Errumanian jaioa, duela 17 urte iritsi zen Zegamara Catalin Filip. Taxi gidaria da lanbidez, eta bezeroekin ahal duen guztietan hitz egiten du euskaraz. Hizkuntza horrekiko jarrera herri batean integratzeko garrantzitsua dela dio.
Furgonetan sartu orduko, euskaraz egiten die agurra bezero guztiei Catalin Filip taxi gidariak, eta gero, ahal duen guztietan, euskaraz jarraitzen ditu elkarrizketak. Errumaniarra da jatorriz, eta 17 urte daramatza Euskal Herrian, Zegaman. Euskara «altxor bat» dela dio.
Catalin Filip 1980an jaio zen Errumaniako Brasov hirian. Autoen txapa eta pintura ikasketak egin eta gero, automobilgintzan ibili zen lanean hainbat lantegitan. «Baina hango lan baldintzak ez ziren oso onak», eta horregatik hasi ziren «kanpora begira». Itsas bidaietako ontzi batean enplegatu zen, eta hiru urte egin zituen mantentze lanetan. «Baina etxetik kanpo urtean zortzi hilabete igarota itzultzen nintzenean, semeak ez ninduen ia ezagutzen, eta bihotza urratu egiten zitzaidan».
Garai hartan Adrian bere anaia Zegamara etorri zen lanera. «Errumanian ere badugu Lanbideren antzeko agentzia bat, eta haren bitartez aurkitu zuen lana». Handik gutxira hura bisitatzera etorri ziren Catalin eta emaztea, baina «paper guztiak eginda» ekarri zituzten, «lana aurkitzen hasteko prestatuta». Bi astetara, Itsasgama enpresan hasi zen. «Itsasontzian baino gutxiago irabazten nuen, baina familia osoa elkartuta geunden behintzat, eta hura oso garrantzitsua zen niretzat».
2007tik Zegaman
2007ko martxoaren amaieran iritsi ziren Zegamara Catalin, emaztea eta orduan 5 urte zituen semea. Hemen alaba bat izan zuten gero. «Zegaman oso harrera ona izan genuen, eta udaletxean tramiteak egitean, adibidez, laguntasun handia jaso genuen». Berehala integratu ziren, baina horretarako, herriko biztanleen jarrerarekin batera, norberak duen jarrera ere oso inportantea dela dio, «ireki egin behar zara, eta bertakoek zu langilea eta adeitsua izatea asko estimatzen dute, baita hemengo hizkuntzan bi hitz esatea ere».
Galdaragile gisa lan egiten zuen Itsasgaman, baina hiru urtera aldaka apurtu zuen istripu batean. «Haren ondoren oso garai txarra bizi nuen. Baja kobratzen nuen, baina psikologikoki ez nengoen ondo, eta diru aldetik justu. Gainera, aldaka ez zitzaidan ondo geratu eta mina nuen. Azkenean, protesia jarri zidaten, eta berriz ere hegan egiteko prest nengoen».
Autobusak gidatzeko baimena ateratzen hasi zen gero, eta karneta 2015eko azaroan lortu zuen, protesia jarri eta bederatzi hilabetera. «Baina hemen inork ez dizu horretan lanik ematen ez baduzu esperientziarik». Garai hartan Zegamako abesbatzan kantatzen hasita zegoen, eta hango kideek aholkatuta, Urretxuko Gurutze Gorrian hasi zen boluntario lanetan, anbulantziak gidatzen, «esperientzia pixka bat hartzeko».
Lan bila jarraitu zuen bitartean, eta asko saiatu zela dio, baina inguruan ez zuen lortu, eta berriz ere atzerrira jo zuen. Orduan, Islandian lortu zuen autobus gidari lana. «Hara joateko dirurik ere ez nuen, eta lagun bati mailegua eskatu nion joateko bidaia ordaintzeko». Han zegoela Goierrialdea enpresatik deitu zioten, eta hona itzuli zen, Islandian guztira sei hilabete egin eta gero. Hasieran asteburuetan bakarrik lan egiten zuen, eta pixkanaka ordu gehiago sartu eta lan jardun osoa egiten bukatu zuen. «Denetik egiten nuen, urbanoan, gero garraio diskrezionalak…».
Orain taxi gidaria da. Ordizian taxi plaza bat hartzeko aukera sortu zitzaion, eta 2020an hasi zen lanbide horretan, egokitutako furgoneta batekin. «Lizentzia halakoa zen. Furgonetak zortzi jarleku ditu, eta premia bereziak dituztenak eramateko prestatuta dago». Gustura dago, «esperientzia zoragarria da, jende asko ari naiz ezagutzen, eta bezeroen aldetik esker hitz ugari jasotzen ditut».
Catalinek Zegaman bizitzen jarraitzen du. Herria asko gustatzen zaiola dio, eta seme-alabak bertakoak direla. Emazteak ere lan egiten du, Segurako egoitzan. Alde horretatik, lasai bizi dira orain, «zortedun izan gara».
Zegamar sentitzen den errumaniarra
Zegamara iristerako, Catalinek bazekien gaztelera, eta DBH titulua ateratzera Beasaingo helduen eskolara joan zenean hasi zen euskara ikasten. «Gustatzen zitzaidan, baina irakaslea aldatu ziguten bi aldiz, eta interes pixka bat galdu nuen. Gainera, gero euskara ikastetik salbuetsi ninduten adinagatik». Islandian zegoela jabetu zen «hizkuntza honen balioaz» islandiera ikasten hasi zenean: «Islandiera, euskara bezala, kanpoko iturbururik ez duen hizkuntza dela esan ziguten, eta orduan hasi nintzen balio gehiago ematen».
Kalean ikasi du hitz egiten, «euskaraz hitz egiten duen jendearekin asko egoten hasten zara, eta gero, poliki-poliki hasten zara hitzak lotzen eta hitz egiten». Seme-alabekin ere saiatzen dela dio, «baina oso zorrotzak dira nirekin, ez dute pazientziarik eta gaizki ahoskatzen dudala esaten didate!».
Jario handiagorekin hitz egitea nahi du orain, «baina hori ez dut lortuko nirekin ez badute euskaraz egiten; askotan gazteleraz egiten didate, eta nik nirekin euskaraz hitz egitea nahi dut. Dena ez dut ulertuko, eta ez dut ondo hitz egingo, baina mesedez, nirekin euskaraz. Euskara altxor bat da, barnean daramazun altxor bat». Bera bezala kanpotik etortzen direnei ahalegin bat egiteko eskatu die, «hasi egunon, eskerrik asko edo zenbat da esaten… Hemengo hizkuntza da, eta integratzeko, horrelako jarrera oso inportantea da».
- 1.545 biztanle daude erroldatuta Zegaman, eta Gipuzkoako jatorria dutenak dira gehienak.
- 167 atzerritarrak dira. Biztanle guztien %10,80 dira. Hainbat jatorritakoak dira.
- 40 Ekialdeko Europakoak dira multzo handiena. Hego Amerikakoak dira hurrengoak, 30.