Erein, aldatu eta uzta jaso. Baserriz baserri eta etxez etxe haziak nahiz landareak trukatzeko ohiturari eusten zaio oraindik. Jakintza oso baten erakusgarri ere bada.
Haziak oroimen ontzi txikiak dira. Bizidun berriak sortzeko gaitasuna dute, baita gizartearen eraldatze-prozesua sorrarazteko ere. Haziek gure historia biokulturalaren kontakizuna dute bere baitan, eta egunero birsortzen dugun agertoki berrian esnatzeko zain daude». Halaxe deskribatzen ditu haziak Euskal Herriko Hazi Ekologikoak berreskuratzeko eta saltzeko orain urte batzuk sortu zen Aleka elkarteak. Salerosi ez, Zerainen trukatu egingo dituzte haziak, antzina-antzinatik baserrietan egin izan duten –eta gaurko eguneraino iritsi den– jarduera eta jakintza herriko plazara ekarriz.
Kontxita Gabiria izango da partaideetako bat. Aztiriako Makatza baserrian jaioa –Legazpiko alderdian–, Segurara ezkondu zen, eta joan deneko 33-34 urteetan Zerainen bizi da. «Ni baserrian jaioa eta hezia naiz, 23 urtera arte baserrian bizi izandakoa. Baratze lanetan jardun bai, baina beti gurasoek esandakoa egiten, haiek ziren arduradunak, ama bereziki. Ezkonduta gero ere, Seguran ere izan dugu familiak baratzea, eta Zerainen ere baratze handi bat daukagu, sororik ez, ez da baserria, baina lur-eremu pusketatxo bat ona bai. Gustatu egiten zaigu, eta jardunean-jardunean gero eta gehiago gustatzen zaigu. Nik natura, baserri mundua, sentitu egiten dut».
Urte guzti-guztiko lana
Haziak bildu, gorde eta trukatzeko ohitura hori jaiotetxean ezagutu zuen Gabiriak. «Bai, beti izan da hori, gehiago edo gutxiago. Porruak, azak, zerbak, artoa, indaba… Hazi horiek beti aldatu izan dira baserrietan, berritu, lekuz aldatu, beti ikusi dugu. Niri tomatearena-eta gustatu egiten zait, eta nire senarrari ere bai –Joxemari Telleria margolaria–, baina haziak gordetzea-eta niri gehiago. Saltsa hori, nola ernetzen diren, nola hazten diren, barraskiloek eta bareek nola jaten dituzten…».
Baserriko martxa jarraitzen ez badu ere, Zerainen etxekonekoekin haziak trukatzeko ohitura badutela dio. «Beti komentatu izan dugu halako tomate hazia edo halako leka beste mota batekoak baino hobeto etortzen direla. Gurasoek ere hala egiten zuten. Amari-eta, gauza berriak zirenean asko gustatzen zitzaien: eskarolak garai haietan gutxi ezagutzen ziren, baina egiten zuten hazia erosi, landarea erosi… gure ama beti ezagutu dut horretan».
Egutegiaz galdetuta, «bakoitzak bere urtaroa» daukala zehaztu du Gabiriak. Honako adibideak jarri ditu: «Neguan hazirik ez da jasotzen, baina erein bai. Urte guzti-guztiko lana da, beti gainean egon behar. Porrua, esaterako, orain ereiten da eta nik aldatu ditut bi porru hurrengo urterako hazia izateko. Iaz hazia eman zutenak orain erein ditut, eta lehengo urtean aldatutakoak orain ari gara jaten. Tomatea orain ereiten da, eta udan jan. Ilarra ia ereinda dago, eta maiatz aldera jaten da, eta baba handia ere bai. Maiatzean berenjenak eta piperrak aldatzen dira, eta udan jan. Azaloreak-eta udazkenean aldatzen dira, eta bakarren batek hazia nahi baldin badu, orain utzi behar dira loratzen, garatzen, eta gero hazia jaso».
Saskia trukerako prest
Martxoaren 21ean egingo duten juntadizoaren lehen helburua «elkartzea» dela nabarmendu du Gabiriak, eta bakoitzak etxean gordeta duena besteekin trukatzeko prestutasuna. «Gero ikusiko dugu nola jarraitu, ea bakoitzak hazi gehiago bildu behar dituen, bakoitzak zer asmo duen, zer egin dezakegun elkarrekin… Guk orain arte etxerako bakarrik gorde izan ditugu, baina orain martxa hartzen badugu gehiago jasotzen hasi beharko dugu!».
Gabiriak prest du dagoeneko saskia, txukun asko gainera. Porru hazi pixka bat du jasoa –ia berandu izan arren, oraindik aldatu litekeela dio–, tomate barietate ugari (Aretxabaletakoa, Idi bihotza, tomate handia, Siziliakoa, Barbastrokoa, tomate txiki gorria, tomate hori txikia eta krimea beltza), pikillo piperrak, indabak, leka ale batzuk, artaburu batzuk –aurten arto beltza ere bai–, kuia, meloi haziak, eta baita Aingeru loreen eta Alegrien haziak ere. Hazi horiek guztiak «lehorrean eta freskoan» kontserbatu behar dira. Tomateak, esaterako, kotoizko oihal batean biltzen ditu, eta ondoren barietate bakoitzaren izena idatzi gainean.
Haziena «jendeari gustatzen zaion gaia» dela uste du Gabiriak, eta bera ere prest dago, haziak ez ezik, urteotan guztiotan pilatutako jakintza trukatzeko. «Gustatu egin behar du, baina eman ere egiten du, berak tiratzen du, asko gainera. Niri bai behintzat. Hori egia da, eta nire kasuan, adinarekin gehiago. Gero denok ez daukagu lurrarekin harreman berdina. Nik beti esaten dut landareak berak esaten dizula zer egin». Deia egina dago hortaz. Orain, elkartu, trukatu, erein, aldatu eta uzta jasotzea besterik ez da falta.
Hazi-trukerako ekimena Zerainen martxoaren 21ean
Udazkenean egin zien ZerainLab elkarteak herritarrei landareen eta laboreen haziak gordetzeko deialdia, eta orain iristear da bakoitzak etxean jasotakoak herritarrekin trukatzeko eguna. Kultur etxean elkartuko dira martxoaren 21ean, 18:30ean. Juntadizo horren osagarri, Aleka elkarteko Marta Barbak Haziak eta jakintza trukatzea hitzaldia egingo du. Deialdiak, printzipioz, herri mailakoa izateko bokazioa du.
ZerainLab elkartea herri txikiek dituzten etorkizuneko erronkei erantzuteko sortu zuten, erronka horiei berrikuntza txertatuz. Baina ohartuta daude berrikuntza hori ez datorrela beti gauza berriak egitetik, batzuetan lehengo ezagutza errekuperatzetik edo oraingo ohiturak gordetzetik etor bailiteke. Hazi-truke saioa testuinguru horretan kokatu behar da.
Ereiteko garaia
- Alberjinia. Otsaila eta martxoa.
- Aza. Ekaina eta uztaila.
- Aza gorria. Ekaina eta uztaila.
- Azalorea. Uztaila eta abuztua.
- Azenarioa. Martxotik urrira.
- Babak. Irailetik azarora.
- Baratxuria. Urritik urtarrilera.
- Brokolia. Uztaila.
- Bruselaza. Ekaina eta uztaila.
- Espinaka. Abuztutik otsailera.
- Erremolatxa. Martxotik ekainera.
- Kuia. Martxoa eta apirila.
- Kuiatxoa. Martxoa eta apirila.
- Ilarrak. Urritik otsailera.
- Lekak. Apiriletik uztailera.
- Letxuga. Apiriletik uztailera.
- Neguko eskarola. Abuztutik urrira.
- Patata. Apirila eta maiatza.
- Perrexila. Urte guztian.
- Piperra. Otsaila eta martxoa.
- Porrua. Otsailetik uztailera.
- Tipula. Abendutik martxora.
- Tomatea. Otsailetik maiatzera.
- Zerba. Martxotik urrira.