Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Xabier Leteren Habanera kantuaren bukaerako hitzak dira, nik lan honen hasieran erabili nahi izan ditudanak, izan ere zenbat denbora da ez duzula karta bat idatzi, zenbat ez duzula postontzian benetako eskutitz bat jaso? Imajinatu poztasun hori: eskutitz bat topatzea, zure izenean, ustekabean, paper bereziarekin, eskuz idatzita eta, akaso, oraindik ere ahaztu ez duzun idazkera horrekin…
«Gehien desio dugun eskutitza ez da sekula iristen», idatzi zuen Julio Ramón Ribeyrok: «Bizitza osoa zain, eta eskutitza sekula iristen ez», dio, eta gaineratzen du gutuna ez zaigula iristen inoiz ez delako idatzia izan: lotsagatik, ausardia faltagatik… Pessoak zioen maitasun guzti-guztiak barregarriak direla, erridikuluak, alegia; baina, azkenean, benetan barregarriak pertsonak direla, sekula amodio gutunik idatzi ez dutenak: «mas, afinal, só as criaturas que nunca escreveram cartas de amor é que são ridículas».
Literaturaren historian genero epistolarrak obra bikainak utzi dizkigu, baina batzuetan gauza harrigarriak ere gertatu dira: Emily Dickinson poetak, adibidez, kartazalak ere poemekin apaintzen zituen, hau bezalako Envelope Poems-ekin: «Bizitza dugu sekreturik delikatuena, gure zeregina hura murmurikatzea da». Idazle askok gutun trukerako joera izan dute eta bada pentsalari bat, George Steiner pentsalari kuttuna, bere gutun intimoak Cambridgeko Churchill Collegen gordeta eta zigilatuta dituena; 2050. urtera arte ezin izango dira zabaldu, ordurako senitarteko eta lagun gehienak hilik egongo direlakoan.
Baina argi dago gutunak era askotakoak izan daitezkeela. Ipar Euskal Herrian, XX. mendeko gerra handien garaian, soldadu joandakoek zentsura gainditzeko erabiltzen zuten euskara: «Rue/kalea: Hotz Beldurgarria; Maison/etxea: Gose Izugarria», argiago ezin. Uxue Alberdik Ferroldik beste soldadu batek amari bidalitako telegrama itxurako eskutitza jaso berri du Belarriko kilkerra lanean: «Querida ama. Yo bien. Tú bien. Mándame cien».
Asko nabaritu zait eskutitzen aldeko aldarrikapena egin nahi dudala? Azken batean, zergatik ez idatzi zeure buruari?, gutxienez postontzian eskutitz bat topatzearen poztasuna hartzeagatik. Edo, gazte jendearentzat batez ere, zergatik ez idatzi gutun bat zeure buruari?, eta gordeta eduki hamar-hogei urte barru zabaltzeko, nolakoak ginen eta nola aldatu garen ikusteko. Eta ni, ausartuko al naiz? Karta bat idatziko dut, norbaitek erantzun dezan…?