Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Nazio harreman sistema global baten aldeko proposamenak aspaldikoak dira. Ameslariek gizakiaren arazo zahar eta berrien konponbide bezala ikusi dute. Batik bat, gerla eta masa suntsiketarako arma garapena, munduko pobrezia eta ezberdintasunak, nazio gatazkak, eta klima aldaketa arazoak. Baino aurrekari historikoak ez dute baikortasun askotarako ematen.
XVI. mendean, Espainia boteretsuaren garaietan Francisco de Vitoriak aurkitu zituen Mundu Berria menderatzeko eskubidearen oinarriak. Indigenek eskubide unibertsal bat urratzen omen zutela: edozein tokitara joan eta salerosketarako eskubidea, gehi kristau-egia zabaltzekoa. Askatasun hauei indioak eragozpenak jartzen bazituzten, espainolak armekin erantzuteko eta lurrak konfiskatzeko eskubidea omen zeukaten.
Herbeheretarrak XVII. mendean antzera zuritzen zuten beraien inperialismo komertziala. XIX. mendean berriz, europar inperialismo garaietan, Estatu subiranoen berdintasun printzipioa apurtu eta pribilegio hierarkiak ezartzeko, erlijio iritzia alde batera utzi eta zibilizazio iritzia ezarri zen. Horrela, adibide bezala, europar Estatuek, Afrikako pastel koloniala banatu zuten beraien artean, Belgikak eraman zuen zatirik handiena.
Bigarren Mundu gerraren ostean, 1945ean Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortu zen. Bai pertsona arruntak eta baita estatu-gizonak ere gerra ondoko nazioarteko ordena berri bat ezartzen saiatu ziren. Estatuek beren arteko gatazkak saihestu, eta arazoak bide baketsu eta diplomatikoetatik konpontzeko, mundu mailako foro zabal bat eratzeko beharra ikusi zuten. Gaur egun, munduko estatu gehienak bertako kide dira (193 kide), nahiz eta bere funtzionamendu moduak sorrerako botere banaketa islatzen duen; izan ere gerrako garaile izan ziren bost estatu nagusienek beto eskubidea mantentzen dute Segurtasun Kontseiluaren erabakietan.
Egungo Ukrainako gerrak eta Palestinako sarraskiak argi uzten dute NBEaren ibilbideko botere-joko historikoa. Nahiz eta ideia legitimatzaileak bilakaera bat izan, gaur ere sistemaren jabeek borrokatutako gerrak zibilizazioa, demokrazia edo giza eskubideak zaintzearen alde garatutako parte-hartze eskuzabalak dira beti eta edozein bestek, totalitarioak edo terroristak, borrokatutakoak berriz beti eskubide horiek hausten dituzten ekintza kriminalak.
Irudikatu ahal dezakegu Hego Amerika, Afrika, Kaukaso edo Asiak –gehiengo demokrati-koan oinarrituta– gainerako munduari kodetutako eta ezarritako nazio harreman sistemarik? Oso zaila, arrazoi garbi batengatik: XVII. mendetik kode horiek denak potentzia handien interesak islatu dituztelako. Egoera, negargarria izanda, Nazio Batuak bezalako antolakuntzak baliabide izaten jarraitzen dute zapaldutako Estatu eta nazioentzako, zoritxarrez askotan ahalmenik gabekoak izanik ere.