Mikel Babiano Lopez de Sabando • Zumarraga
Rousseauk argi adierazi zuen hezkuntza guztion eskubidea dela. Edo hala behar lukeela, bederen. XVIII. mendeko filosofo aitzindariaren hitzetan, ume orok aukera izan behar luke maisu-maistra bat aldean izateko, ikasleen baliabide ekonomikoak kontuan hartu gabe. Azken beltzean, kaltegarriena ez da ezezagutza bera, dena dakigula pentsatzea baizik.
Batek daki Zumarragako Eskola Nazionaletako irakasleek haurrekin inoiz Rousseauz hitz egin ote zuten. Jakin badakigu, ordea, eraikina 1884 eta 1886 artean eraiki zutela eta inaugurazioa 1886ko maiatzaren 2an izan zela. Ezin esan dezakegu herriko lehen ikastetxe publikoa izan zenik, 1865 ingurura arte udaletxe zaharrean ematen baitzituzten umeentzako klaseak. Eraikin hori gaur egungo Nafarroa Plazan zegoen eta udal-biltegia, ziega, bulegoak, langileentzako etxebizitzak eta beste azpiegitura batzuk ere bazituen.
Argazkiko ikastetxe dotorea Pascual Agirrebengoa ongileari zor diogu neurri handi batean. Ordurako hila zen arren, Agirrebengoak eskola berria eraikitzeko dirua utzi zion Udalari. Donostiako Manuel Etxabe izan zen arkitektoa. Kontratista, berriz, Victor Txintxurreta. Eraikinari arretaz erreparatzen badiogu, aise identifikatuko ditugu garai hartako beste ikasgune batzuen ohiko ezaugarriak: forma karratua, bi solairuko garaiera, fatxaden soiltasuna… XX. mendekoa da ikastetxeak adreiluz eraikitzeko moda.
Estatuarenak
Eskola Nazionalak Estatuarenak ziren ordea. Horregatik, Zumarragako Udalak Legazpi Eskolak eraikiarazi zituen urte batzuk geroago, orain Lasalle izenaz ezagutzen ditugunak. Zertarako nahi zituen Udalak elkarrengandik hain gertu zeuden bi ikastetxe? Mutikoak inguruko tailer eta fabrika berrietan aritzeko trebatu zitezen, oro har. Neskek, berriz, josten ikasten zuten.
Eskola Nazionalei dagokienez, mutilak eta neskak eraikin berean jarduten ziren, baina aparteko sarrera-irteerak zituzten eta gelan ere ez ziren nahasten. Bihoakie agurra Julia Concepcion Esteban Carcedo, Juan Maria Inchausti, Araceli Garcia, Carmen Asenjo, Roberto Zamora, Abundio Alvarez de Arcaya eta beste hainbat eta hainbat maisu-maistrari.
Nabarmentzekoa da, halaber, 1940 edo 1950eko hamarkadako argazki honetan ageri den parke zoragarria. Ez zelai eta ez harizti, platano zuhaitz ederrak zeuzkan, baita XIX. mendeko musika-kioskoa ere.
1970ean Eskola Nazionalen eraikina eraitsi zuten eta Zelai Arizti ikastetxeak hartu zuen haren lekukoa, gaur egun kultur etxea dagoen toki berean. 1990eko hamarkadatik aurrera, platanoak eta kioskoa desagerrarazi zituzten. Zein izango ote da bazter batean zutik dirauen pilotaleku historikoaren etorkizuna?