Mikel Sarriegi • Dantzaria
Oihane Vicente zumarragarrak dantza tailerrak antolatzen ditu gurasoak eta seme-alabak elkarrekin dantzatu daitezen, familian, elkarren artean denbora bat beretzat hartu eta partekatzeko abagune moduan. Polita da asmoa, interesgarria eta oso poztekoa!
Aldi berean, kezkagarria da ere egitasmo horren ifrentzuak agirian uzten duena. Historian zehar Euskal Herria bisitatu zuten kronikariei esker dakigu lehenago berezkoa zela gure plazetan helduek, gazteek eta haurrek elkarrekin dantzak eta musikak ikasi, praktikatu eta horretan gozatzea. XVIII. mendean Bela Zaldunaren Histoire de Basques eskuizkribuak esaten digu umeak oinez ikasi orduko dantza korroetan onartuak izaten zirela plaza publikoetan, eta Agosti Xahok antzeko mezua utzi zigun: «Karrika-dantzak biztanle guztiak batzen ditu, zaharrak eta gazteak. Legeak dio festa garaian bularreko umeak amaren besoetan egon daitezela, euskaldun txikien belarrietan gaztetatik entzun behar baitira aberriaren festetako soinu alaiak» (1836). Wilkinson eskoziarrari euskal herritar guztiok dantzan egiteak arreta eman zion: «Haurrak umezainen zangoetan daudela hasten dira dantzan, eta neronek ikusi ditut bi urteko haurrak dantzan, nekatu gabe luzaro. Neskame asko ikusten dira haurra besoetan dutela, konpasari jarraiki».
Lehenago helduek haurrak dantza-zaletzen zituzten moduan, orain badirudi alderantzizkoa bihurtu dela kontua, Vicentek esaten digunaren arabera: «Oso polita da ikustea helduak eta haurrak elkarrekin nola komunikatzen diren, nola harritzen diren helduak haurrekin, eta alderantziz». Askotan haurrek lehenengo aldiz ikusten omen dituzte beren gurasoak dantzan (!) Lehenago modu naturalean egiten zena orain antolatutako tailer baten bidez landu beharra dagoela dirudi. Gure gizartea hainbat alorretan hartzen ari den atzerabidearen beste sintoma bat, nire uste apalean.