Astelehen eta asteazken iluntzetan dute hitzordua Ataungo pilota eskolako pilotariek. 60 gaztetxo elkartzen dira Auzoeta kiroldegian, entrenamenduetarako, eta horien artean hiru neska gazte daude.
Ane Dorronsoro ataundarra da bat, eta zortzi urte eskasekin, bigarren ikasturtea du eskolan. Bere adineko neska bakarra denez, mutilekin entrenatzen du, 12 urteko Intza Labaka bezala, hau ere Ataungoa. Banaka eta binaka aritzen dira jokoan, eta gustuko dute dinamika hori. Intzak Gabonetako herriko pilota txapelketan parte hartzeko aukera izan du, Anek oraindik ez.
Lide Lopez, berriz, Zaldibiakoa da, eta neska pilotarien artean beteranoena da. 15 urte ditu, eta denboraldi honetako lau t’erdiko Master Cup txapelketa irabazi du promesa mailan bakarka, eta aurreko denboraldian binaka, Natale Aranbururekin. Zaldibiako pilota eskolan hasi zen, neska gehiagorekin. Baina adin batera iritsitakoan bakarrik geratu zen eta mutilekin hasi zen orduan. Laster mutilak takoekin eta harrizko pilotarekin hasi ziren, eta orduan utzi egin zuen denboraldi batez. Gero, Ataunen neskak bazeudela jakin zuen, eta bertara joaten hasi zen. Orain, bere adineko mutilekin entrenatzen du, takoekin eta harrizko pilotarekin. Mutilekin entrenatzeak mesede egiten dio, gehiago saiatu behar delako. Eta emaitza onak ari da lortzen, Master Cup txapelak erakusle. Pilotan federatuta dago eta lehiatzen jarraitzen du. Beste kirol batean ere ari da, ikasten ere bai… Gauza asko dira, baina momentuz pilotarekin segituko du.
Palari bikote bat ere bai
Ataungo kirol elkartearen babesean palan ere ari dira emakumeak: 24 urteko Amaia Lopez idiazabaldarra eta 30 urteko Naiara Aldasoro ataundarra, bikotea osatuta gainera.
Esku pilotatik datoz biak. Amaia 6 urterekin hasi zen Idiazabalen, eta nesketan bakarrik geratu zen harrizko pilotara salto ematerakoan. Jarraitzeko, Lazkaora jo zuen, palan zebilen neska talde bat bazegoelako. Han pare bat urte egindakoan, gainerako neskek utzi egin zuten, eta Ataunera joan zen. Hamabi urte daramatza palan.
Ataunen ere lehen neska gehiago ziren palan jokatzen zutenak, baina orain Naiara eta biak daude bakarrik. Naiarak ere antzeko bidea egin du. Txikitan hasi zen eskuz, eta harrizko pilotarekin hasterako, neskekin jokatzeko aukerarik gabe geratu zen. Palara egin zuen salto orduan, futbolean ari zen ondoren, eta palara itzuli zen azkenik. Ordurako Amaia Ataunen zegoen, eta aukera paregabea iruditu zitzaion modalitate horretara itzultzeko.
Biak federatuta daude, eta urtean bizpahiru txapelketa jokatzen dituzte. Gipuzkoako kluben artekoa egin dute, Gabonetan Etxarriko txapelketan ibili dira, eta orain Euskadiko Irekian ari dira parte hartzen. Orain arte bigarren mailan jokatu dute, baina iaz txapelketa irabazi zuten, eta denboraldi honetan lehen mailan ari dira. Gogorra egiten ari zaie, jokoa askoz ere erritmo azkarragokoa delako, eta aurkarien maila oso altua delako. Hala ere, asko ikasten ari dira. Eta ikasten ari diren bezala, erakusteko prest daude. Ostegun arratsaldeetan entrenatzen dute. Emakumeak pilotalekura hurbiltzeko animatzen dituzte, eskuz, palan… probatzera.
Ataunen, ateak zabalik neskentzat
Ataun kirol elkartean pilota eta pala sailak daude, errendimenduzko eta federatutako kirolariekin. Palan ez bezala, eskuz, neskak eta mutilak nahastuta ibiltzen dira, bakoitza dagokion kategorian, eta hori ondo datorkiela diote Iñigo Alzua eta Eneko Imaz entrenatzaileek, gehiago ahalegindu behar direlako. Iraitz Zubizarreta eta Josu Munduate dira beste bi prestatzaileak.
Duela urte batzuk neska gehiago zebilen klubean, eskuz zein palan, baina kopurua jaisten joan da gaur egungokora iritsi arte. Orain daudenak oso gustura dabiltza, eta entrenatzaileak ere bai haiekin. Hala ere, gehiago hartzeko gertu daude, ateak irekita dituzte.
Emakume pilotariak bidea egiten
Beasainen pala txapelketa, lehenengoz