Aimar Alustiza legorretarra pisu-jaurtiketan aritzen da eta joan den asteburuan Espainiako txapelketa irabazi zuen, 20 urtez azpikoen mailan, urrezko domina jantziz lepoan.
Ez da oso ohiko kirola. Zerk bultzatu zintuen pisu-jaurtiketan hastera?
Duela hiru urte baino gutxiago hasi nintzen. Gehien bultzatu ninduena nire entrenatzailea da, Odei [Lopez]. Probatzera joateko esaten zidan baina kalabazak ematen nizkion ordura arte, hasieran ez bainuen nire burua bertan ikusten, baina duela hiru urteko udan probatzera joan nintzen eta uste baino askoz gehiago gustatu zitzaidan.
Nolakoa izan da zure ibilbidea hiru urte hauetan?
Bi urte eta erdi edo daramatzat eta teknika oso garrantzitsua den kirol honetan denbora hau ez da ezer ere. Hala ere, ikasten eta hobetzen noa. Lehen urtean Espainiako aire libreko txapelketan hirugarren postua eskuratu nuen eta hau izan zen nire lehenengo garaipena, baina aurreko urtea gogorra izan zen, uste baino okerrago joan zelako. Hala ere, kirolean ez da beti nahi bezain ondo joaten dena eta nahiko gorabeheratsua da. Gorabehera horietatik asko ikasten da eta nik ere urte hori horretarako erabili nuen eta hobetzen joan naiz. Duela urtebete, adibidez, Espainiako txapelketan hiru baliogabeko jaurtiketekin etxera joan nintzen, atsekabetuta. Aurten, berriz, lehenengo postua lortu dut.
Espainiako txapelketan 20 urtez azpikoen kategorian garaipena eskuratu zenuen joan den asteburuan. Nola bizi izan zenuen txapelketa?
Txapelketa hau oso garrantzitsua da guretzako eta denbora luzez aritzen gara hau prestatzen. Urduritasunak astebete faltan etorri ziren eta azken egunetan areagotzen joan ziren. Txapelketarako ordu gutxi faltan oso urduri geunden denok, baina, hala ere, behin pistara ateratakoan lasaitasun puntu bat lortu nuen. Beroketan gustura botatzen saiatu nintzen batez ere, egonkortasuna lehentasuntzat jartzen eta baliozko jaurtiketak egiten. Ondoren, lehen jaurtiketa iritsi zen. Nahiko ondo joan zen eta apur bat txapelketan sartzeko jaurtiketa izan zen. Ondoren, bigarren jaurtiketa nire txapelketako bigarren luzeena izan zen eta lehenengo postuan jarri nintzen honekin. Hortik aurrera, hasi ziren berriro urduritasunak ea nork hobetuko marka eta nik lortu nuen azkenean. Horrela jarraitu nuen azken jaurtiketara arte eta azkena botatzerakoan lasaiago nengoen, jada irabazita neukalako; orduan hobetu nuen marka.
Nola sentitzen zara garaipen honekin?
Oso pozik sentitu nintzen. Beti pentsatzen da horrelakoetan ea irabazi ahal izango duzun edo behintzat lehian sartu, baina hortik benetan irabaztera pauso handi bat dago eta ez dakit nola deskribatu ondo nire momentuko emozioak, baina izugarrizko emozioa sentitu nuen garaipen hau eskuratzean.
Aurrera begira baduzu helburu zehatzik?
Orain 10 egun ditugu lasaitzeko eta errekuperatzeko. Indarrak gorde eta aire libreko zatia hasiko da orain. Bi txapelketa ditut buruan. Horietako bat Espainiako Txapelketa Unibertsitarioa da. Bertan 7 kiloko bola botako dut eta ohituta nagoena baino kilo bat gehiagokoa izanda, ez dakit nola joango zaidan. Hau absolutu bezala nire lehenengo txapelketa garrantzitsua izango da eta gogotsu nago. Bestea, berriz, Espainiako Txapelketa. Hau da gelditzen zaidan txapelketa garrantzitsuena eta bertara ondo prestatuta iristen saiatuko naiz. Horrez gain, denboraldi honetako beste helburuetako bat nire marka hobetzea da. Joan den asteburuan 16.91m-an daukat oraingoz marka ezarri berria eta hau hobetzea gustatuko litzaidake.