Herri txikia izanik, zinera joateko poxa ez dute galdu kuadrillako lau lagunek. Ohikoena ostiralean unibertsitateko astea bukatuta herrira bueltatu aurretik zinera joatea izaten da. Aiert eta Luziak Gasteizen ikasten dute, letretako fakultatean, izan ere, bertsolari profesionala izan nahi zutela jabetu zirenetik pausorik ez dute galdu bide horretan. Bittor eta Ainhoak Donostian ikasten dute, batek informatika eta besteak psikologia. Ikasleen arteko giroa faltan botatzen dute Donostian, Gasteizko ostegunak Luziak kontatzen dituenean.
Ostiral hau zinera joateko neguko ostiral bat izan da, butaka eroso baten eseri eta bidaia bati ekitekoa.
Aiertek eta Luziak Florida zineetara jo dute, zine festibala izan berria da eta kartelera arakatzeko gogoz. Bakoitzak pelikula bat aukeratu eta ilaran jartzea geratzen zaie.
Donostian Bittorrek pasatu dio zinera joateko abisua Ainhoari, baina argazkilarien elkarteko batzarra du Ainhoak. Bittorrek badaki bakarrik ikusiko duen filma konpartitzeko izango dela Ainhoa, Aiert eta Luziarekin.
Heldu da larunbat iluntzea herriko tabernan, kuadrillakoak aste bete pasatu dute bakoitzak bere aldetik, badute zer kontatu, baina ikastera joan direnak izaten dute kontatzeko berri gehien. Herrian zer pasatu den jakin nahian ere badaude, baina ostiraleko filma kontatzeko gogoz daude hirurak.
– Aiert: Florida zineetan ez zebilen jende askorik. Klasikoen zikloa harrapatu nuen, eta hau film psikologikoa da, gizartea noraezean zebilen garaikoa da. Oso aspalditik zetorren egoera azaltzen du, talde bat besteekiko pribilejioduna zen, baina jada ezin zuten bere ona aurkitu besteen burutik, eta ez zuten ezer egitera asmatzen. Egonezina zerion istorioari.
– Luzia: Nirea etorkizuneko egoera baten kokatzen da, zientzia-fikzio kutsua du. Elkarrekin ulertzeko klabeak galtzen ari ziren, eta horretaz jabetzean dena zenbatu zuten, inteligentzia artifizialaren laguntzaz edozer konpontzeko algoritmo bat sortzen zuten, baina ezer aldatzeko ez zuten nahiko borondaterik, eta behin eta berriz kalkuluak berrituaz lasaitzen ziren. Istorio nekagarria.
– Bittor: Ba, nirea, orainaldian zegoen kokatua, drama soziala da. Erretzeari utzi nahi dion gizarte oso bat ageri da. Euren buruen kaltetan ari direla jakinda ere, mila aitzakia asmatzen dituzte beste bide bat ez hartzearren, eta gaixotzen hasiak dira jada. Istorio krudela.
Ainhoa isil-isilik egon da entzuten.
– Ainhoa: Estreinaldietan gaudela badakigu, baina, hirurok film berdina ikusi duzuela uste dut.
Berehala erantzun diote:
– Ez, ez, nik euskararen eguna laster izanik, euskararen egoeran oinarritutako bat ikusi nahi nuen.
– Nik ingurumenaren okertzea islatzen zuelako aukeratu nuen film hori.
– Nirea, gizarte matxista baten erradiografia zen, klasiko bat, baina gaur egungoa ere bai.
Eta, Ainhoak: film berdina ikusi duzue, txikitako zeruaren bila segitzen duenarena, heldutakoan konpromisoa jasateko gai ez dena. Ea datorren urterako sendatzen den, edo beste film bat sailkatzen den.