Erleek beti izan dute harreman estua baserriarekin, eta duela hamarkada batzuk ia guztietan zituzten erlategiak. Eurek ekoizten dituzten produktuen artean, tradizionalki bi izan dira nagusi euskal baserrietan: eztia eta argizaria.
Eztia, mota, kolore eta zapore askotarikoa, beti izan da oso preziatua, eta iraganean, ezaugarri sendagarriak eta medizinalak ere egotzi zitzaizkion. Kontuan izan beharrekoa da azukrea XVII. mendeaz geroztik iritsi zela euskal baserrietara, eta ordura arte, eztia zela eskuragarri zuten gozagarri nagusia.
Eztiaz gain, argizaria ere baliagarria izan da, batez ere kriseiluak eta kandelak gaueko argiztapenerako modu bakarra ziren garai haietan. Ukenduak eta xaboiak egiteko, altzairuak eta lurrak ezkoztatzeko eta egurrak eta larruak inpermeabilizatzeko ere erabiltzen zen argizaria.
Gainera, hileta-errituekin erlazionaturiko pieza baten sorkuntzarako ezinbestekoa da argizaria: argizaiola. Orokorrean, XX. mendeko lehen hamarkadetara arte mantendu zen hileta-tradizio esanguratsuenetako bat etxekoren bat hildakoan berehala erleei komunikatzearena izan zen. Defuntuaren heriotzaren berri ematearen arduraduna erlauntzetara hurbildu eta honakoa esaten zien: erletxoak, erletxoak, egizue argizaria; nagusia hil da, ta behar da elizan argia.
Adinez nagusienak direnetako batzuek oraindik ere gogoan izango dituzte honako praktikak, baina zoritxarrez ia desagertu egin dira guztiak. Igartubeiti Baserri Museotik erlezaintza tradizionala eta bere legatua indarrean jartzeko aldarria luzatzen dugu, eta interesa duen orori museora gerturatzeko gonbidapena luzatzen diogu.