Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Otsailaren 11n ospatu zen Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Otsailaren 22a Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Nazioarteko eguna da. 2023ko Emakunderen datuen arabera, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala 7.489 eurokoa da EAEn, bereziki, zerbitzuen sektorean, feminizatuenak diren lanbideetan, aldea are handiagoa izanik. Martxoaren 8a ate joka dugu, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Azken hau ospatzeko arrazoien artean historian arakatuz jakin dut 1908ko martxoaren 8an 120 emakume langile erreta hil zirela New Yorkeko lantegi batean euren lan eskubideak aldarrikatzeagatik, soldata eta lan baldintza hobeak eskatzeko lantegi barruan egiten ari ziren itxialdia uzteko kanpotik koktel molotov bidez egindako eraso baten ondorioz.
2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunaren agurrean kantatu zuen Nerea Ibarzabalek andreak ohoratzeaz bat hormak
higatu eta arrakalak sortzeko beharraz. Lau hamarkada lehenago kaleratu zuen zendu berri den Maite Idirinek Ahizpatasuna diskoa eta 1978an Argia aldizkarian egindako elkarrizketa batean adierazi zuen, jadanik, euskal iraultzak feminista izan behar zuela, iraultza izango bazen.
Borroka feministaren instituzionalizazio mailak eta bertako argi-itzalek zer pentsa eragiten badidate ere, bereziki, korronte hegemonikoak zeri, noiz, nola, nondik eta zergatik ematen dion ikusgarritasuna eta zer betierekotu nahi duen ikusezintasunean, herrigintzatik eta transfeminismotik loratutako mugimendu bat aipatu nahiko nuke gaur. 2021ean antolatu zen lehenengoz Señora bertso sariketa, bere helburu nagusia emakume bertsolarien, bertsozaleen, antolatzaileen eta eragile transfeministen saretzea izanik, besteak beste, lurraldetasuna, belaunaldiartekotasuna eta lehia kontzeptua beste talaia batetik jorratzeko. Hiru edizio ospatu ditugu, udaberrian izango da laugarrena, eta estreinakoz Soraluzen izan ginen Señora Bertso Egunean aurreko larunbatean.
Señora kontzeptua errebeldia, indar eta ahalduntzearekin loturik dago, elkarrenganako begirunea oinarri, harreman sare eta talde-giroa ditu sostengu. Emakume* adina ikuspegi, gorputz, jarrera, bizi-proiektu, pentsamolde eta izaera hartzen ditu bere baitan Señorak. Gure sinbologian, eraikitako aurreiritzietan, nagusiki, adin batetik gorako emakumeak irudikatu izan ditugu abanikoa eskuetan, klimaterio garaian, adibidez. Badatoz haize berriak, ordea.
Izan Señora!