Duela bederatzi urte hartu zuen Eneko Goiburuk (Segura, 1976) Ondarre baserriko artaldearen eta gaztandegiaren ardura. «Laneko egoera ez zen puntakoa eta etxeko aktibitatearekin probatzea erabaki nuen, gurasoak jubilatzen zirelako. Probatu, gustua hartu eta, hementxe, pozik jarraitzen dugu». Urte hauetako balantze positiboa egiten du, «hori bai, lan karga eta ordutegia handitu zaizkit, baina gustura ari naiz». Bide honetan hainbat sari ditu irabaziak. «Zorteko naiz alde horretatik. Sarietatik ez da inor bizi, baina, artzainentzat –eta baserritarrentzat orokorrean– egindako lanaren aitormena dira».
Ze zaletasun dituzu?
Denbora sobrante handirik ez da izaten hemen, baina… irakurtzea, mendi bueltan bat ematea eta lagunekin garagardoren bat hartzea.
Pelikula bat edo telesail bat.
Eraztunen jauna.
Liburu bat.
Santiago Postergilloren Maldita Roma. Momentu honetan, nobela historikoa irakurtzea deskonexioa da niretzat.
Musika talde edo abeslari bat.
Los Delincuentes.
Abesti bat.
La primavera trompetera.
Oporretarako leku bat.
Soria.
Zer gosaltzen duzu?
Baraua hausteko kafe ebaki bat, eta beranduago hamarretakoa.
Kolore bat.
Gorria.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Semeak jaio ziren egunak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Niretzat opari ederra izaten da, bisitan etortzen zaizkigunek, gu zoriontzea eta egiten dugunari eusteko esatea.
Amets bat.
Proiektu, ilusio eta amets asko ditut, baina, denek toki berean amaitzen dute: gure semeak zoriontsu izan daitezela.
Bizitzako plazer txiki bat.
Iluntzero umeekin ohe gainean egiten dugun borroka eta juerga saioa.
Goierriko txoko bat.
Segurako Madura.
Seguran biziko ez bazina…
Seguran oso pozik bizi naiz. Bestela, Seguraren moduko herri txikiren batean.