Filosofia ikasi ondoren, Bartzelonara joan zen Ainara Ormaetxea Harto (Ordizia, 1977) migrazioen inguruko ikasketak egitera. Bailarara itzuli zenetik, elkarbizitzan eta aniztasunaren kudeaketan aritu da lanean, lehenengo Goieki garapen agentzian, eta Ordiziako udal sarean gero. Bertan dabil herriko aniztasuna eguneroko jardueretan txertatzeko bideak lantzen, eta herritarren arteko zubiak eraikitzen. Ikasketez, familiaz, lanaz eta aniztasunaren inguruko Ordiziako errealitateaz aritu da hizketan.
Filosofia ikasi zenuen.
EHUn, Donostian, Filosofian lizentziatu nintzen, eta Bartzelonan migrazioaren inguruko graduatu ondokoa egin nuen. Filosofia ikasi nuen bizitza nola kokatu asmatzeko, hausnarketa horren bueltan; gauzen zergatia, hortik abiatuta. Adin horietan gauza askotaz hitz egiten duzu lagunen artean, eta kuriositate horiek sortzen zaizkizu.
Zergatik aukeratu zenuen migrazioaren inguruko ikasketak egitea?
Gero eduki dut parte sozialago bat, eta hausnarketa horietatik migrazio eta aniztasunen inguruko interesa etorri zitzaidan. Nire amaren partetik, Extremaduratik garai horretan immigratutako familia bat zen, eta hortik ere etorri zitzaidan jakinmina, zuk zure tokia utzi behar izateak, beste kultura eta hizkuntza bat aurkitzea, beste klima eta paisaia bat, beste giro bat, bizitzako prozesu horrek arreta deitzen zidan.
Nondik etorri ziren?
Arroyo De La Luz-etik. Aldi berean ez naiz oso errotuta egon Arroyo De La Luz-era, tarteka joaten ziren eta hemen ez zeuden odolki eta txorizoak ekartzen zituzten, amonak noizbehinka prestatzen zituen hango erara garbantzuak… baina ez geneukan herrira goaz esateko hori. Oso familiarrak izan dira, baina denak egon dira sakabanatuta, Belgikan eta Espainiar estatuko leku ezberdinetan.
Migrazio prozesuak berdinak ziren garai hartan?
Migrazio prozesuak berdinak ziren hein handi batean. Lehenengo nire aitona etorri zen, Aristrainen lana aurkitu zuen. Gero amonaren bila joan zen, bi umerekin etorri ziren eta Ataunen baserri batean egon ziren. Nola elkarbanatzen zituzten etxea, logelak, gaur egun egiten den bezala. Garai hartan gaur egungo migrazioa ez zegoen apenas, espainiar estatukoak ziren eta migrazio internazionala oso gutxi.
Lan bila etorri ziren?
Aitonaren partetik anaia-arreba batzuk etorri ziren Hernanira, denak lan bila mugitu ziren. Aitonaren partetik lurrak omen zeuzkaten, han lantzen zituzten, baina birraitonak zalditik erorita istripu bat izan omen zuen eta aitona zaharrena izanik, nekazaritza utzi eta trenbideak egitera joan behar izan zuen lanera handik gertu. Baliabideak zituen familia bat zen, baina industriara mugitu ziren Euskal Herrira lanera.
Zu Goiekin hasi zinen lanean Bartzelonatik bueltatuta.
2007an hasi nintzen. Goierrin gaur egungo migrazioa hasi zen garai horretan, bereziki errumaniarrak ziren lehenengo etorri zirenak, beste jatorri batzuetatik ere bai, eta behar zuten gai horretan bailara mailan lan egingo zuen langile bat. Egun, Izan enpresaren bidez Ordiziako aniztasunaren kudeaketan eta elkarbizitzan lanean ari naiz.
Ordiziak Euskal Herriko migrazio tasa altuenetarikoa du. Nola aldatu da egoera lanean hasi zinenetik?
Kuantitatiboki, Ordiziak beti eduki ditu proportzio nahiko altuak, baina azken urteetan bereziki. Jatorri perfilen baitan aldatu da, %40a errumaniar jatorridunak dira, gero marokoarrak, nigeriarrak, Pakistan… Ertamerika eta Hego Amerikakoak, bereziki emakumeak dira. Honduras, Nikaragua, Bolivia, Ekuador… lurralde guzti horietako emakume taldeak talde potente bat egiten du, eta azkenean erantzuten dio zaintza zerbitzuari, gure gizarteak behar duen lan eremu bati. Eta kualitatiboki hasi nintzenetik, gauza nagusia da pertsona gehiago herritarrekin harremantzen direla edo jendeak kontzientzia hartu duela, herri anitz bat daukagula.
Kohesioa lortzen dela uste duzu?
Pixkanaka. Harreman zuzenak eta hartu-emanak modu naturalean ematen diren heinean bai, bestela ez. Bestela, koexistitu egiten dugu, baina ez elkarbizi. Adibidez, zure seme-alaben laguna ez dakit zer jatorritako seme-alaba bada, hartu-eman bat sortzen da, harreman natural bat, baina zu, guraso bezala, haren familiarekin harremana egitea lortzen ez baduzu, hor eten bat ematen da eta haurren hazte prozesu horretan ibilbide paraleloak emateko aukerak handitzen dira. Ondorioz, herrian bizitza paraleloak areagotu egingo dira. Atomizazio horrek ere herri ikuspegiaren eraikuntza zailtzen du, Jon Maiak dioen bezala, Euskal Herria B-ak bikoiztuko lirateke. Nire ustez, euskarak eta Euskal Herriak nortasun anizkoitz horiek bereganatu behar ditu eta hortik eman eta eraiki. Beraz, hein handi batean, elkarbizitza herritar guztien esku dagoela esango nuke.
Zer behar da horretarako?
Gauza batzuk ondo egiten ari gara eta beste batzuetan erreparatu egin beharra daukagu egiten ari garen horretan. Elkar ezagutzarako eta hartu-emanetarako espazio gehiago behar ditugu. Gauza bat da espazio bat elkarbanatzea eta beste gauza bat da hartu-eman horiek ematea. Hartu-eman horiek ez baldin badaude, probokatu egin behar dira. Hautsi beharra dauzkagu aurreiritziak, mugak, beldurrak ezezagutzari, gurea mantentzeari, gurea galtzeari, euskal jatorriaren begiradatik diot.
Beste aldetik ere berdina pasatzen da, arrotza egiten zaie, agian harrera egitea soilik ez da nahikoa, hizkuntza, espazioa, klima, ingurua ez da ezaguna… Zubi horiek eraiki behar ditugu. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak izan daitezke asko, orduan hainbat ikuspegi daude… nik uste asko dugula hobetzeko, baina geroz eta aukera gehiago ematen ari dira hartu-eman horietarako.
Hezkuntza arloan lanketa handiagoa behar da?
Lehen aipatutako garaien aldaketen harira, duela hamarkada bat erakundeetatik ez bazen ezer antolatzen, ez zuen inork ezer egiten. Egun, herritar gehiago, eragile gehiago, erakunde gehiago aniztasunean eta elkarbizitzan ari dira lanean. Hezkuntzatik, ikastetxeak elkarbizitza sustatzeko, pedagogia on bat bultzatzeko, sozializatzeko lanketa handia egiten ari dira, baina ez profesional horien eskumenetik bakarrik, Eusko Jaurlaritza edo goragoko ente horiek baliabide gehiago jarri behar dituzte, adibidez, ikastetxeek aniztasuna eta egungo ikasle eta familiek dituzten beharrei erantzuteko. Gauza askotan aurrera goaz, baina asko dago egiteko.
Eskolaz kanpoko edo bestelako ekimenak, errealitatearen isla dira?
Hemen jaiotakoen familien seme-alabak baino askoz ere gutxiago ibiltzen dira estraeskolarretan jatorria beste lurralde batean dutenen seme-alabak. Arlo hori gehiago esploratzeko dago. Baina ezin dugu ikastetxe barruan dauzkagun ardurak horra eraman. Egon daitezkeen desorekak jatorriaren baitan, hori da konpondu behar duguna, oinarria, ikastetxe barruko orekak, bestela, besteak beste, zaildu egiten dira lehen aipatutako familien arteko hartu-emanak. Estraeskolarretarako ere behar dugu guraso horiek eskutik helduta eramatea.
Beste esparru edo ekimenetan, ez festetan edo kultur edo kirol jardueretan ez da islatzen herrietan daukagun aniztasuna. Aitzitik, bizitzarako funtsezkoak diren beharrak asetzen dituzten esparruetan, aniztasunaren isla hori ematen da, anbulatorioetan, Ongizate Sailetan edo ikastetxeetan.
Munduko Arrozak, pintxopote internazionalista… zergatik da garrantzitsua horrelakoak antolatzea?
Bilatu behar ditugu espazioak herritar berriei ahotsa emateko. Munduko Arrozetan, adibidez, Ordizian, jatorri askotariko 450 herritar elkartzea lortu genuen eta hori bada herri honen isla. Ekimen oso parte hartzailea da, herritarrek haiek izatea hori antolatzen dutena, hori da garrantzitsua. Sukaldatu, antolaketarako bilerak egin, iritzia eman, proposamenak egin… horietan ez da begiratzen non jaio den zure familia, egiten ari zarena da garrantzitsuena, ekintza hori aurrera eramateko ahalik eta proposamen onena ematea, alegia. Bat-batean mahai berean elkartzen direla jatorri, adin, sexu eta kultura ezberdinetako pertsonak. Ekintza horiek horretarako balio dute.
Igeriketa saioak ere egin dituzue eta arrakasta izan du ekimenak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakumeok Mugimenduan kanpainaren barruan proposatu zuen. Gehienek ez zekiten igeri egiten, eta urarekiko beldurra gainditu behar izan dute. Oso gustura daude. Ekainera arte izango da, eta gero asmoa da kirol teknikariarekin elkarlanean jarraipena ematea.
Burkinia ere naturaltasunez txertatu da igerilekuan.
Beste bi burkini lortu berri ditugu. Normalizaziorako beste urrats bat da. Dendetako erakusleihoetan oraindik ez dago, baina nire esperantza da hasten badira eta normalizatzen bada, erakusleihoetan jartzea, normalizatzeko beste egoera bat izango litzateke. Emakume horiek erreferenteak dira atzetik datozen gaztetxo horientzat, agian ez direnak ausartzen baina bidea irekita igual animatuko direnak. Horrelako puntuak bilatzea da garrantzitsua.
Arlo ezberdinetan egiten duzue lan.
Ordizian harrera begirada integral eta komunitario batetik landu nahi da. Izan ere, iristen zarenean, etxebizitza edo lana lortuta ez dago dena eginda, sozializazioa, autonomiaz mugitzea, harremanak sortzea… falta da. Udal harrera sare bat eratzeak aukera ematen du herriko eragile eta erakundeak, bakoitzak bere arlotik, ikuspegi multidiziplinar batetik begiratzea iritsi berriari edo jada denbora daramanari. Ibilbidearen helburua da egoera zaurgarrian egon daitekeen herritar bati, sarearen bidez, aukera ematea eta sinestaraztea herrian ahotsa eduki dezakeela, bai guraso elkarte batean parte hartzeko, bai herrian zerbait proposatzeko, baita herriko alkatesa izateko.
Zer erronka ikusten dituzu?
Batetik, nola txertatu aniztasuna gure eguneroko jardueretan. Bestetik, ni kezkatzen nauena da jatorria beste lurralde batean duten familien seme-alabak, bertan jaiotakoak izanda ere, ez ditugula bertakoak bezala hartzen askotan itxuragatik. Zer ondo hitz egiten duzun euskaraz edo nongoa zara? galderek min handia ematen dute, euskal herritarrak ez direla esaten zaielako, inkontzienteki bada ere, eta nerabezarora iristean nortasuna zalantzan jarriko dute. Ez bertakoa ez gurasoen herrialdekoa. Horrek asko kezkatzen nau. Zenbat azpikategori sortu behar ditugu? Lehen esandakoaren haritik, nortasun anitzeko gizartea gara eta jakin behar dugu hori, adibidez, euskarara eta euskal nortasunera ekartzen, eta agian, euskara indartzeko, lehengo eskema batzuek ez digute balio. Herritarrek gaia bere egitea nahi nuke, Ordizia paralelo asko baitaude.
Birramonaren jaioterrian
Extremadurako Caceres probintzian dagoen Arroyo de La Luz herrian jaio zen Ainara Ormaetxearen ama. Bertako zein inguruko beste hainbat goierritar bezala, hiru urterekin etorri ziren Goierrira haren aitona-amonak bertan lan egin eta bizitza sortzeko asmoz. Euskal Herrian jaio ziren gero bere osabak. Hala, ezagutu zuen lehendabiziko migrazio prozesua gertu izan zuen, bere aitona-amonena eta amarena izan zelako, senideen ahotan. Horrek ere sortu zion aniztasunean eta elkarbizitzan sakontzeko harra. Umetan noizbehinka joaten ziren aitona-amonaren herrira, baina ez du lotura handirik eduki harekiko. Gastronomiari lotuta ditu oroitzapen gehienak Extremadurarekiko, amonak prestatzen zituen errezeten bidez. Jaioterriari dagokionez gaur egungo eta garai hartako migratzaileen profilak aldatu diren arren, Ormaetxeak dio berak lanean ikusten dituen migrazio prozesuek antzekotasun handia dutela bere aitona-amonek egin behar izan zutenarekin. 2022an egon zen azken aldiz Arroyo De La Luz-en, bere alabekin. Argazkian Ainara bera, bere hiru alabak eta bere amonaren anaia agertzen dira, bertako mahasti batean. Argazki «esanguratsua» da Ormaetxearentzat, ondorengo belaunaldiak aurrekoen sorterria ezagutzeko aukera izan zuelako. «Haien familiaren parte bat nondik datorren ezagutzea oso garrantzitsua iruditzen zait, nik behintzat balioa ematen diot».