Zaldibiako Saturdi eguneko festari asko zor dio Jose Luis Etxeberria ‘Xapre’-k. 18 urte zituenean Martin trikitilaria ezagutu zuen bertan eta harrezkeroztik bere bizitza aldatu zen. Martinekin ikasitako lehenengo trikiti doinuak berehala atera zituen plazara. Jubilatu bitartean, gelditu gabe ibili da plazaz plaza eta kalez kale, trikitia eskuan eta irribarrea ahoan.
Jose Luis Etxeberria bezala, inork gutxik ezagutuko zaitu. Xapre ezizena nondik datorkizu?
Egia da! Kartatan ari ginela, «honek egin dik jugada, xapre» esan zuen norbaitek eta horrela gelditu nintzen, soinu jotzen hasi nintzenean.
Izen artistikoa, beraz?
Izen horrekin geratu naiz bai. Etxera ere denek Xapre bezala deitzen dute.
Nola hasi zinen trikitiarekin?
Trikitixa ikaragarri gustatzen zitzaidan. Trikitixa aditzen baldin banuen… zoriontasuna zen hura niretzat. Saturdiko festetan Martin trikitilaria ezagutu nuen. Bere etxera joanez gero, erakutsiko zidala esan zidan. 18 urte egin nituenean hasi nintzen ikasten. Pieza batzuk ikasi orduko, lagunekin, kuadrillan atera nintzen. Izaro Garmendia herritarra ere aipatu nahiko nuke. Beti laguntzeko prest egon da. Kanturen batekin ezin banuen, berak laguntzen zidan.
Ikasitakoa berehala praktikan jartzeko aukera izan zenuen.
Segituan denak eskean hasi ziren. Garai hartan ez zegoen trikitilaririk hemen. Larraitzen zegoen zerbait, Larraizko aita-semeak, Asteasun, Eleuterio Tapia, Zumarragako Trikitixa…
Trikiti eskolak hasi gabe zeuden?
Bai, hasi gabe. Martin hasi zen. Nik ezagutu nuen tabernetan musikarik ez zegoen garaia. Orduan jende guztiak jarraitu egiten gintuen kalejiran, taberna guztiak bete egiten ziren. Jendeak asko estimatzen zuen. Polita da. Orain konturatzen zara nola jarraitzen gintuen jendeak eta tabernak nola betetzen ziren.
Hasieran erraza izan al zen plazak lortzea?
Jaialdi batean Gorka Knorr abeslariarekin tokatu nintzen. Haren aurretik pieza batzuk jo behar nituen. Knorren anaiari gustatu egin zitzaion itxuraz eta helbidea eskatu zidan. Bilbora joateko deitu zidan. Harek sobrare esan zuen bi gazte ezagutu zituela eta ondo jotzen zutela. Hamabost bat fetxa eman zizkidan, Bilbon, Bermeon… Ni pasatuta! Hau posible al da? Bat-batean 18-20 urterekin pasatu ginen, festan ibiltzetik, soinu jotzera.
Arrakasta lortu zenuen beraz.
Bai. Bilboko festetan sei egunez egoten ginen igual… Kepa Junkera eta Mutriku orduan ezagutu nituen. Gu baino gaztexeagoak ziren. Moral handia eman zidan. Hemen ere berehala hasi nintzen. Ni ere lagunartekoa izan naiz eta soinua hartuta ibiltzen nintzen. Soinuarekin ikusten nindutenean, beti bakarren bat izaten nuen telefono eske. Telefonorik ez nuen etxean garai hartan baina…
Eta nola moldatzen zinen?
Arreseneko [Zaldibiako taberna] telefono zenbakia ematen nien. Bazkalondoren Arresenera jaisten nintzen. Partida bat jokatu, eta telefono deiak hartzen nituen. Ia egunero telefono deiren bat izaten zen! Batek esaten zidan: «Telefonoa bizkarrean hartu beharko dek».
Zure kuadrilla zorionekoak, beti soinujolea lagun zutela ibiliko ziren batean eta bestean.
Kuadrillari eskerrak ematen dizkiot. Urte batean Eguberrietan kantari ibili eta bildu zuten dirua niri eman zidaten. «Hau soinua ikasten gastatzeko», esan zidaten. Ikaragarri eskertzen diet.
Pandero jotzaileak bilatzea erraza izan al da?
Nik sekulako zortea izan dut, beti laguntzeko prest izan dira Jose Antonio Irastortza Furriela, Roman Elosegi Zaharra… Leturia ere bai hasiera hartan… Bi iloba ere bai, Oihane eta Abarlotz.
Lehenengo eduki zenuen trikitiaz gogoratzen zara?
Egurrolari erosi nion. Saltzen zeuzkan bi. Biak erostekotan egon nintzen hasieran, «baina zertarako bi, batekin ez zekiagu eta», pentsatu nuen. Sei mila pezeta pagatu nituen orduan. Lehenengo jornala, Ordiziako kuadrillen egunean, lau mila pezetakoa izan zen.
Berehala amortizatu zenuen.
Segituan. Lanean ere ibiltzen nintzen eskabadorarekin-eta. Lanean urruti tokatzen baldin banintzen, ahal nuen bezala Martinengana joan, hura etxean baldin bazegoen saio bat egin, eta etxera etortzen nintzen. Baina eskuko bi hatzetan mina hartu nuen, eta denbora mordo bat egon nintzen soinurik hartu gabe. Hatzak justu-justu errekuperatu nituen, eta eskerrak!
Soinuak ate asko ireki dizkizu?
Askotan pentsatu izan dut, soinuari eskerrak zenbat toki eta jende ezagutu dudan. Soinuak badakizu zer daukan? Jendea momentu politetan ezagutzen duzula. Bestela inolaz ere ezagutuko ez nituen kirolari eta makina bat jende ezagutzeko aukera eman dit. Zortea izan dut, jende ona ezagutu dut. Joxe Nazabalen oso laguna izan naiz eta bizikleta mundua ezagutu dut. Bertso mundua ere bai: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña… Lazkao-Txikirekin Illatin askotan egoten nintzen, afaltzen. Pilota munduan ere bai, Joxean Tolosa eta Xabier Euzkitze oso lagunak gara. Haiei esker, pilota partidak ikusi ditut. Euzkitzerekin Kalifornian hiru aldiz izan nintzen, soinua hartuta. Horiek denak soinuari esker izan dira.
Juan Mari Arzak sukaldaria ere bai.
Bai, eta asko eskertzen diot. Ni haren etxera joan eta bazkaldu, afaldu eta lo, nahi dudanean egin dut. Etxekoa bezala naiz. Haren etxeko giltzak ere badauzkat. Egunen batean abixatu gabe lotara joan izan naizenean, eta berak han nengoela jakin zezan, soinua uzten nuen atean, goizean jaikitakoan ikusteko. Orain gutxiago joaten naiz Donostiara. Asko eskertzen diot nigan izan duen konfiantza. «Hi etxekoa haiz», esaten dit. Elena ere [Arzak], arreba bat bezala da. Joan orduko platera jarrita izaten dut.
Trikitia eta umore ona lotuta joan dira zure kasuan. Beti irribarrea ahoan duzula ibili zara plazetan.
Hala bihurtu beharra dago. Borondatea jarri beharra dago. Soinua ez da norberarentzako. Asko disfrutatu dut trikitiarekin.
Urte hauetan guztietan makina bat erromeria alaituko zenituen.
Erromeriak ere kiosko gainetik politak izaten ziren. Gauza asko ikusten ziren. Neskak dantzan eta mutilak dantza eske… Bi aldiz kalabazak jasotako mutila ikusten zen igual orduantxe dantzan hasita eta «pieza bukatu egin behar al diat?». Ba segi egiten nuen. Katxondeo handia izaten zen. Pieza luzea izan zela esaten zidanaren kasuan, «ez dek gustuko laguna topatu» esaten nion. Beste batzuek «ze motza» esaten zuten. Hura gustura zebilenaren seinale.
Trikitiaren mundua asko aldatu da.
Zeinek sinetsi behar zuen, sala fiestak itxi eta Aristerrazuko erromeriak indarra hartu zuela. Alde batetik, edadeko jende bat dago apustua egin duena, eta bestetik, jende gaztea. Pentsa trikiti jotzen zenbat neska eta mutil dabiltzan. Sekulako poza ematen dit, ni hor ibili eta orain hainbeste gazte horrela ikustea. Izugarrizko maila daukate. Poz handia ematen dit.
Ateraldi handikoa, erdi bertsolaria ere bazara.
Gure dibertsioa hori zen 18-20 urterekin, bertsotara gehiago jotzen genuen. Bertsolarien inguruan ere asko ibili izan naiz. Bertsoak asko gustatu izan zaizkit, eta entzuteko ere aukera izan dut.
Bota ere bai?
Hori ez, zaila da. Baina ateraldiak bai, momentuan ateratzen diren gauzak dira. Hainbeste ibilita bertsolarien tartean, ikasi ere egiten da. Lazkao Txikirekin ere asko egon izan naiz. Ikaragarria zen! Beti harritzen ninduen. Orduan eta gehiago egon, orduan eta gehiago baloratzen nuen. Ordu asko pasatu nituen haren ondoan, eta ikaragarria zen. Lazkao Txiki ez zen edozein.
Gutxitan afaldu omen duzu etxean.
Zaldibian taberna asko izan dira eta denetan anbientea, eta tentazioa afaltzen geratzeko. Arrese, Illati… Lazkao Txiki ere askotan izaten zen Illatin eta anbiente ona izaten zen. Nazabalek ere taberna izan zuen, harekin ere asko. Zubiondo… Aukera egon da, eta tentazioa beti. Etxean ere ohituta zeuden. Egun batean amak esan zidan: «Hi bizi haiz hi!». Nik erantzun nion: «Ama, ni zuregatik bizi naiz horrela. Ama batentzat semea ondo bizitzea baino gauza hobeagorik ba al dago ba!». Soinuak etxean egoteko denbora eman dit, eta kanpoan ibiltzeko ere bai.
Zure ateraldi batzuk famatuak dira. Lanari buruzkoak adibidez.
Ni alperra naizelako ez naiz geratu lanik egin gabe. Lanak beste gauza guztiak kentzen zizkidalako. Nik bizi egin nahi izan dut. Lana osasuna dela esaten da baina lanak bizitzeko denborarik uzten ez badizu… Soinuak denbora asko uzten du libre. Anaiak eta koinatuak lana izan dute nahi izanez gero, eta horrek lasaitasuna eman izan dit. Baina lan horrek ezertarako denborarik ez du ematen.
Trikitia jotzen jarraitzen duzu?
Ez, utzi nuen.
Etxean joko duzu.
Besoan kolpe bat hartu nuen eta behin utziz gero, utzi egiten da. Segimendua behar du. Arituta ere komeriak dira, eta behin utzita… Gero pandemia ere etorri zen. Bukatu zen, uzten ere jakin egin behar da, arrastaka ibili gabe.
Jubilatuta zer moduz bizi da?
Lasai-lasai, ederki, gustura. Baina urteak aguro doaz behetik gora, belozidadean, konturatzerako. Lagun artea handia egiten dugu.
Elkarrizketan garbi geratu da lagun artea inportantea izan dela zuretzat.
Niretzako bai. Bakarrik ez gara ezer ere, eta lagun artea asko gustatzen zait. Lagun edo ingururik gabe ez gara ezer ere.
Hainbeste bizipenen tartean, kontatu daitekeen bitxikeriaren bat?
Etzakit taldeko Xabi Solanok kantu bat egin zidan. Beste behin, etxeko telefonora deitu zuten, neska gazte baten ahotsa zuen. «Xapre al zara?», «Bai», erantzun nion. «Ezkondu egin nahiko nuke», esan zidan. «Ni konforme», erantzun nion. «Ez, ez! Soinua jotzeko deitzen nizun!». «Ah, orduan mutil zahar jarraitu beharko dut nik», erantzun nion. Grazia egin zidan.
Joan zinen ezkontzara?
Bai, oso ondo pasatu genuen.
Saturdin, hutsik egin gabe
Saturdi ermitatik gora joan da, Irizar azpikoa baserrian jaio, hazi eta bizi da Xapre, «eta hementxe segi. Gustura gainera». Den lekuan dela, beti etxera itzultzen da, «etxe usoa» bezala. «Beti inguru zalea izan naiz. Beti etxetik gertu». Saturdi ermitan jaunartzea egin ondoren joan zen eskolara, 8-9 urterekin. Saturdiko festa bezalako egunik «ez dago munduan» Xaprerentzat. «Oraindik ez dut inoiz egunik hutsik egin. Ze ilusioa edukitzen nuen, harrigarria da». Saturdiko festa egun bati esker hasi zen trikitia jotzen, Martin trikitilaria orduan ezagutu zuenean eta trikitia jotzen erakusteko bidea egin zuenean. Bi urtean aritu zen trikitia jotzen.
Argazkian ikus daitekeen bezala, era berezian jo zuten egun soinua, Xapre trikitilariak eta Furriela pandero jotzaileak, 3 metroko enborraren gainera igota. «Urte asko dira. Ataungo [Joxe] Aierbek enbor handi bat ekarri zuen eta ebaki egin behar zuela gu gainean jarrita. Furriela eta biok jarri ginen gainean. Eskailerarekin igo ginen. Aierbek enborra ebaki eta guk soinua jo. Orain dela 10 bat urte ere berriro egin zuten. Eserita jo nuen, altuera handia zeukan eta». Floren Nazabal eta Iñaki Azurmendi ziren orduan aizkoran.
Hala ere erabaki bat hartua dauka: «Auzoko guztiak han festan eta ni soinuarekin… lotua zen eta esan nuen Saturdiko festetan ez nuela joko, disfrutatu egin nahi nuela».
Zaldibiako Santafetan ere saiatu izan da trikitia albo batera utzi eta festaz gozatzen. «Santafeak iristeko gustura egoten nintzen. Uda osoan han eta hemen ibili eta herriko jaietan lasaiago egoten nintzen. Herrian ez nuen konpromiso gehiegirik hartzen. Kalejiraren bat edo beste egin eta nahikoa».
Trikitilariek santuak ondo ezagutzen dituztela dio, haien aitzakian antolatutako festak izan baitituzte lan toki: «Nik hori esaten dut, guk santuen beharra izan dugula!». Xaprerentzat handiena, San Santurnino.