Beasaingo Ostadar dantza taldeak 40. urteurrena du. Urte hauetan guztietan, euskal dantzen transmisioa izan dute helburu nagusia. Pandemiaren urteetako beherakadaren ondoren, loraldia bizitzen ari dira, eta urteurrena, dantzan ospatuko dute, nola ez!
Euskal dantzak herriari gerturatzen 40 urte egin ditu Beasaingo Ostadar dantza taldeak. 80ko hamarkadan, Jesus Mari Garate dantza maisu handiak sortu zuenetik, ezinbestekoak izan dira euskal dantzen transmisioan eta herriko kaleak eta auzoak alaitzen.
2004 urtean, Aurtzaka dantza taldearen 25.urteurrenaren harira argitaratu zen Beasaingo paperak liburuan, Idurre Eskisabelek artikulu batean jasota utzi zuen Garateren testigantza, 2018an zendu zena, eta horregatik, aparteko garrantzia du artikulu horretan jasotakoak, hark bezala, beste inork ezin duelako sorreraren lekukotza utzi. Aurtzakako nagusien taldea zuzentzen ibili zen Garate dantzaria. Baina, horrez gain, ume talde bat hartu eta haiei irakasteko gogoz zegoen. Kontatzen zuen, dantza taldea sortzea ez omen zela helburu nagusia, umeak dantzan trebatzen hastea baizik. Hala, 1983 urtean, Aurtzakak Erresuma Batura egin zuen bidaia baten ondoren, 7 eta 10 urte bitarteko neska-mutilekin hasi zen.
Hasieran, lokal propiorik ez zutenez, Beasaingo Antzizar kiroldegian entseatzen zuten. Handik Loinazpe ikastetxeak utzitako gela batera igaro ziren. 1989-90 ikasturtean eskuratu zuten Oriamendi kalean duten lokala.
Trebakuntza-lanean lehenago hasi arren, gutxi gora-behera, 1984an abiatu zen Ostadar talde gisa, hain justu, Poloniara bidaia egin ostean Garatek Aurtzaka utzi eta gero. Sasoi hartan, hainbat Dantzari Txiki egunetan parte hartu zuen Ostadarrek, eta, halaber, Agurainen, Amezketan zein Abaltzisketan egin zituen emanaldi handiagoak.
Taldearen izenari buruz Garatek kontatzen zuen, Ostadar izena aukeratu zuela «oso jende desberdina» batu zelako; «kolore guztietakoa zen, ostadarra bezala».
Haur talde bat izanik ere, ederki trebatu zituen. «Zazpi urterekin Gipuzkoako ezpata-dantza egiteko gai ziren mutikoak, eta, era berean, 8-9 urterekin Zuberoako dantzak egiten zituzten. Horrek harridura handia sortzen zuen: hau da, hain neska-mutiko txikiak halako dantza zailak egokitasunez dantza egiten ikusteak», kontatu zuen Garatek. «Dantzari txikiak ziren, baina beren txikitasunean trebeak».
Hamar urteko ibilbidea beteta, Garatek taldea uztea erabaki zuen. Altsasun dantza akademia baten ardura hartu baitzuen eta lan karga handiegia zelako biak gidatzea.
«Familia sendo bat»
Dena dela, koloretsu jarraitu zuen Ostadarrek, taldeko dantzariek erreleboa hartuta ere. Ostadar, gauza guztien gainetik, eta dantza talde bat izatetik harago, «familia sendo bat» delako. «Astero elkartzen gara, proiektuak aurrera eramateko urteko sasoi desberdinetan, eta euskal dantzetatik abiatuta, elkar zaindu eta babesten dugun talde bat gara», nabarmendu du gaurko taldeko kideetako bat den Xabier Meabek. Eta euskal dantzak «guretzako dira, euskarri garrantzitsu bat; gure herritik jaso ditugun dantzak, ikasten eta plazaratzen ditugu. Herritik sortu diren dantza horiek berriro herriari eskaintzeko jarduten dugu. Gurea, bitarteko bat da, gure izatea definitzen duena», borobildu du Meabek berak.
Ibilbide hain luzeetan baina, gorabeherak egon daitezke eta Ostadarren kasuan ere izan dira une hobeak eta txarragoak. Orain baina, 40. urteurrenera, «loraldi batean, arnasberrituta» ailegatu dira. Azkeneko beherakada nabarmenena, «pandemia» izan zen. «Ez ginen gu izan kolpatu bakarrak, sektore guztiak ukitu zituen. Erabat eten behar izan genuen gure jarduna, eta pandemia pasa eta gero, martxa hartzea pixka bat kosta egin zitzaigun».
Iaztik hona, ordea, berriro ere hasi dira ohiko jardunean, «plaza dantza ikastaroa eskaintzen, Dantzari Txikietara joaten, urteroko ekitaldiak prestatzen, eta esango nuke, motibatuta gaudela. Ilusio bereziarekin iritsi gara urteurrenera», agertu du taldekideak.
Herriarekin herriarentzat
Horrenbeste urteetan aurrera egiteko indarguneetako bat «elkarlana» da Meaberentzat. «Kultur arloari dagokionez, aniztasun handia dago Beasainen, kultur diziplina desberdinak lantzen ditugun taldeak gaude eta zaindu beharrekoa da hori». Eta garrantzitsuena iruditzen zaiona, «elkar ezagutzea, zeren askotan ez dakigu gure inguruan zenbat gauza egiten diren. Eta uste dut, elkarrengandik ikasteko asko dugula».
Ostadarren kasuan, ahalegin berezia egiten dute herriari gerturatzen, haurrei zuzendutako saioekin eta helduen plaza dantza ikastaroarekin. «Bigarren horretan parte hartzen dutenak dira bereziki bere garaian dantzan ibilitako jendea. Aurten bi talde osatu ditugu, bakoitza hamar pertsonatik gorakoa, eta askok, ez dute dantza taldeekin kontakturik izan, nahiz eta dantza presente izan duten euren bizitzan. Hor egoten jarraitzea da gure helburu nagusia».
Horrez gain, Ostadarren beste indarguneetako bat «elkarren artean dugun konfiantza eta kohesioa» aipatu ditu Meabek. Hain zuzen ere, hasieran aipatzen zuen «familia» giro hori, «oso inportantea» da. «Ideiak elkarbanatu, erabakiak adostasunean hartzeko konfiantza giroa badaukagu».
Ahulgune nagusia, berriz, «talde txiki bat garela». Horrek «zailtasuna» suposatzen die sarri. Gure Zirkuan Iker Galartzak esaten duen esaera bat ekarri nahi izan du Meabek; «Gurea ez da munduko zirkurik onena, baina guk hau egiten dugu, honekin disfrutatzen dugu eta horrekin aurrera goaz». Meabek bere egiten du esaera hori, «Ostadarrekin lortzen dut, erabat!».
Ospakizun urtea
40 urte ez direlako egunero betetzen ospakizun urtea izango da 2024a. Ez du gehiegi aurreratu nahi izan, baina bai urtean zehar egin ohi dituzten ekitaldiez gain egingo dituzte ekitaldi bereziak ere, prestatzen ari direla, baina esandakoa, «oraindik goiz da dena kontatzeko». Forma eman bitartean, sorpresari helduko diote beraz. Hori bai, iragarri du, «beti bezala, maitasun guztiarekin prestatutako ekitaldiak izango dira, ziur!».