German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Nerabe askori gertatzen zaie ez dakitela zer ikasi nahi duten datozen urteetan, gehiengoari txikitatik esan diote zein izan behar den jarraitu beharreko bidea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean batxilergoa egin (zientifikoa bada, orokorrean, hobe) eta, ondoren, unibertsitatera joatea. Aukera bat da, baina ez bakarra, eta kasu askotan bakarra bailitzan aurkezten da. Badirudi 15-16 urterekin heldua zarenean zer egin/izan nahi duzun ez badakizu zure bizitza pikutara bidaltzen ari zarela, zer esanik ez kurtso bat errepikatzen baduzu.
Urteak aurrera joan eta konturatzen zara hezkuntzan zirrikitu ugari daudela eta ez dagoela bide bakar bat, leku berera iristeko modu ezberdinak daudela, alegia, eta helmugak ere anitzak direla, mundu guztiak ez ditu helburu berdinak edukiko eta ez du helmuga berera heldu nahiko. Futboleko kirol teknikari titulua atera nuenean ohartu nintzen lehen aldiz hezkuntza arloan nik uste baino bide gehiago zeudela, 20 urte nituen une hartan. Ordura arte ez nekien kirol (edo saskibaloi, eski, eskubaloi…) teknikariaren lehen bi mailak gainditzean erdi-mailako titulua ematen zizutenik, ezta 3.maila gainditzean goi-mailakoa lortzen zenuenik ere, eta, ondoren unibertsitateko sarrera proba egin eta jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako graduan sartzeko aukera zegoenik, adibidez. Seguru nago ez nintzela pertsona bakarra hori ez zekiena. Nik psikologiako gradua egin nuen eta horretarako batxilerra burutu nuen, pertsonalki ez naiz damutzen hartutako bideaz, uste dut niretzat bide egokiena egin nuen hura izan zela. Baina ni baino zabalagoa da mundua eta denak ez dira bide batean kabitzen, ez dute zertan, behintzat.
Derrigorrezko nahiz derrigorrezkoa ez den bigarren hezkuntzan eta lanbide heziketan uste dut funtsezkoa dela gazteei irteera akademiko nahiz profesionalen inguruko benetako informazioa ematea, gazte (eta ez hain gazte) asko daude euren buruan sinesteari utzi diotenak hezkuntza sistemak egunez egun sartzen dizkien mamuengatik. Gerta daiteke gazte batek ikasketekin jarraitu nahi ez izatea, bat-batean erdi-maila batean sartu eta gustua hartzea ikasten ari denari, eta gero goi-maila egin nahi izatea, eta, agian, unibertsitatera joaten bukatzea. Zergatik ez? Edo erdi-maila bat egin eta unibertsitate gradu bat egin duena baino zoriontsuago egotea bere ikasketekin. Edo alderantziz.
Norbere pausuetara ongien egokitzen den bidea aukeratzean dago gakoa, baina horretarako informazioa beharrezkoa da.