Kirolari profesionala izatea, gizonezkoen espazioa izan da. Emakumezkoek, hemen ere, gehiago demostratu behar izan dute kontratuak lortzeko. Pilotaren munduan, ari dira pausoak ematen, poliki-poliki. Ados Pilota Elkartea, kontzientziatik ekintzetara jauzia izan da.
Oztopoz eta aurreiritziz betetako bide batean aurrera egiteko, haizearen eta marearen kontra borroka egin behar izan dute emakumeek historian zehar, baita kirolaren esparruan ere. Gizarteak emakumeen ideia estereotipatua zuen, eta kirola egin zezaketen ala ez erabakitzen zuen, bai eta zer diziplina zehatz egin zezaketen ere. Beste esparru batzuetan bezala, kulturan eta arlo sozialean besteak beste, emakumeak matxinatu egin behar izan ziren bertan egoteko eta beren lorpenak eta arrakastak aintzatesteko.
Kirol modernoaren hasieran, oso rol txikia zuten emakumeek kirolean, ez baitzen egokitzat jotzen haiek indarra, erresistentzia edo oldarkortasuna eskatzen zuten jarduerak egitea. Gogorra izan da bidea, gorabehera askokoa, eta orain hasi da pixkanaka hori aldatzen, nahiz eta oraindik, bide erdian dauden harriak kentzen jarraitu beharko den. Baina bai, gaur egun, edozein kirol egiten duten emakumeak daude, nahiz eta kasu askotan askoz gutxiago izan eta errekonozimendu gutxiago lortu.
Gai honi buruz hitz egiteko eredu bikaina da Maite Ruiz de Larramendi Mujika Beasainen sustraiak dituen pilotari profesional nafarra. Zazpi urterekin hasi zen esku pilotan jokatzen, eta orain, 50 urte beteta, esan dezake pilotari profesionala dela. Gezurra dirudi daukan palmaresa ikusita. Munduko sei txapelketatan lortu ditu dominak. Ez dago euskal pilotan Ruiz de Larramendik adina titulu eskuratu duen gizonezkorik. «Zenbat aldiz gehiago izan behar dut Munduko txapeldun pilotari profesionala izateko?», galdetzen du.
Horren guztiaren bueltan Zeraingo ostatuan kafesne baten bueltan luze eta zabal hitz egiten, irrifar artean haserre printzak ere ez ditu disimulatzen. Emakume indartsua da, hegal guztietatik antzematen zaio hori, bestela ezinezkoa izango litzateke. Aktibista bat da eta emakumeak pilota profesionalean jarduteko eskenatokia sortu nahi izan du. Bera da Ados pilota elkartearen aurpegi ikusgarriena, baina lan talde handi, sendo eta konbentzitua du ondoan.
Bidea zabaltzen
Zazpi urterekin hasi zen Ruiz de Larramendi pilotan jokatzen, eta 14 urterekin, pilota uztera gonbidatu zuten, «emakumea nintzela eta utzi egin behar nuela, eskuak hondatuko zitzaizkidalako», gogoratu du nondik gatozen ez ahazteko. «Eta oraindik gertatzen ari da», esan du atsekabetuta.
«Duela sei bat urte inguru, aldaketa batzuk eman ziren, eta hasi zen emakumeei esku pilota profesionalera jauzia egiteko aukera ematen, baina bide natural bat egin gabe, eta bilakaera naturalik gabe, oso zaila zen eskatzen ziguten mailan jokatzea, hori dela eta, frontoietara irten zirenak oso kritikatuak izan ziren». Dena dela, «hasi ziren ikusten, emakumeen esku-pilotak ere dirua ematen duela, eta interesak hasi ziren sortzen, baina diru hori ez da iristen protagonista den pilotariarengana», kritikatu du. Komunikabideak ere hasten dira lanean. «Telebista sartzen da, baina sektore jakin bati lekua emanez bakarrik», kontatu du lehen pertsonan. «Gauzak teilatutik hasi zituzten», sentitzen du beasaindarrak.
Testuinguru horretan, kontzientziatik ekintzetara jauzia egiteko beharretik jaio zen Ados pilota, duela hiru urte. «Badirudi gauzak aldatzen zihoazela, baina errealitatea zen, denak berdin jarraitzen zuela, emakumeek benetako aukerarik gabe jarraitzen genuela, pilotari profesional izatea gizonezkoentzako zerbait izaten jarraitzen zuela», kokatu du Ruiz de Larramendik elkartearen sorrera.
Une hartan, Iera Agirre Leitzako pilotariak eta biek, maila gorenean lehiatzen ari ziren emakume pilotariak elkartu zituzten. «Zer egin behar da?», galdetu zioten elkarri. Maitek, argi zeukan Ados pilota aurrera ateratzeko ahalegin guztia egin behar zela, eta erabaki zuen, 22 urtez Nafarroako ospitalean zuen X izpien teknikari lanpostua uztea. Batzuk zalantzak izan zituzten. «Arriskua ere ikusten genuen, noski! Baina ez baginen saiatzen ez genuen sekula lortuko», esan du itxaropentsu.
Oraintxe, Ados pilotak bi adar ditu: adar profesionala eta pilota eskola. Adar profesionalean 13 pilotari daude eta denek dituzte kontratu mugagabeak. Mugarri garrantzitsua da; «Nik 43 urte daramatzat pilotan eta ez dut inoiz kontraturik izan». Azken hiru urte hauetan bere ametsik desiratuenetako bat bete ahal izan du, «pilotatik kotizatu ahal izatea».
Puntu honetara iritsita, argitu nahi izan du, beste batzuek ez bezala, Ados elkarte bat dela, ez enpresa bat. «Elkarte bat, familia bera, ilusio bat. Iristen den guztia, bide honetan jarraitu ahal izateko da», azaldu du elkartearen izaeraz.
Urte osoko egutegia
Elkartearen sorrerak, aukera errealak eman dizkie emakume pilotariei. Abenduaren 16an, Latasan (Nafarroa) abiatu zen binakako esku pilota txapelketa nagusia, Ados Pilota elkarteak antolatuta. Apirilaren 21ean jokatuko dute finala, Antzuolan (Gipuzkoa). Lau hilabete pasatxoko lehia izango da, eta guztira 58 partida jokatuko dituzte, Euskal Herriko 30 frontoi baino gehiagotan.
22 pilotari ariko dira lehian, 11 bikotetan banatuta. Zazpi bikotek Lehen Mailako Txapelketa jokatuko dute, eta Promozio Mailan, berriz, bost bikote lehiatuko dira. Oraintxe bertan txapelketako lehen itzulia bukatzear daude, eta lehia bizi-bizia izaten ari da.
Ondoren, maiatzean, zazpi bertso-pilota jardunaldi antolatu dituzte. Ekainean, sanferminetan bukatzen den San Fermin txapelketa beti ongintzazko ekitaldi batekin amaitzen da. Lehen urtea ELA gaixotasunarentzat izan zen Juan Carlos Unzuerekin, iaz bularreko minbiziaren ikerketara bideratu zuten. Aurten oraindik ez dute publiko egin, eta Iruñeko peñekin.
Eta horren ondoren, Plazaz plaza etorriko da, non frontoi irekietan jokatuko duten, betiere ikusgarritasuna emateko eta herritarrei emakumeen pilota hurbiltzeko helburuarekin.
Hiru urte hauetan egindako bideagatik, zorion handia transmititzen du pilotari beasaindarrak. «Oso harro gaude egin dugunagatik», adierazi du.
Pilota eskola
Adar profesionalarekin batera, Ados pilota eskola jarri zuten martxan, harrobia sortzeko eta aukerak emateko. «Txikienak zazpi urte ditu, eta eskolak ditugu, Zerainen eta Nafarroan».
Zeraingo Ados pilota eskolan 16 neska pilotari gazte daude. Goierri eskualdetik ez ezik, Gipuzkoa osotik ere inguratzen dira. Profesionalen partidetan, neskatoak dira lehenengo jokatzen dutenak. «Nire erreferenteak Retegi eta Galartza ziren, non zeuden emakumeak? Gaurko belaunaldiei guk izan ez genituen aukerak eman eta emakumezko erreferenteak daudela erakutsi nahi diegu, eta eskola da, zalantzarik gabe, lan egin behar den tokia. Neska batzuek etorkizun oparoa dute, eta beste batzuek, berriz, oraintxe bertan ez dira hainbeste nabarmentzen, baina langileak dira eta etorkizun oparoa izan dezakete, baina horretarako aukera eman behar da», nabarmendu du.
Ikusgarritasuna
Gazteek erreferentziak izan ditzaten, ikusgarritasuna eman behar da, eta hor, hedabideak sartzen dira. «Non dago ETB?», galdetu du, telebista publikoaren aldetik ez dutelako babes handirik jaso. «Eskuz binakako txapelketa nagusiko 150 partaidetatik bat bera ere ez dute transmitituko».
Dena dela, ari dira arlo honetan ere espazioak irabazten. Kanal propioak sortu dituzte, horien bidez egin daitekeelarik jarraipen osoa, eta Hamaika Telebistan ere, astelehenetan eskaintzen diete tarte bat. Komunikazioari dagokionez, «egiteko asko gelditzen bada ere, geroz eta komunikabide gehiagotan ari gara lortzen ikusgarritasuna eta pozik gaude».
Beasainen pala txapelketa, lehenengoz
Ataun, emakumezko pilotari eta palarien topagune