Bareak eta beleak, otsoak eta azeriak, arkakusoak eta antzarak. Goierriko faunaren parte dira, baina baita goierritarrak ere. Ijitoak eta harrikalariak, zopajaleak eta otamotzak ere bai, gainerako aza, piku eta bestelakoez gain. Goierriko herri guztiek daukate izengoitiren bat, bertako herritarrei auskalo nork, noiz eta non jarritako deitura herrikoiak.
Oro har, Gipuzkoan dago hedatuta herri bakoitzari zigilu satiriko hori jartzeko ohitura, eta batik bat Goierrin eta Tolosaldean; herri txiki gehieneko eskualdeak ere horiek izan eta.
Ziurrenik jatorrizko burlaize intentzioaz eta tonuaz oso bestela, gaur egun erabat barneratuta dauzkate herriek beren ezizenak, eta norbere idiosinkrasiaren eta are nortasunaren ikur bilakatu dira. Antzar pilota elkartea dute Lazkaon, Bareak merkatari elkartea Beasainen, Otsoak dantza taldea Ataunen, Makilari aldizkaria Gabirian, Axari soziedadea Idiazabalen, Pikuk gazte asanblada Legorretan, Otamotz aldizkaria Urretxu-Zumarragan, Ilinti merkatari elkartea Legazpin, Txerrigorri soziedadea Mutiloan…
Elkarrekiko harremanen maila ere adierazten dute batzuek: azak eta bareak, harrikalariak eta makilariak… Ez da kasualitatea auzo-herriak izatea.
Zenbait herritan, kolektiboaren eta mote pertsonalaren tarteko eremurako ere xehatu izan dira gaitzizenak: etxe bakoitza izengoiti batekin ezagutu izan da leku askotan, lanbide, ezaugarri edo irudimenak ematen zuenaren arabera.
Herrien ezizenak
Goierriko herrietako bizilagunei deitzeko izengoiti historikoak.
- Animaliak
- Altzaga. Zakurrak.
- Ataun. Otsoak.
- Beasain. Bareak.
- Gaintza. Zapoak.
- Idiazabal. Azeriak.
- Lazkao. Antzarak.
- Mutiloa. Txerrigorriak.
- Zaldibia. Arkakusoak.
- Zegama. Beleak.
- Zerain. Saguak.
- Barazki, landare eta frutak
- Ezkio-Itsaso. Otamotzak.
- Legazpi. Ilintxak.
- Legorreta. Pikuak.
- Ordizia. Azak.
- Urretxu eta Zumarraga. Otamotzak.
- Lanbide, kolektibo, pertsonifikazio
- Arama. Idiezizaleak edo fruterozaleak.
- Gabiria. Makilariak.
- Itsasondo. Ijitoak.
- Olaberria. Sorginak, sorgindotoreak edo dotoreak.
- Ormaiztegi. Harrikalariak.
- Segura. Zopajaleak.