Joxe Begiristain • Irakurzalea
Pako Aristik nobelak eta literatura-genero jakineko liburuez haratagokoak idazteaz gain, kazetaria ere baden heinean iritzi-artikulu eta bestelako hamaika testu ditu argitaratuak. Irunberri, 1990: Arroilaren negarra da bere azken liburua, iazkoa.
1990. urtean, Irunberriko Arroilan guardia zibil bat eta ETAko hiru lagunetatik bi hilda eta hauetako hirugarrena larri zaurituta, agertu ziren. Guardia zibilaren hilketagatik, bizirik atera zen ETAkideak bete zuen kondena. Hildako bi ETAkoak euren buruaz beste egin zutela izan zen bertsio ofiziala: «Entzutegi Nazionalak, suizidioaren frogarik ez zegoela ebatzi ostean, ez zuen heriotza haiek ikertzeko biderik ireki» dio, ordea, idazleak liburuan. Eta bestelako ondorioak atera ditu, berak eta lantaldekoek egindako ikerketaren baitan: sumarioa aztertuz, lekukoak elkarrizketatuz…
Liburua ez da baina, testu juridiko irakurgaitz bat edo datu aspergarrizko txostena. Zerbait baldin bada, egiaren bila idazleak kontaezineko ordu piloaz urteetako lan nekezean (bistan da!) aritu eta egin daitekeen modurik miresgarrienean idatziz, gertaera latz baten kontaketa da.
Nobela irakurterraza eta une oroko arreta sorrarazten duena da. Aldi berean, benetan gertatuan oinarritutako kronika dela buruan izateak deserosotasuna eragingo badigu ere. Ezinbesteko liburua, Euskal Herriaz kezkarik txikiena behinik baduenarentzat. Eta berealdiko plazera, literatura irakurzaleontzat: literatura denbora-pasa baino zerbait gehiago zaigunontzat, Pako Aristiren liburu hau ordainezinezko altxorra da.
«Orain zuri dagokizu, irakurle, epai batera iristea», egiten digu gonbita hitzez hitz idazleak. Errealitatea fikzioaren gainetik beste behin ere.