Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Lehenengo sektorea protagonista dugu azkeneko asteotan, ikusteko moduko manifestaldiak antolatu dira eta. Eredu ezberdinak izan arren, elikadura sistema honen bidegabekeria batzuek, ustiategi zein baserri denoi eragiten digute: prezio baxuak edo burokrazia ikaragarria, besteak beste.
Prezioei dagokienez, sistema globalizatuko kanaletan kontsumitzaileak ordaintzen duen prezioan, ekoizleari ordaintzen zaionaz gain, merkatu liberalizatuan lehengaiekin espekulatzen duten korporazioak eta eraldaketara zein banaketara dedikatzen diren multinazionalen marjinek zatirik handiena hartzen dute.
Baina prezio horretan ez dira elikadura globalizatu honen ingurumenarekiko kalteak sartzen, ezta ere jaki prozesatu, aditibo eta produkzioan erabiltzen diren kimikoen (antibiotikoak eta gainontzeko botikak, pozoiak, ongarri kimikoak…) ondorioz areagotzen doazen arazo sanitarioen kostu gehigarriak. Kostu hauen parte handi bat herritarrok aparte ordaintzen dugu eta beste zati bat ondorengo belaunaldiek ordainduko dute.
Baserritarrok prezio egokiak eskatzen ditugu, bizi eta lan baldintza duinak bermatuko dituztenak, kostuetan oinarrituko direnak. Haserretzeaz harago, eredu bidezkoago batean dago irtenbidea orduan, behar ez ditugun eta garestiegiak ateratzen zaizkigun kostuak (ingurumenekoak, sozialak eta ekonomikoak) murriztuko dituena: tokian tokikoa eta iraunkorra. Baserritarrak, ingurumena eta herritarron elikadura zainduko dituena.
Egoera honetan hemengo administrazioek ezin dute egungo sistema agortuari, nekazaritzakoa barne, eusten dioten politikak mantendu edo areagotu, trantsiziorako antolaketa beharrezkoa da eta bereziki, gazteei zein emakumeei begira.
Nire iritziz ez da inolaz ere bidezkoa egungo ekoizpen ereduak hemen zein beste lurraldeetan eragiten dituen kalteei jaramonik ez egitea eta ezer aldatu, hobetu gabe jarraitu nahi izatea. Eredu agroekologikoaren alde egitea, zaintza eta burujabetzaren alde egitea da.
Gaur martxoak 8, emakumeon aukera berdintasuna ozenago aldarrikatzeko deialdia dugu. Horretarako, zaintza erdigunean jartzea denon artean ezinbesteko urratsa da. Baserriaren perspektibatik, zaintza erdigunean jartzeko badakigu kontsumo zein ekoizpen ereduei ere erreparatu behar diegula. Herritarron kontsumo bidezkoak zuzenean emakume baserritarron lan baldintza duinen alde egiten duelako; eta ekoizpenari dagokionez, bizitzaren zaintzan oinarritzen den eredua behar dugulako: lurra, natura, animaliak, pertsonen zaintza…
Denon ardura da ereduaren aldaketa bultzatzea.