Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Pello Añorgak dio: «Idatzitako testua nola hila dagoen, berpiztu egin behar duzu. Eta kontatu nahi baduzu, zeure haragia eskaini behar diozu». Pello Añorga irakurtzen ari naiz azken bi hilabeteotan. Semearen eskolara bisitan joango da datozen egunetako batean, eta Elederrek dagoeneko irakurri ditu bere hainbat liburu. Eta nik atzetik. Liburu bera. Gero tertulia egiten dugu elkarrekin. Liburuaz. Azkena irakurri dugun liburua: Pio martzianoa. Harribitxia. Liburua. Idazkera. Eta Pello bera.
Zazpi urteko Elederren lehen erantzuna gustura irakurri al duen galdetzean: «Ez dut ulertu». Duen adinerako euskara jasoa du komunikaziorako tresna Elederrek, lexiko eta egitura aberatsak erabiltzen ditu, eta irakurgai oso ezberdinetan murgildu da dagoeneko. Baina bere adinerako egokia den Pio martzianoa zer iruditu zaion galdetzean ez duela ulertu erantzun dit. Eta ez du ulertu honengatik: «Eta egon omen ziren egon hantxe», «Behiak marruka, muturrak ikara», «Egundoko ostikoa emanez, pibotea bidali zuen porruak landatzera, oilo luma gorrien artera», «Kieto zegoen, belarra bera baino gehiago», «A zer ardaila! Huraxe bazterrak harrotu beharra!», «Hau al zen dena? Santu Kristoa!», «A zer piriria!», «Eta anda demonio, ihesari eman zioten. Egundaino halakorik!».
Antzeman dezakezuenez, liburu zoragarria da. Bi buelta gehiago eman dizkiogu liburuari Elederrek eta biok eta izugarri gozatu dugu azkenean. Biok. Ulertu du. Zukutu du. Literatura da. Hizkuntza da. Ez helduena. Ez haurrena. Denona. Eskerrik asko, Pello, halako hizkuntza moldeak ikusgai eta, beraz, ikasgai umeen esku ere jartzeagatik. Eskerrik asko zeure haragia eskaintzeagatik. Liburuei. Mamiari. Hizkuntzari.