeen tranpei buruz, intxaurrondoak tratatzeko dauden tresnez eta aukerez, eta erabil daitezkeen produktuez jardun zuten. Laugarren atala intxaurrondoen inausketari eta horien zaintzari buruzkoa izan zen.
Uda hasieran euliari aurre egin
Goimeneko arduradun Manex Aranbururi «poza» eman zion hitzaldian horrenbeste jende ikustea, eta «nekazaritza eusteko nahia» badagoela sumatu zuen baserritarrek azaldutako interesarekin. «Jendea eroso egon zen hitzaldian, eta talde bat ere osatu zen informazioa partekatu eta gaiari jarraipena emateko asmoz». Mahai-ingurura joan ezina adierazi zien jendea egon badagoela ere nabarmendu du Goimenekoak.
Gabino Murua gabiriarra izan zen hizlarietako bat, eta honako ondorio atera zuen hitzaldiaren ondoren. «Jendeak badu kezka, eta uste dut neurri batean lor dezakegula euli horri aurre egitea». Goierriko Hitza-n egun berean kaleratutako Intxaur belztuen arazoa, argitzen erreportajean xehetu zituen Muruak euliari aurre egiteko aukerak. Orain arteko gaitz bakteriologikoen aurka kupre tratamenduak behar diren bezala, euliari aurre egiteko produktu eraginkorrena Spintor cebo dela ikusi dute, Galiziako esperientziatik ikasita. Materia aktibotzat Spinosat-a du, eta frutaren eta olibondoen euliaren aurka erabiltzen da. Proteinadun intsektizida bat da, eta proteina horrek euliaren erakarle bezala funtzionatzen du.
Hainbat aditurekin tratua du gabiriarrak, eta Errioxan esaterako, negu-udaberrian lau-sei tratamendu egin dizkiete intxaurrondoei: «Pentsa, eta han ez daukate guk daukagun hezetasunik». Ekain bukaeran edo uztail hasieran etorriko da atzera eulia, eta hor azti ibili beharko dutela dio: «Tranpeoak egin beharko ditugu feronomen bidez. Zehatz jakin behar dugu euli hau noiz datorkigun, bost-zazpi egun edukiko baititugu aurre egiteko. Behin harrak azal barrura sartzen badira, gauzak konplikatu egiten dira. Aurretik egin behar da lana, baina ezin dugu esan arbolak bota egin behar direnik».
Hitzaldian egon zen jendeak tratamenduez eta kostuez galdetu zuen batez ere. Muruak mezu hauxe eman ohi du: «Hemen kontua da intxaurrondoak aldatu nahi dituenak jarri beharko dituela tratatzeko moduan baldin eta berak ekoitzitako intxaurrak jan nahi baditu. Hori da funtsezkoa».
Probak egiten ikasi
Segurar jatorria duen Markos Alustiza beasaindarrak urteak daramatza intxaurrekin lanean Astigarretan duen baserrian. «Intxaur gazteak dira gehienak, eta egun batetik bestera, denak hasi ziren belzten, eta ezta alerik ere». Interneten bilatutako informazioarekin tranpak jartzen eta probak egiten hasi zen, eta denborarekin «gero eta gehiago» dakiela dio. «Aurten intxaurrak jaten ari gara, etxean behintzat. Ez dira garbi-garbiak, asko belztuta, baina barrutik behintzat jateko moduan».
Alustizak «kezkatuta baina interesatuta» sumatu zuen jendea Zaldibiako hitzaldian. «Irratietan-eta informazio batzuk ematen ari dira ez dugula intxaur gehiagorik ezagutuko, eta mezu hori kentzea behintzat lortu dugu. Euli hau kontrolatu beharko dugu, baina zeozer eginda intxaurra jateko moduan izango gara», nabarmendu du. Inausketei eman die garrantzia, arbolak tratatu ahal izateko batez ere. «Hemen arbola handirako ohitura egonda, eta horiek txikitzea zaila da orain, baina aurrerantzean aldatzen direnei beste formazio bat eman behar zaie, bi-hiru metrora moztu eta gero adarrei kopa forma eman».
Soro oso bat intxaur gazteekin
Joseba Baezek 2019-2020ko neguan Fernor barietateko intxaur frantsez txertatuak aldatu zituen Idiazabalgo Arimasagasti baserriko soro batean. «Zuhaitzak irabazten hasi ahala, euli hau etorri da. Ez dizkigu kaltetu berriak direlako eta oraindik huskeria bat ematen dutelako, baina badakit denbora kontua dela». Hitzaldian entzule bezala egon zen, eta entzundakoarekin poza hartu zuen. «Ez da gaitz bat gaztainarena bezala, arbola ihartu eta kito. Kasu eginez gero soluzioa badu, saiatuko gara eusten».
Whatsapp talde bat, informazioa partekatzeko
Aurrez aurreko informazioa ematea ez ezik, Goizanen egindako mahai-inguruaren beste helburuetako bat gaiarekin kezkatuta daudenen artean Whatsapp talde bat sortzea ere bazen, kanal horren bidez elkarlanean eta modu koordinatuan jardun ahal izateko. Kopuru zehatzetan sartu gabe, jende dezente dago taldean eta dagoeneko hasiak dira informazioa partekatzen. Taldean parte hartzeko interesa dutenek Goimenera dei dezakete (943 16 12 44).
Orain artean gehien mugitu diren intxaur ekoizleek Internet eta Espainiako hainbat herrialdetako adituak izan dituzte informazio iturri, eta bakarka aritu dira. Talde hau sortuta, informazioa partekatzeaz gain, tratamenduak taldean erosteko aukera izango dute, besteak beste, kostuen prezioak merkatuz.