Lekuen izenak historia bilakaera jakin baten emaitza dira. Sortu, gizarteak garai batean zuen ikusmoldeari lotuta sortu ziren eta, gero, urteen iraganean, aldaketaren bat edo beste izan dute, mamian (batzuetan) edo forman. Horiek horrela, toponimoek lagundu egiten dute gizartea ordu hartan nolakoa zen hobeto ulertzen.
Lehen, konparazio baterako, leku izenak askozaz ere errealista eta zehatzagoak zirela ikusten da; Olazabal ‘olako zabala’ izango zen eta Domingotegi ‘Domingoren jabetza’; zerikusirik ez XX. mendearen bigarren zatian sortutako Gure Ametsa, Kabigoxo eta halakoekin. Toponimia eten gabe berritzen ari da, gainera; nork daki autobusean zoazenean entzundako «hurrengo geralekua: Carrefour» edota «hurrengo geralekua: Ampo» ez ote diren biharko eguneko toponimoen ernamuinak.
Lehenagoko izenak errealistagoak izateak ez du esan nahi orduko jendeen usteak, kezkak, ilusioak edo beldurrak erakusten ez zituztenik. Guretzat ia-ia esplikaezineko sineskeria diren batzuk (gaur egun ipuin itxurako eta festa egiteko gai bihurtuak zenbaitetan) haientzat gauza errealak ziren, bere egunerokoan bizi zituztenak. Eta, hala, leku izenak eratzeko baliatu zituzten.
Jentilbaratza izango da, segurutik, toponimo horien guztien artean ezagunena. Badira jentil osagai beraren gainean eraikitako gehiago ere: Jentiletxe (Aralar, Legazpi); Jentilzuloa (Ataun-Idiazabal); Jentilarri (Aralar)… Horiekin batera, baita osagai generiko bitxiagoak erabilita osatutakoak ere: Jentil labea (Zaldibia); Jentilen sukaldea (Zerain); Jentilen bolalekua (Legazpi). Gehienak megalitoen izenak dira.
Kristautasun aurrera, izenekin
Eta nor ziren jentilak? Sepultura haiek egin zituzten jendeak, inondik ere. Barandiaranengana joz berriro, Jesukristoren fedea iritsi zenean bizi ziren jendeak ziren jentilak; hari uko egin eta jentiletxeetan ezkutatu ziren. Ataungo Aiako eta Urdiaingo bizilagunek, horratik, ba omen dute oraindik ere –hala esaten da behintzat– jentil fama.
Sorginen mundua ere jende normalaz kanpokoa zen. Izan ziren bere portaera bereziagatik sorgintzat jotako emakumezkoak, baina, Barandiaranen hitzetan, sorgin izena, jatorriz, leize zuloetan bizi eta, gauean, berealdiko kalte eta gaiztakeriak egitera irteten ziren jeinuak ziren, Mari jainkosaren segiziokoak. Berak jasotako kondairetan esaten da sorginek egin zituztela Euskal Herriko lehen zubiak.
Hona sorgin osagaia agerian duten toponimo batzuk: Sorginerreka (Beasain, Idiazabal, Legorreta,); Sorginpotzu (Urtsuaran); Sorginzulo (Ataun, Beasain, Urretxu, Zumarraga); Sorginpelota (Ataun).
Jentilak, sorginak eta beste era askotako jainkotxoak ageri dira toponimian; leku izenetan behintzat iraun egin dute. Eta, Barandiaranek idatzia egia bada, izaki haiek non bizi diren ikustera joan behar, zeren eta «izena dôn guztie emen da» utzi zuen esana.