Beasaingo Arrano elkarteko kultura sailak ere barneratu du emakumeei kirolen esparruan tokia egiteko konpromisoa, eta aurten pala txapelketa herrikoia antolatu du haiei zuzenduta. Aurten sortu dute kirol lantaldea elkartearen barruan, eta goitik egin du estreinaldia, emakumeen pala txapelketa honekin.
Lantalde berriko kide den Unai Goikoetxeak azaldu duenez, «ikusten genuen emakumeen presentzia kirolean oso ahula zela pilotalekuetan, eta presentzia hori indartu nahi genuen». Hala, Arranok aurretik antolatzen zuen esku pilota txapelketa osatzeko, palakoa sortu dute aurten, «esku pilotak emakumeen artean ez du arrakasta handiegirik, horregatik pentsatu dugu espresuki emakumeentzako txapelketa bat antolatzea».
Bi txapelketak pare-parean doaz. Otsailaren 22an hasita daude biak, eta partidak ostegunetan, ostiraletan eta igandeetan ari dira jokatzen, Gernikako pasealekuko pilotalekuan. Bi finalak ere bertan izango dira, herriko jaietan, kuadrillen egunean. Sariak berdinak izango dira bietan: afariak, txapelak, trofeoak eta Biziolako produktu saskiak.
Arrakasta handia izan du emakumeen pala txapelketaren lehen edizioak, hamalau bikote ari direlako parte hartzen, «guk uste genuena baino jende gehiagok eman du izena. Esku pilotan 18 bikote ari dira. Bi kopuruak ikusita, oso ondo dago». Jende gaztea da batez ere lehiatuko dena, «20-25 urte ingurukoa, nahiz eta badagoen bikoteren bat edo beste 30 urtetik gorako emakumeena».
Finala jaietako kuadrillen egunean jokatu da, aurten maiatzaren 13an, astelehena. «Apropos aukeratu dugu egun hori, areto futboleko txapelketako eta eskuz binakako finalak ere jokatzen direlako, eta bietan gizonezkoak izaten dira jokalariak. Horrela, kuadrillen egunen emakumezkoen kirolak ere izango du lekua». Goikoetxeak deialdi berezia egin du, txapelketa bateko zein besteko partidak ikustera joateko eta palariak eta pilotariak animatzeko.
Emakume pilotariak bidea egiten
Ataun, emakumezko pilotari eta palarien topagune