Luzia Urkiola Azpiazu • Aranzadiko Botanika saileko kidea
Azken boladan denon ahotan dabil biziraupena zalantzan jarri duen klima aldaketa. Ezustean harrapatu gaituela badirudi ere, bazen duela bi mende klima aldaketaren oinarriak azaldu, eta honen arriskuak aurreikusi zituenik, Eunice Newton Foote ikerlari amerikarra, kasu.
Zientzialari honek hainbat gasek eguzkitan berotzeko joera zutela azaldu zuen eta, beraz, airera karbono dioxido gehiago askatzean, hau berotu eta tenperatura atmosferikoa igoko zela iragarri zuen; gaur egun negutegi efektu gisa ezagutzen den fenomenoa, hain zuzen ere. Zientzian egindako ekarpenaz gain, emakume zientzialarien aldeko borrokan jarritako aleagatik ere ezaguna da Eunice. Ahaleginak ahalegin, Euniceren ikerketa gizonezko baten izenean argitaratu eta urte luzez ezkutatu zen, XX. mendean argitara atera zen arte.
Aranzadiko botanikariok klima aldaketa aztertzen baino, honen eta bestelakoen mehatxupean dauden landareen kontserbazioan dihardugu, hauen jarraipenak eginda. Horretarako, beharrezkoa da bertako landareak identifikatzea. Askotan, begi bistaz ikusitakoarekin aski izaten da landare bat ezagutzeko, baina kasu batzuetan landareak identifikatzeko lana zaildu egiten da, oso antzekoak diruditen bi landarek jatorri ebolutibo erabat ezberdina izan dezaketelako.
Fenomeno honi eboluzio konbergentea deritzo, eta oinarrian Darwinek proposatutako eboluzioaren teoria dago. Honek bizitoki bateko baldintzetara hobekien egokitzen diren ezaugarriak dituztenen biziraupena arrakastatsuagoa dela dio (basamortuan ur gutxi galtzen duten hostoak dituztenak, kasu). Abantaila ebolutibo horrek jatorri ezberdineko landareetan egitura, forma edo kolore berdinak ikustea eragin du.
Darwin, emakumeen garunaz
Darwinen teoriak ideia berritzaile ugari eskaini zizkigun, biziaren jatorria ulertzeko beharrezkoak izan direnak, baina ez guztiak. Eginiko adierazpen batzuetan azaldu zuen, adibidez, emakumeen garuna ez zela gizonezkoena bezain garatua eta, horrenbestez, emakumezkoen ikerketak ere ez. Gizon honen ospea zela eta, garai hartako emakume eta gizonen ikerketa aukeren arteko arrakala areagotu zen.
Zoritxarrez, Darwin emakumeen lana zalantzan jarri duen gizonezkoetako bat da eta zerrenda amaigabe bat sortu daiteke Euniceren moduan ahaztutakoen izenekin. Gaur egun arrakala txikiagoa bada ere, landareek egin bezala, garai eta sorleku ezberdineko emakumeok ere modu konbergentean eboluzionatzen dihardugu, eta honetan ezinbestekoa dugu gure jardunaren aitortza, hori baita gure lanaren biziraupena bermatuko duen estrategia arrakastatsuena.