Martxoaren 23an II. Berpiztu Jaialdia izango da Idiazabalgo Kiroldegian. 19:00etan irekiko dituzte ateak eta 20:00etan hasiko dira kontzertuak. Deskontrol, Orreaga 778, Arene 6, Azken Sustraiak, Kontralde eta Pineapple Sweets ariko dira.
Idiazabalgo Kiroldegia Oi! musikazaleen bilgunea bilakatuko da martxoaren 23an, eta oro har, musikazaleen elkargunea. Berpiztu Jaialdiaren bigarren aldia ospatuko da egun horretan. Iazko lehen aldiko balorazio ona egin ondoren, bigarrenerako lanean ibili dira irailetik jaialdia antolatu duen Antzar Crew elkarteko kideak. Ibilbide luze zein «ez hain luzeko» sei taldeko kartela osatu dute.
Iaz bost izan ziren kiroldegiko eszenatokira igo ziren taldeak: The Dillingers, Sofokaos, Hell Beer Boys, The Janitors eta Kaleko Urdangak. Aurten, Euskal Herriko sei taldek egingo dituzte kontzertuak jaialdian: Deskontrol-ek, Orreaga 778-k, Arene 6-k, Azken Sustraiak-ek, Kontraldek eta Pineapple Sweets DJ-ek. Sarrerak salgai daude www.entradium.com webgunean edo Idiazabalgo Odei tabernan, 16 euroan. Egunean bertan 20 euroan salduko dituzte. Kiroldegiko ateak 19:00etan irekiko dituzte, eta 20:00etan hasiko dira kontzertuak.
Sorrera
Herrigintzatik sortutako jaialdia izan da, herrian bertan gustuko zerbait herriaren alde egiteko asmoa izan duen lagun talde batetik, alegia. Asmo hori izan dute Antzar Crew-ko kideek, Julen Iparragirrek azaldu duenez: «Musika gustatzen zaigun eta beti batera ibiltzen den lagun talde bat gara. Herrian beti zer edo zer egitekotan ginen, juntatu behar diagu, eta horrelaxe atera zen Berpiztu». Musikarekiko gustua elkarbanatzen dute, eta zehazki, Oi! musikan jarri dute foku amankomuna. «Musika diferenteak gustatzen zaizkigu, baina orokorrean oi! musikarekiko zaletasuna daukagu taldean eta horren aldeko apustua egin genuen».
Zortzi bat lagunek osatzen dute Antzar Crew elkartea. Elkarte bat sortu zuten espresuki jaialdia antolatzeko. Zerotik hasi ziren eraikitzen, eta hasiera-hasieratik hasi behar horretan, aurten egin beharko ez dituzten hainbat «papeleo lan» egin behar izan zituzten. Aurten, iaz aurreratutakoari eta ikusi eta ikasitakoei esker lana samurtu zaie. «Horiek eginda dauzkagunez, erraztu egiten da urte batetik bestera. Gero, ikusi ditugun bakoitzaren tarak ere ari gara soluzionatzen, lehengo urtean ondo atera bazen, aurtengoa hobeto irteteko» azaldu du Iparragirrek.
Aldaketa datan
Iazko jaialditik, bada aldatu duten gauza esanguratsu bat: data. Iazkoa uztailean ospatu zuten, baina uda partean ekitaldi asko daudenez, negu-udaberri aldera pasatzea erabaki zuten. I. Bezpizturen ondoren, udan atseden hartu eta irailean bildu ziren antolatzaileak. Lehenengo bilera hartan jada erabaki zuten martxoan izan beharko zuela. «Eta orduz geroztik lanean ari gara. Aurreneko hilabeteetan hilean behin elkartzen ginen, gero bi astez behin, eta orain astero. Azken aste honetan ia egunero elkarrekin egon beharko dugu».
Esan bezala, zortzi kide dabiltza buru-belarri lanean jaialdian dena ondo atera dadin, «disponibilitatearen arabera», baina egunean bertan beste dozenaka boluntarioren laguntza izango dute, «ezinbestekoa» dena Iparragirreren hitzetan. «Haien lanarengatik eta beste zenbait herritarren boluntariotza lanarengatik ez balitz, ez genuke ezer egingo. Jendea, gainera, kolaboratzeko prest egoten da egun horietan».
Askoz gehiagorik ez
Finantziazioari dagokionez, aurtengo San Blas jaietan txosna bat jarri dute Berpiztuko antolatzaileek jaialdiarentzat eta elkartearentzat dirua biltze aldera, eta jendearen erantzuna ere «ikaragarria» izan dela dio Iparragirrek, «bai barran laguntzeko eta baita kontsumitzeko ere».
Iazkoa ondo joan zela ikusita, berritasunak berritasun, aurten antzerako jaialdia espero dute. Ez dute, gainera, gehiagorik nahi: «Ez dugu ekitaldi askoz ere handiago batera aspiratzen».
Gehienera 300 lagun
I. edizioan 240 bat lagun elkartu ziren kiroldegian musikaren bueltan. Aurten ere antzerako erantzuna izatea aurreikusi dute, eta gehienez 300 laguneko kopurua ezarri dute. «Oso jaialdi txikia da azkenean, baina horrek ere bere xarma ematen dio». Momentura arte, iazko sarrera bertsuak saldu dituzte, eta azken egunetan jendea animatuko dela uste dute, «jendeari kosta egiten baitzaio azken momentura arte». Idiazabalgo musika, jai-giro, parranda eta jaialdi zaleez gain, beste herri batzuetako jendea ere inguratuko da martxoaren 23an Idiazabalera. «Ikusten ari gara kanpoko jendearen erantzuna ere badagoela».
Jana eta edana
Musika jaialdi guztietan ohikoa den moduan, ez da jan-edanik faltako. Iluntze aldera lehenengo ogitarteko erronda aterako dute , eta gauerditik aurrera beste erronda bat egingo dute, kontzertuetako gozamenean gastatutako energia berreskuratzeko.
Legorretan reggae doinuak nagusituko dira