Hamabi urterekin hasi zen urpeko igeriketan Ane Gonzalez (Ordizia, 2002), Ordizia Urpekoak taldean. Harrezkero bertan dabil, eta bere «bizitzaren parte» bilakatu da kirola. 2021ean Espainiako 100 metro ur-azaleko errekor absolutua ezarri zuen, eta oraingoz ez du inork hobetu. Urpekoak Sarian bigarren postua lortu zuen otsailaren hasieran.
Noiz hasi zinen urpeko igeriketan? O.K.E. Urpekoak-en ibili zara beti?
Duela hamabi urte hasi nintzen O.K.E. Urpekoak taldean, urtero egiten ditugun ate irekietara joan nintzen kirola nolakoa zen eta zer egiten zen ikustera. Nahiz eta oso ziur ez egon, probatzea erabaki nuen, eta denborarekin denbora pasa izatetik, helburuz betetako kirola izatera pasa zen. Harrezkero, txikitatik ibili naiz Urpekoak taldean.
Zein probatan aritzen zara erosoen?
Proba motzetan aritzen naiz erosoen, 50, 100 eta 200 luzeretan, belozista gisa. Modalitateari dagokionez gehien disfrutatzen ditudan probak, ur-azalekoak dira, monoaletarekin egiten direnak, abiadura handiagoak hartzea lortzen delako. Hauetatik, gustukoen dudan proba 100 ur-azala da. Hala ere, azken aldian bi aletekin ere aritu naiz, 50 eta 100 probetan. Etorkizunera begira, 100 eskafandra proba entrenatzea gustatuko litzaidake.
Zer ematen dizu urpeko igeriketak? Zer behar da urpeko igerilari izateko?
Kirol hau nire bizitzaren parte da, beste arlo guztiak bezala igeriketak nire egunerokotasunean izugarrizko garrantzia du. Honi esker, bizitzan zehar gauza asko ikasi ditut, horien artean gauzak lortu nahi badira, ez dela soilik nahi izan behar, baizik eta landu egin behar dira eta horrela baliteke noizbait esfortzuz lortzea. Gainera, kirolari esker nire burua gehiago ezagutzea lortu dut. Kirolean alde psikologikoak garrantzia handia du, kirolak gauza polit ugari oparitzen dizkigun arren egoera zail asko ere bizitzen dira eta horrelako momentuez ikastea ezinbestekoa da, aurrera begira bizitzak jartzen dituen oztopoak gainditzeko. Horretaz gain, kirolak gertuko pertsona asko ezagutzea eman dit, zeinak gaur egun ezinbestekoak diren nire bizitzan.
Zenbat entrenatzen duzu?
Denboraldi hau lasaitasun gehiagorekin hastea erabaki dut, nire egoera pertsonalagatik, beraz, astean hirutan ordu eta erdiko entrenamenduak egiten ari naiz. Baina denboraldi bukaerara begira, aurreko urtetako martxa lortzea gustatuko litzaidake eta bost egunez entrenatzea. Entrenamenduei dagokienez, denboraldian zehar hauen intentsitatea aldatzen doa, txapelketak kontuan izanik entrenamendu egutegi bat planteatzen da, hauetara behar den bezala iritsi ahal izateko. Hasieran metro askoko entrenamenduak izaten dira, eta txapelketak gerturatzen diren heinean metro kopurua jaisten da eta intentsitate maila eta espezifikotasuna handitzen dira.
Euskal Selekzioarekin Espainiakoetan, eta Espainiako Selekzioarekin Munduko Txapelketan egon izan zara.
Espainiako Selekzioarekin bi aldiz parte hartu dut, munduko txapelketa batean eta Europakoan. Europako txapelketa 2021ean jokatu zen Errusiako Tomsk hirian. Esperientzia ahaztezina izan zen; lehenengo aldia zen Espainiako selekzioaren parte nintzela, munduko igerilari onenengandik ikasteko aukera izan nuen, marka pertsonal berriak eta horrekin lotuta errekor absolutua ezarri nuen eta nahiz eta denbora asko ez izan herrialdeko kultura eta jendearekin egoteko aukera izan genuen.
Munduko txapelketa hurrengo urtean izan zen, 2022an, Calin, Kolonbian. Bigarren aldi hau, denboraldi zail baten ondoren etorri zen, beraz, zailagoa izan zen ezarritako helburuak lortzea. Hala eta guztiz ere, kirola beste modu batera bizitzeko aukera eduki nuen, taldeaz gozatzeko eta herrialde berri bat ezagutzeko.
100 metro ur-azaleko errekor absolutua ezarri zenuen, 00:41:70eko denborarekin, Espainiako Txapelketan.
Denboraldi desberdina izan zen hura, karrerako lehenengo urtea, igeriketa munduan nire denborak hobetzeko grina handia… denboraldi gogorra izan zen, baina esfortzuari eta nuen motibazioari esker, denboraldia oso ondo bukatzea lortu nuen.
Marka hori Europakoaren ondoren Alacanten (Herrialde Katalanak) ospatu zen Espainiako txapelketan egin nuen. Errusian ospatutako Europako txapelketan Espainiako errekorra gainditu nuen, ez nuen espero nire denbora hainbeste jaitsiko zenik, egia da asko entrenatu nuela azken hilabeteetan, baina inolaz ere ez nuen denbora hori espero.
Handik aste batera, aipatutako Espainiako txapelketa ospatu zen. Txapelketa horretara presiorik gabe joan nintzen, helburuak pasa zen astean Errusian bete nituelako. Beraz, Espainiakoan disfrutatzea nuen helburu. Baina lasaitasun horrek, nire 100 urazaleko denbora jaisten lagundu zidan eta Espainiako errekor berria ezarri nuen 41”70 denborarekin.
Ez da oso kirol mediatikoa. Olinpiar Jokoetan ez dago. Nola ikusten duzu urpeko jardueren mundua?
Nahiz eta oso kirol mediatikoa ez izan, mundu mailan kirolari asko daude urpeko igeriketa egiten dutenak. Horrekin batera, mundu guztian zehar Word Cup desberdinak egoten dira, non herrialde bakoitzeko kirolari hoberenetarikoak elkartzen diren. Hala ere, ez denez kirol olinpikoa, oso zaila egiten da modu profesional batean jardutea, ez dago behar beste medio eta horrek kirolarien eboluzioa oztopatu dezake, nahiz eta gutxinaka-gutxinaka kirola handitzen doan.
Ordizia Kirol Saria jaso zenuen urte amaieran. Ordiziarra izanda, horrelako errekonozimendu bat jasotzea polita da?
Horrelako errekonozimenduek, egindako esfortzuaz eta lortutakoaz kontziente izaten laguntzen dute eta izugarri motibatzen dute lanean jarraitzeko, helburu berriak ezarriz eta hauek lortzeko behar den eskaintza emanez.
Urpekoak Saria izan zen otsailaren hasieran. Zure klubak antolatuta, berezia izaten da?
Txiki-txikitatik Urpekoak Sariak txapelketa garrantzitsu bat izan da OKEUko kideentzat, Espainia mailako kirolari hoberenetarikoak gerturatzen dira eta maila handia ikusi daiteke. Gainera, taldeko igerilari askok hartzen dugu parte, lehiatzen hasi berri direnetik urteak daramatzatenetara, beraz, talde giro polita sortzen laguntzen du.
Bigarren postua lortu zenuen. Zer moduz sentitu zinen?
Oso gustura sentitu nintzen txapelketan. Jende ezagun askorekin egoteko aukera izateaz gain, espero ez nituen denborak egin nituen. Denboraldi honetan ez dut helburu denbora jakin batzuk egitea, baina nire marketan jarraitzen dudala ikusteak poztu egin ninduen. Gainera, motibazio handia izan da lanean jarraitzeko eta gutxinaka nire exijentzia maila igotzeko.
Zein dira zure helburuak denboraldi honetarako, epe motzean?
Epe motzera begira, denboraldi honetarako ez dut markei lotuta dagoen helbururik ezarri, nire entrenamenduekin erlazionatutakoak baizik. Denboraldi zail batetik nator, beraz, aurten, lehenago izan nuen entrenamendu diziplina, sakrifizioa eta motibazioa berreskuratzea dut helburu, etorkizunera begira ditudan helburuak bete ahal izateko.
Eta epe luzera begira, zein dira helburuak?
Epe luzera, 2021ean ezarritako 100 ur-azaleko errekorra hobetzea gustatuko litzaidake, eta beste modalitate batzuetakoa lortzea. Nahiz eta oraindik horretarako asko falta dela badakidan, kirolaren munduan helburuak lortzeko bidea oso luzea izan ohi da, baina lortzen denean izugarrizko poza eta motibazioa eragiten du.