Garrantzia handiko elikadura-industria daukate gaur egun ere Urkia sendikoek Argentinan, General Deheza herrian. Dionisio Urkia Aizpeolea segurarrak emigratu zuen hara, eta haren langintzak eta kemenak eragin handia izan zuten Aceitera General de Deheza SA enpresa sortzeko.
Helduaroan joan zen Dionisio Urkia (Segura, 1865) Argentinara, 39 urterekin, eta familia osatuta. Gloria Rosalesekin 14 urte zeraman ezkonduta. Ordura arte, trenbidean lan egin zuen, eta harrobietako administratzaile ere izan zen. Buenos Airesera 1904an iritsi ziren, eta Cordoba probintziako Las Perdices herrian kokatu ziren aurrena; Vicente eta Magencio semeak ere haiekin ziren.
Salgai orokorren biltegi edo saltoki bat ireki zuen Urkiak, eta 1910ean General Dehezara aldatu ziren, han errotzeko. Nekazaritzara dedikatutako herri sortu berria zen, eta tren geltokiaren bueltan hasi zen garatzen.
Nekazaritza eta zereal sektorean
Olio lantegia Dionisio Urkiaren biloba batek sortu zuen, Adrian Pascual Urkiak, 1948an. Ama zazpi urterekin galdu zuen, eta aitona-amonek hartu zituzten eurenean. Merkataritzarekiko irrika eta negozioetarako kemena barneratu zituen biloba, aitona segurarraren alboan; argentinarrek enpresaren 50. urteurreneko liburu-oroigarrian diotenez, euskaldunen espiritu ekintzailea jaso zuen Dionisio Urkiarengandik, eta «ariman eta zainetan» zeraman Adrian Pascual Urkia gazteak ere; 28 urterekin eratu zuen olioa ekoizteko lantegia.
Salgai orokorren salmentara dedikatzeaz gain, Dionisio Urkiak Galli y Urquia enpresa ere sortu zuen, General Deheza hirian, 1920ko hamarkadan. Bazkideak bere partea utzitakoan, familia barruan geratu zen osorik negozioa, eta Urquia Gonzalez SRL enpresa zerealen komertziora eta asegurugintzara dedikatuko zen. Hazien salerosketara eta nekazaritzako makinariara zabaldu zuten jarduera, beste enpresa-adar batekin.
Dionisio Urkia Aizpeolea 1947an hil zen, 81 urterekin. Haren eskutik edo bultzadaz sortutako enpresa multzoaren fruitu da AGD Aceitera General Deheza enpresa, gaur egun.
Urkiatar bat Dakar Rallyan
Berriki, Dionisio segurarrak Argentinan eratutako leinuko beste Urkia batek parte hartu du, 2024ko Dakar Rallyan, Saudi Arabian. Sebastian Urkia pilotuak motoetan parte hartu du. Hego Amerikan antolatu ziren sei Dakar rallytan parte hartu zuen, 2014tik aurrera, eta 2020an Saudi Arabiako desertuko proba gogorrera joan zen. Bukatu zuen (59.a). Aurten itzuli da, harrezkero lehen aldiz.
Sebastian Urkiak ere familiaren elikadura-enpresan lan egiten du, ingeniari modura.