Edurne Huesa Otegi • Landarlan Ingurumen Elkartea
Azkenaldian Renfeko trenak hartzera goazenean, oso ohikoa bihurtzen ari da izenburuko galdera: noiz dator trena? Aldirikoak izan ala distantzia erdikoak izan.
Horren harira, Eguzki ekologista elkarteak iazko azaroan oso egoki salatu zituen Renferen aldiriko zerbitzuen arazoak: trenak bertan behera, atzerapenak, informazio falta ala okerra, makina eta bagoi zaharkituak, geltokiak zerbitzurik gabe, irisgarritasun-arazo larri larriak, trenbide azpiko pasabide falta…
Gaur egun bonuen bidez doan atera daiteke tren bidaia. Horrela trenaren erabilpena sustatu nahi da eta ondorioz, aire kutsadura eta errepideetako trafikoa gutxitzea. Baina alperrik da bidaia doan izatea, kotxea duena kotxez joango baita, baldin eta bere helburura garaiz iristeko inolako ziurtasunik ez badu. Eta trenen atzerapena edo suspentsioak daudenean, beste garraiobiderik ez duten langile, ikasle eta herritarrei bereziki eragiten diete, desberdintasunak areagotuz.
Goierrin Renfe ari da Legazpiko eta Ordiziako tren geltokiak berritzen. Eta beste lan batzuk Beasain, Itsasondo, Ormaiztegi eta Zumarragan ere iragarri ditu. Ordiziaren kasuan, bi aldetako nasak lotzeko trenbide azpiko pasabidearen lanak aurki hastea espero dugu. Baina Itsasondon eta Ormaiztegin irisgarritasuna eta seinaleztapena hobetuko badu ere, ez du aurreikusi trenbide azpiko pasabiderik, beraz, istripu arriskua mantentzen da. Legorretan geltokia herrira hurbiltzeko proiektua idazten ari dira, baina, errealitatea izateko denbora luze beharko da. Eta zer esan, Brinkolako tren geltoki zaharkituari buruz, bada zer hobetu, baina Renferen planetan ez da sartzen nonbait.
Bestalde, badirudi, Espainiako Gobernutik aldiriko tren-zerbitzuen transferentzia iristear dela. Baina ikusita Renfeko tren zerbitzuaren egoera oso kaskarra, transferentziak baliabide dezenteekin etorri beharko luke, zerbitzu moderno, irisgarri eta eraginkorra izateko. Horretarako dirua soberan egongo da Abiadura Handiko Trena bezalako makroproiektua erabat geldituz gero. Bitartean, Espainiako Gobernua milioiak eta milioiak iragartzen ari da Valentziako portua handitzeko eta Madril zein Bartzelonako aireportuak zabaltzeko. Baina helburua ez al zen mugikortasun isurketak gutxitzea?