Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Ez pentsa San Silvestre aita santua zapatila zalea zenik, 335. urteko abenduaren 31n hil zen eta horregatik bukatzen dugu sasoia delako santuarekin. Ohitura ona omen denez urtea kirola eginaz agurtzea, edo akaso berria arineketan hastea, San Silvestre esaten zaie egun horretako lasterketei.
Urtea korrikan agurtu nahi baduzu Urretxu-Zumarragan bikote mistoetan duzu egin beharra. Araudiak dio «bikotea gizonezko batek eta emakumezko batek osatuko dute», modu horretan bi helburu betetzen omen direlako, antolatzaileen esanetan: izaera herrikoia mantentzea eta «lasterketa parekidea izatea, emakumearen parte hartzea indartuz». Ea ba, nola izango da aldi berean parekidea eta emakumearen partaidetzaren sustatzailea?
Parekidetasunak esan nahi du gizon bezainbeste emakumek parte hartuko dutela, ez gehiagok eta ez gutxiagok. Ni emakumea naiz eta ezin dut parte hartu gizon batekin ez bada, hau da, gizonezko bat behar dut lasterketa egiteko. Emakumearen parte hartzea indartu nahi izanez gero, orduan ezin da ipini gizonezkoen parte hartzearen menpe.
Badakizu zer gertatzen den lasterketekin, korrika asko egiten dela irten den toki berera iristeko. Horrekin ez da ezer aurreratzen. Garaiak, ordea, aurrera doaz etengabe eta inskripzioan bete beharreko kutxatxo binarioa ere San Silvestreren zapatilak baino ustelduago geratzen ari da. Egun errealitate asko dago binarismo horretatik kanpo, eta horri uko egitea arduragabekeria soziala da.
Egin diren sei edizioetan formula ezberdinak planteatu dituzte eta dirudienez honi eusten ari zatzaie. Ez da hau bikote mistoen lasterketa bakarra, baina besteetan behintzat gauzak diren bezala esaten dira, zuritu gabe: parte hartze parekidea, ta kito. Noski, araudiarekin ados ez bazaude ba ez parte hartu. Horregatik geratu nintzen abenduaren 31n etxean.