Urtearen hondarrean, ondare historiko bat berreskuratu zuten Legorretan, 1936ko gerraren aurreko ikurrina. Publikotasuna eman zioten, Ezkiaga Lasa familiaren dohaintzari harrera ofiziala egin, eta udaletxeko batzar areto nagusian «ohorezko lekuan» kokatu ondoren.
Feliciano Ezkiaga Lasak eman zion Legorretako herriari ia 90 urtean etxean gorde eta mantendu duten ikurrina. Irrintzi Alai jatorrizko dantza taldearena zen. Talde hura Legorretako Batzokian sortu zuten, eta 1932ko Azentzio egunean –maiatzaren 5ean egokitu zen– egin zuen plazan lehenengo saioa. Hurrengo urtean, 1933ko Azentzio bigarrenean, Guadalupeko baselizan meza eta ikurrina berriaren bedeinkapena izan ziren. Ikurrina erosteko eta josteko EAJren afiliatuei eta jarraitzaileei dirua eskatu zieten.
Ohearen jergoiaren barruan
1936ko udan hasi zen ikurrinarentzat klandestinitate aroa. Frankisten estatu kolpeari eta altxamendu militarrari erantzuteko, abertzaleek Azpeitiko Loiolara deitu zuten gudaritzara. Hara joan zen Feliciano Lasaren aita ere. Joan bezperan, Legorretako Batzokitik hartu zuen ikurrina, baita berea zuen Zabalkundea liburu sorta bat ere, eta etxera eraman zituen, zetorkeena aurreikusiz.
Ama alargunari salaketa bat iritsi zitzaion, handik egun batzuetara: pistolaz betetako kaxa bat zeukala etxean. Miaketara joan zitzaizkion soldadu frankistak, baina ez zuten ezer aurkitu; ezta jergoi baten barruan gordeta zegoen ikurrina ere. Arotza zen Felicianoren aita zena, eta ohearen egitura desmuntatu, eta gordeleku aproposa egin zion.
Esnal anaien arotzeria-tailerrean ere eduki zuten ikurrina hori gordeta, pare bat hilabetean, makina zepilladora astun baten azpian ezkutatuta. Gainontzean, Ezkiaga Lasa sendiaren etxean.
Aberri Egunean ikusten zuten
Ohe-jergoiaren gordelekutik atera eta sartu egin zitekeen ikurrina. Urtean behin, Aberri Egunean, ohearen gainera ateratzen zuen, eta Felicianok eta haren anaiak –Patxi Ezkiaga poeta zena– ikus zezaten ziurtatzen zen aita, «hazia ereiteko». Errepresio frankista betean zen ordurako Hego Euskal Herria, eta ikurrina bat ikuste hutsa ere ezohikoa –eta zigorrez jazarria– zen.
Patxi Ezkiagak ikasketengatik Paristik pasatu behar zuen batean, erbesteko Jaurlaritzaren egoitza ikustera joateko ere eskatu zion, Marceau hiribidera. Frantziako Gobernuak 1951ean desjabetu zuen, eta Espainiako Gobernu frankistaren esku utzi zuen.
Gordean ia 60 urte eduki ondoren, Beasaingo Batzoki zaharreko balkoi handian jarri zuen Feliciano Ezkiagak Legorretako ikurrina historikoa, ikurrak ehun urte bete zituenean (1994). Orain, Legorretako udaletxean dago.