Gipuzkoako dantza sistema nolakoa zen ikertu du Mikel Sarriegi beasaindarrak. Iztuetaren garairaino itzuli da, azken berrehun urteetan egin den bidean atzera, «deseraikiz». Dantza-era malguagoa eta aberatsagoa zela ikusi, eta sistema oparoago bat proposatu du.
Izanik bada jostaketa pozkarri gaitzik gabeko oek munduaren lenengo adiñetik gure egunetaraño iraun dutenak ain osotoro, ez da mingarri, eta lotsagarri ere, jabe beren berenkiak ain errazkiro galtzera, aztutzera eta izkutatzera utzitzea? Ez al dute uste zenbait ez jakin txori buru puztu dollorrek, antziñekoen izena dutelako iraingarriren batzuek dirala? Ez nere erritar maiteak, ez dirade jostaketa gogoangarri oek gure lotsagarriak, eta are gutxiago kaltargiak, baizikan maitaro gozaturik irozotzea ongitxo merezi dutenak», dio Juan Inazio Iztuetak 1824an Donostian Ignacio Ramon Barojaren moldiztegian argitaratu zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia liburuaren hitzaurrean, duela bi mendeko grafia eguneratuta jarrita. Egundoko ekarpena utzi zuen zaldibiarrak orduan, eta Gipuzkoako 36 dantza deskribatu, ikasteko argibideak idatzi, eta haiek dantzatzeko soinu zaharrak ere eman zituen. Nolabait, euskal dantzen biziraupena ziurtatu zuen, prestigioa emanez, «lotsagarrikeriatik» goralduta eta gaurdainoko sokan iraun duten dantza-maisuen segida hasita.
Orain, 200 urtera justu, beste goierritar batek, Mikel Sarriegi Etxezarreta beasaindarrak, azterketa etnologiko eta tekniko oparoa idatzi du: Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua (Aranzadi, 2023ko abendua). Zaldibiarrak 186 orrialdeko idazlan historikoan utzitako ikuspegia, 1.002 orrialdeko erakusleiho ikusgarri bihurtu du Sarriegik, gipuzkoar erako euskal dantzei arkaikotutako kortseak erantzita eta gorputz edertuta.
Ezer baino lehen, «deseraiki» egin du Sarriegik. Berrehun urteko bideak leku jakin batera ekarri baitu dantza. «Dantza-maisu bakoitzak izugarrizko eragina sortu du, bilakaera horretan», argitu du Mikel Sarriegik. Iztuetatik Olanorengana, hari Ordizian Pujana zaharrak lekukoa hartu eta Donostiara eraman, eta Pujana semearen bidez Gordejuelaren oinetaraino, Goizaldi taldeak katedra ezartzeraino.
Bilakaeraren poderiozko eraldaketan, sarri Iztuetaren bertsioa ez ezagutzeraino aldatu da dantza. Ibilbidean atzerantz ibili da Sarriegi. Hogei urtean, 90 bat dantza maisu eta maistra elkarrizketatu ditu, gaiaz aurrekaririk gabeko bilketa antropologiko metodizatua eginda. «Dokumentatzeko sorburua Iztuetaren liburua da. Zaharrei jasotako informazioarekin, gaur egun Donostiako dantza-sisteman ez genituen esplikatzen Iztuetaren gauza asko, eta hark liburuan esaten zituen asko kontraesanean zeuden gainera; Iztuetaren fidagarritasuna zalantzan jartzeraino. Baina ez, inondik inora ez. Ikusi dudana da lerro horren eragina eduki ez duten lekuetan sedimentatuta geratu diren egiteko moduak eta dantza-erak Iztuetagandik askoz gertuago daudela», laburtu du Sarriegik deseraikuntza.
Arkeologia koreografikoa
Kontzeptu horrekin definitu du adituren batek Sarriegiren ekarpen berriaren espiritua. Gipuzkoako dantza-sistema dago oinarrian, eta hura biluztu du: «Gipuzkoaren periferian ere –Markina-Xemeinen, Lesakan, Beran…– sistema bat bera da, oso garbi. Gipuzkoako dantza sistema erabili dute denek».
Dantzaren sustraiak eta jatorritik gertuago zegoen egoera aztertzeko, hizkuntzaren ikerketarekin alderatu du. «Euskararen kasuan, erro batetik euskalkiak nola sortu ziren, dantza-hizkuntzak ere berdin funtzionatu du. Ez horretan bakarrik: estandarizazioan ere euskara batuaren parekoa gertatu izan daiteke, zeren Gipuzkoan funtzionatu izan duen kanon bat egon da, baina euskara batuak izan dituen irizpide arrazoituen oinarririk gabe, kasu honetan».
Dantzaren atzeranzko bidaia historikoan, jatorriaren hipotesiaz ere hitz egin du Sarriegik liburuan. Beste aditu batzuek ikertu duten bezala, dantza eskolatuan luke sorburua, eskola-dantza deritzon irakaskuntza jasoan. Eskoletan erakusten zuten dantza, eta jesuiten seminarioek ekarria dateke, XVIII. mendean, Frantzian eta Italian ikasitako metodoekin. Aberatsen eta dirudunen hezkuntzaren parte zen arren, geruza herrikoira ere hedatu zen dantza Euskal Herrian. «Estrato jasoa eta herrikoia gertuago egon izan dira hemen, eta herrikoiek irispide handiagoa zuten goi mailetakoek egiten zutenera; handiek ere ez zuten hainbeste arazo herritarrekin nahasteko, Ilustrazioan eta», dio Sarriegik, Peñafloridako kondearen semearen adibidea jarrita, plazan sokan herriarekin aritzea baloratzen zuelako.
Europan eta munduan lekua
Tradizioarekiko atxikimendu eta nahikundea dantzari ere itsatsi zioten euskal herritarrek. Europan bestela gertatu da: dantza-moda berriak etorri ahala, zaharrak ordezkatzen eta ezabatzen zituzten. Euskal Herrian, ez. «Beharbada oker, baina pentsatuz gurea zela eta mantendu beharrekoa zela, gureari eutsi zioten, nahiz eta gure hori noiztik eta nondik etorri agian ez zekiten. Euskaldunek mantentzeko eduki duten grinak sortu du, seguru asko, lehenagoko dantzak errazago mantentzea».
Hainbeste, ezen Europako tradizioek ere euskaldunen gordailura jo baitzuten, ziurrenik ordurako beraiek galduta zeuzkaten arlo batzuen bila. Horren oihartzunak dira dantza klasikoan eta balletean dauzkaten pas de basque (euskal pausoa edo puntua) eta saut de basque (euskal jauzia). «Etnia edo nazio baten izena daukaten bi mugimendu edo urrats soilik daude. Pauso errusiarra dago, eta euskaldunena. Bakarrak dira». Ez klasikoan bakarrik; Eskoziako tradizioan, Irlandakoan, boleroetan, dantza espainiarrean ere euskal pauso deitzen diote. Mundu mailan errekonozimendu bat dago.
Gipuzkoako dantza-maisuen jakintza biltzeaz gain, ikertzeko nazioarteko adituen abaroa ere aurkitu du Sarriegik. Carles Mas i Garcia dantza historikoetako aditu kataluniarrak, adibidez, «asko» lagundu dio. Duela 300, 400 eta 500 urteko dantza-tratatuetan eta eskuliburuetan agertzen den informazioa berreraiki du Masek. «Beraien berreraikuntzan, izugarrizko sorpresa hartu dute Iztuetak jasota zeukala ikusitakoan, eta sistema horren ondorengo edo bilakaerako bat denari guk bizirik eta indarrean eutsi diogula jakindakoan. Adituek ikusi dute hemen bizirik dauzkagula beraien berreraikuntzekin antzekotasun asko dauzkaten dantzak. Europan ez da beste tradiziorik geratzen hori dena hain fidel gorde duenik».
Parisko beste aditu batzuen belarrietara ere iritsi da dagoeneko Sarriegiren azterketa, talde-lan eta bilera batzuen bidez. «Mundu mailan, Europan behintzat bai, oso leku inportantean kokatzen da gure dantza sistema».
Zurruntasunari hormak eraitsi
Hamar urte deseraikitzen eta muinaren bila pasatu ondoren, beste hamar urte interpretazio berria, berritzailea eta ate ugari zabalduko dituena «eraikitzen» aritu da Sarriegi. Suhartasunez mintzatzen da prozesu guztiaz, dantzari eta ikerketari dion pasioaren berotasun berarekin. «Niretzat aparta izan da».
Liburu mamitsuan, 11 multzotan sailkatutako mugimenduak zehatz-mehatz deskribatu ditu, zorroztasun tekniko handiarekin. «Konturatu nintzen tontakeria txiki bat gako bihurtzen zela gero beste gauza batzuk esplikatzeko. Mugimendu bakoitza analizatu dut; obsesio ere bihurtu zitzaidan arlo hori». Dozena bat kapitulu eskaini dizkio.
Galbahe estua pasatuta, lehen oldozpen orokorra zera da: gipuzkoar dantzen sistema, arau batzuk bazeuzkan arren, malguagoa zela. «Gipuzkoar dantzek beti eduki dute teknikoki zailak diren fama, oso zorrotzak direla eta horrela behar duela… Hor asko esajeratu dugu, eta hori dena desmuntatu dut. Dena oso zehatz aztertu behar izan dut, jakiteko benetako arauak zein ziren eta gero gehitu zaizkion eranskinak zein diren. Horrek lan handia suposatu dit».
Sistematizazio proposamen bat aurkeztu du liburuaren bukaeran, ondorioen atalean, koadro grafiko batekin. Batetik, jatorrizko dantza sistema mugimenduetan eta urratsetan «askoz aberatsagoa» zela ondorioztatu du. Iztuetak 13 mugimendu izendatzeko hiztegia osatu zuen; Goizalditik eratorritako Argia taldearen eta Ikerfolken lanaren ondorioz, eta Iztuetaz honainoko tradizioko maisuek erabilitako beste batzuekin, gaur arte 50 bat mugimenduk zeukaten izen-abizena. Sarriegik hamarkoiztu egin du bilduma, ikerketan murgilduta topatu dituen puntu eta aldairekin.
«Nire ustez, orain arte erabiltzen genituen 50 mugimendu horiek adinako kategoria daukatenak agian 500 bat mugimendu dira. Ez ditut kontatu. Askoz aberatsagoa da sistema bera. Informazio hori edukitzeak laguntzen du gero beste gauza asko esplikatzen. Deseraiki ondoren, beste era batera eraiki dut, nire ustez modu koherenteagoan», azaldu du Sarriegik ikerketaren funtsa.
Dantza-maisu europarretatik etorritako ondarea da «ispilua». Berriro linguistikaren similera itzulita, dantza-sistemak hizkuntzak bezala funtzionatzen duela gogorarazi du: «Esaldi bat osatzeko izenak eta aditzak erabiltzen dira, batik bat. Gero, apaingarriak daude, adjektiboak eta abar. Izenekin eta aditzekin hiztegi bat sor daiteke. Baina adjektibazioa erantsita, aditzak jokatzen hasita, infinito bihurtzen da». Dantzan aurkitu dituen «apaingarriekin» 500eko sorta bildu du. «Horiek denak tradizioan erregistratu ditut, han zeuden, ez ditut nik asmatu».
Dantzan lan egiteko ezin konta ahala aukera eta bide ematen ditu horrek. Orain arteko mundutxoaren aldean, unibertso bat zabaldu zaio. «50 mugimendurekin funtzionatu, edo 500ekin… Lanerako tresna amaigabe bat ematen du honek, koreografietarako eta». Nolabait, garai bateko sistema malguagoaren eta «inprobisatzaileagoaren» pasahitzak eta gakoak bistarazi ditu Sarriegik, dantza bilakatua zegoen zurruntze eta fosilizazio egoeraren antidoto edo iraulgarri gisa.
«Dantzatzen duguna fosilizatu den zerbait da. Hori beti horrela izan dela pentsatu dugu, baina ez. Momentu batean finkatu ziren, sedimentuetan fosil bezala gelditu dira, eta horiek ari gara orain erreproduzitzen. Bizirik zegoenean, beste era batera funtzionatzen zuen dantza sistemak».
Biziberritzeko osagaiak
Iztuetak tradizio baten jarraipena zuen amets eta helburu. Paradoxikoki, tradizioaren arrakastak irautera bai, baina betikotzera ere kondenatu du, geroz eta agorragoa den bide itxira bideratu baita dantzaren interpretazioa.
Hara nondik, tradizioan atzerago jota topatu duen Sarriegik dantza nahi adina biziberritu dezakeen elixirra. Idatzita zegoen, baina berrirakurri beharrean. Mila orrialdetan jaso du sistematizazio zahar berritua dantzari beasaindarrak. «Interesgarri, eta konplexu ere bihurtzen da orain. Baina berreskurapen lana, behintzat, eginda dago».
«Lenagoko danboliñak zer gisaz soñuak jo oi zituzten, argi bidea», idatzi zuen Iztuetak. Berrehun urteren buruan, Goierrin jarraitzen du dantzak aire berritzen, Sarriegiren doinura.
Joxalberto Andres etnografo hil berriak piztutako ideia, eta 20 urtean ondutako liburua
Otsailaren 2an hil zen Joxalberto Andres Zurutuza ordiziarrak bultzatu zuen Mikel Sarriegi dantzari buruzko ikerketa idaztera. Goierriko folkloreari buruzko proiektu bat martxan zuen Andresek, eta Beasaingo Aurtzakaren 25. urteurrenerako jada herriko ondarea aztertzen bazebilen Sarriegirengana jo zuen, dantzaren arloari hel ziezaion.
Beasainen lantzeko asmoa asko hedatu zaio geografian eta denboran Sarriegiri. Andresekin adostutako metodo zientifikoz, dantza-maisuak eta dantzari zaharrak elkarrizketatzen hasi zen. Goierri beheko eremura zabaldu zuen eremua aurrena: Ordizia, Zaldibia, Lazkao, Ataun, Idiazabal, Segura… Goierri garaira ondoren, Legazpi eta Zumarragara. Azkenik, Gipuzkoa osora iritsi da, Pujanaren urratsei segika, Zaldibiako sehaskako dantza-ondarea izugarri zabaldu baitzen.
Material mordoa eta corpus erraldoia bildu du. 2010ean hasi zen Sarriegi ordurako bilduta zeukana ordenatzen, eta 2018an idazten. 2022ko urtarrilerako amaitu zuen idazketa, baina ia beste horrenbeste denbora behar izan du edizioa atontzen. Joxalberto Andresek lehen ikuskapena egin, eta Oier Araolazak errebisatu du teknikoki, Argia taldeko Iñaki Arregi dantza-maisuak Donostiako sistemari dagokiona, Edurne Aldasoro koinatak egin dizkio hizkuntza-zuzenketak, eta Emilio Xabier Dueñasek bete du editatzaile lana. Liburuaren azala, berriz, Igor Rezola ‘Dizebi’ artista beasaindarrak diseinatu dio.
Liburua abenduan atera bazuten ere, Beasaingo Igartza jauregian izango da aurkezpen ofiziala, martxoaren 9an, larunbatarekin, 11:00etan. Herri laguntzaileetara ere eramango du gero.