Iratxe Aldasoro (Beasain, 2002) kempoan gerriko beltza da –otsailaren hasieran lortu zuen bigarren dan maila–. Txiki-txikitatik ari da kempoan trebatzen eta oso gustuko du kirol hau.
Nola hasi zinen kempoan eta zergatik?
Txikitatik ibili izan naiz kempoan. Egia esan, nire anaiaren pausoak jarraitzearren joan nintzen. Beñat ni baino bi urte zaharragoa da eta berak ireki zidan bidea kempoan. Ikustera joaten nintzen bera hasi zenean eta ikasteko gogoa sortu zidan horrek. Hala, adinez posible izan nuenean zalantzarik egin gabe eman nuen izena.
Gerrikoz gerriko iritsi zara egungo mailara.
Egia esan gerrikoena haurra zarenean ez da mailaren erakusgarri handia, izan ere, motibazio bezala erabiltzen da gehienbat. Txuriarekin hasten zara eta ondoren, motibazio hori mantentzeko helburu gisa jartzen dira, baina maila aldetik ez dago desberdintasun handirik. Ondoren, behin gerriko marroira iritsitakoan, jada beste kontu bat da. Hortik aurrerakoa ez da horren erraza, izan ere, ordu gehiago sartu behar dituzu eta azken finean, denbora eskaini beharra diozu gerriko beltza eskuratzeko. Gainera, gerriko beltzaren barruan kategoria desberdinak daude. Nik orain bigarrena daukat eta hori eskuratzera bidean teknikak eta oinarriak izanik daukazun hori perfekzionatzen joaten zara, gauza berrietan sartu aurretik. Gainera, kempoan aritzen garenok komunitate bat gara eta gerriko beltza izateak besteei lagundu behar diezula ere esan nahi du, modu batera edo bestera, irakatsi egin dizute eta irakastea egokitzen zaizu hau eskuratzean, komunitate horri ekarpen bat egitea.
Nola sentiarazten zaitu kempoak?
Kempoak pertsonalki bete egiten nauela argi daukat. Asko gustatzen zait. Bertan erresistentzia, indarra, malgutasuna eta abar lantzen ditut, baina nire burua ezagutzen lagundu didala da gehien gustatzen zaidana. Horrez gain, nire muga fisikoak ezartzen ere lagundu dit eta kempotik asko baloratzen dudan zerbait bertako komunitatea da, eroso sentiarazten bainaute. Azken finean, kempoa ez da sakrifizio bat niretzat, gustura egiten dudan zerbait da eta nekatu arren, berdin zait orduak eskaini behar izatea, ondo sentitzen naiz.
Aurrera begira baduzu helburu zehatzik?
Ez dut gehiegi pentsatu egia esan. Orain kanpoan nago eta nire kabuz entrenatzen ari naiz, beraz, gaur-gaurkoz nire helburu bakarra egindakoa errepasatuz eta ahal dudan heinean zuzenketak eginez ikasitako hori mantentzea eta hobetzea da. Aurrera begira, aukera izango banu asko gustatuko litzaidake hirugarren gerriko beltza eskuratzea, baina hori ikusteko dago oraindik. Ondo pasatzen jarraitu nahi dut eta egiten dudanaz disfrutatzen.