Uxue Fernandez (Urretxu, 1984) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziatako ikertzailea da. EHUn irakasle, genero-ikerketak eta ekitate zein justizia sozialaren gaineko ikerlanak garatzen ditu jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien eremuan. Bereziki, talde minorizatuak ekarri nahi ditu erdigunera.
Zertan lan egin duzu?
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi nuen, Gasteizen. 2007an bukatu nuen eta lanean hasi nintzen. Hiru urte egin nituen Gipuzkoako Pilota Federazioan, Emakumea Pilotari proiektuan. Ordurako pilotan jokatzen hasita nengoen. 2006an hasi nintzen zuriz jokatzen. Askotan nengoen jokatuta, baina fitxarik gabe. Federaziokoa utzi nuenean, ikerketa masterra egiten hasi nintzen. Ondoren, doktoregoan izena eman nuen. 2014ko apirilean doktorego tesia defendatu nuen. Deustuko Unibertsitateak Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien gradua urte hartan jarri zuen martxan eta tesia defendatu ondoren bertan lan egiteko deia jaso nuen. 2018 urte bukaera arte Deustuko Unibertsitatean lan egin nuen eta egun EHUn lan egiten dut, Gasteizen: Hezkuntza eta Kirol fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza sailean. Nire plaza euskal pilotan eta tenisean oinarrituta zegoen, baina jarduera fisiko inklusiboa eta jarduera fisikoaren eta kirolaren oinarrizko legedia ere ematen dut. Graduondoan, berriz, generoaren inguruko hautazkoaren zati bat ere ematen dut. Lanaldi erdia irakaskuntzara dago bideratua eta beste erdia kudeaketara eta ikerketara. Usurbilen bizi naiz eta bertako eskola kiroleko eredua eraldatzeko prozesuan parte hartu nuen. Nire ildoa kirolean ekitatea lantzea da, baina gizartean aplikazioa izatea saiatuz.
Zein izan zen zure tesiaren gaia?
Emakume pilotariak: izaera, bizipen eta sentipenak. Emakume pilotaria nintzenean jarri nituen betaurreko moreak. Orduan handitu zitzaidan kontzientzia feminista. Pilotari bezala bizi genituen errealitate batzuen inguruko zalantzak eta galderak nituen. Egoera hori deskribatzeko gogoa. Ikerlari hasi nintzenean pilotari federatu bezala jokatzeari utzi nion, denbora kontuagatik eta distantzia hartzea komeni delako. Inpartzialtasunez lan egiteko.
Emakumea Pilotari proiektuak fruituak eman al zituen?
Lau langile izan ginen garai batean. Gipuzkoako hamazazpi udalerritan genbiltzan, frontoietan teniseko pilotekin emakumeei pilotan jokatzen irakasten. Ia 200 emakumek parte hartzen zuten garai batean. Asko apaldu da, diru laguntzak apaldu direlako.
Mendeko lehen hamarkadan gogorra al zen emakume pilotaria izatea?
Gauza asko entzuten genituen. Klub bateko arduradunak ze kapritxo sartu zaizuen pilotan hasteko, adibidez. Barruan gelditu zitzaizkidan gauzak. Horrelako gauzengatik hasi nintzen doktoregoa egiten.
Kirolaria izan zara beti.
Bai. Pilotara zaletu ninduena aita izan zela esaten du amak. Lau urterekin aitarekin pilotan jolastera joaten nintzen Zelai Ariztiko pilotalekura. Mugimenduak lasaitzen laguntzen dit. Futbolean ere jokatu izan dut eta bizikletan ibiltzen naiz. Duatloian pare bat denboraldi egin nituen. Eta gurasoekin asko ibili izan naiz mendian, bizikletan oporretara joaten ginenean…
Zu haurra zinenetik gauzak asko aldatu dira.
Ez naiz ezberdin sentitu. Ez nintzen pilota eskolan aritu, baina eskolatik kanpo gauza askotan aritzen nintzelako izan zen. Dena den, egia da neskentzako eskaintza hazi egin dela. Gure garaian gure adinekoen saskibaloi talderik ez zegoen. Bestalde, garai hartan herriko klubak udan haurrentzako txapelketa bat egiten zuen, neska talde izena ematera joan ginen munduko ilusio handienarekin eta parkera bidali gintuzten panpinekin jolastera. 10 bat urte genituen eta markatu egin gintuen. Egoera hobetu egin da, baina… Emakume futbolariak asko ugaritu dira, baina ez dakit beraien egunerokoa asko hobetu den. Egoera hobea da, baina askoz ere hobea izan beharko litzateke. Gainera, futbola ez ote da gizartearen eredu heteronormatibo-erreproduktiboa berresteko erreminta bat? Zenbat emakumezko entrenatzaile daude Espainiako ligan? Hiru. Saskibaloian, bi. Eta bat, halako batean talde feminista batek gizonezkoaren sexu bortizkeria azaleratu zuelako.
Asko dago hobetzeko, beraz.
Nire ikasleek mari-mutil bezalako etiketak jasotzen dituzte oraindik. Zuzendaritzan parekidetasunik ez dago. Bestalde, gizartearen %11ak bakarrik du kirol lizentzia eta kirol aurrekontuen zatirik handiena horiei bideratzen zaie. Klubak ezinbestekoak dira, baina diru gehiago bideratu beharko litzateke herritarren gainontzeko %89ak kirola egitea sustatzera: Beitia martxa, Lilatoia… Egitura heteronormatiboa eta patriarkala da. Kirola gizartearen ispilu da. Gainera, gizartea ez eraldatzeko oso testuinguru egokia da. Kirolera diru publiko pila bat bideratzen da, sozializatzeko eremu bat delako eta jende bat pentsamendu batzuetara bideratzeko baliagarria delako. EAEko gobernuak 12 milioi baino gehiago inbertitu ditu Tourra ekartzeko eta Donostiako Klasikoan emakumezkoen lasterketa egiteari utzi zitzaion. Euskal Herriko Itzulian mozorrotu dute, baina ez da ezer berria, lehen Bizkaiko Itzulia antolatzen baitzen. Donostiako Klasikoa antolatzeari utzi diote eta antolatzaileek diru publikoa jasotzen jarraitzen dute, azken etapa Donostian egiten delako. Realak, Eibarrek, Athleticek… nesken taldeak dituzte, baina ba al dakigu ze baldintzetan dauden? Gizonezkoen bigarren taldekoek sekulako soldata dute eta emakumeek ez dute ezer jasotzen. Aukera berdintasuna nahi dugu. Baliabide berberak nahi ditugu. Eta ez naiz soldata astronomikoez ari. Baina ez dakigu emakume futbolariek, hitzarmen berriaren arabera, urtean 20.000 euro kobratuko dituztela. Kirol eta espezialitate gehiago daude, baina zenbat zesta punta partida ikusten ditugu? Winter Serieseko final bat. Emakume Master Cup bai, baina lau bikote beti bueltaka. Goi mailako eskubaloi jokalari asko ez dira profesionalak. Tituluak irabazten dituen Donostiako taldeaz ari naiz. Asko bekak ematen dizkietelako irauten dute.
Ez dago apustu estrategikorik, beraz?
Ez. Zergatik da Iberdrola arraun ligako babesle nagusia? Onura fiskalak lortzeko eta beraien aurpegia zuritzeko. Lilatzeko, kasu honetan. Purplewashing. Sexu aniztasunera pasako bagina, zer esanik ez. Caster Semenyari egin dizkiotenak, adibidez. Hori beti emakumeekin pasatzen da. Gizonezkoekin ez da sekula pasako. Bizkaia-Durango txirrindulari taldea desagertu egin da, Hondarribia saskibaloi taldea desagertu zen, Itxako eskubaloi taldea desagertu egin zen… eta ez da ezer pasa. Bilbao Basket gaizki zebilenean, manifestazioak egin ziren diru-laguntza publikoak eskatzeko.