Nafarroan jaioa eta hazia da Judit Garcia Llorens (Bargota, 1975), nekazal ingeniaria formazioz, eta abeltzain eta gaztagile lanbidez. Olaberriko Etxeberri Goikoa baserrian du orain bizitokia, eta lantokia. Aitor Aranburu bikotekidearen familiaren etxaldean erreleboa hartu zuten biek.
Olaberrian bizi zara aspaldi. Zertan ari zinen hona etorri aurretik?
Bargotakoa (Nafarroa) naiz, eta Olaberrian bizi naiz, baserrian. Nekazaritza ingeniaritza ikasi nuen Iruñean, eta bukatutakoan, Maizpidera etorri nintzen, euskarari bultzada ematera. Eta Goierrin geratu nintzen, ikasketa garaitik ezagutzen nuen Aitorrekin. Garai hartan Lurgintzan hasi nintzen lanean, Azpeitian, eta gero kargu publikoa izan nintzen Batzar Nagusietan, batzarkide.
Eta gero, Olaberrira.
Bai, Etxeberri-Goikoa baserrira. Aitorren gurasoek esne behiak zituzten eta esnea saltzen zioten Iparlati. Larreetan oinarritutako maneiua zuten, betikoa, botikaren erabilera mugatukoa, produktu kimikorik gabea… Ama jubilatu zenean, Aitorrek erreleboa hartu zion 2009an. Orduan ukuilu berria egin genuen, lan baldintzak eta animalien ongizatea hobetzeko, eta makineria sartu genuen. Gainera, errolda ekologikoan alta eman genuen.
Gazta egiten ere hasi zineten.
Esnea Idiazabalgo Arimasgasti baserriko Joseba Baezi saltzen genion, baina gazta egiteari utzi zionean, gaztandegia egin eta guk geuk egitea pentsatu genuen. Kanpoko lanak utzi nituen orduan, baserrian gaztagintzarekin zabaltzen ari zen espazio berriari heltzeko, gazta ekoizteko. 2018an izan zen.
Nolako gaztagintza eredua da zuena?
Baserrian maneiu ekologikoa dugu. Hamar behi ditugu, oilasko batzuk, baratza… Haragia saltzen dugu paketeetan, eta gazta egiten dugu. Salmenta zuzena egiten dugu gehienbat, eta horretan Ordiziako azoka guretzat oso inportantea da. Goierriko kontsumo talde batzuetan ere saltzen dugu, baita inguruko eta Gipuzkoako beste eskualde batzuetako herrietako dendetan ere. Azoka berezi batzuetara eta Biolurrek antolatutako azoka ekologikoetara ere joaten gara saltzera.
Nola ikasi zenuen gazta egiten?
Niretzat gauza erabat berria zen. Gaztagintzari heltzea ere nahiko bat-batekoa izan zen, esneari irtenbidea eman behar geniolako hartu genuen erabakia. Gure apustua kalitatea zaintzea eta bolumena guk bideratu ahal izatea izan zen. Gazta egiten ikasteko, gaztagintzan esperientzia handia zeukan Manola Pozasengana jo genuen. Etxera etorri zen, eta harekin ikasi nuen. Manolak izugarrizko esperientzia zeukan, jakintza handia, eta pertsona perfekzionista eta saiatua zen. Denen artean perfilatu genuen gazta gama zabal bat, eta orain, ondua, erdi ondua, biguna, laktikoa, urdina, egosia, gaztanbera, gazta freskoa eta gazta krema egiten ditugu, bederatzi gazta desberdin. Prozesuak desberdinak dira, elaborazioak ere bai…
Nolakoa da prozesua?
Egunero jezten ditugu behiak, bi aldiz, eta gazta astean hirutan egiten dugu. Udaberrian lautan ere bai, esne produkzioa igo egiten delako belarrarekin batera, eta erditzeak ere garai horretan gehiago izaten direlako. Esne guztia erabiltzen dugu gazta egiteko. Urtean 60.000 litro esne produzitzen dugu, eta 8.000-10.000 kilo gazta egiten ditugu.
Gustatzen al zaizu gazta egitea?
Asko irakurri dut, asko aritu naiz, ikastaroren bat egin dut, Manolarengandik jasotakoa… Bai, gaztaren mundua asko gustatzen zait, oso interesgarria iruditzen zait, beti ikasten ari zarelako.
Zer diote bezeroek?
Egia esan, gure bezeroak nahiko esker onekoak dira.
Esnea eta jogurta ere saltzen dituzue.
Gu Behieko markaren barruan gaude. Marka hori Altzon sortu zuten, jogurtak egiten dituzten bi baserritarrek, gu gazta egiten hasi baino lehenago. Haiekin elkartu ginen eta horrela, hiruron produktuak Behieko markarekin komertzializatzen ditugu, guk haien produktuak saldu eta banatzen ditugu, eta haiek gure gaztak. Elkarlan hori mesedegarria da, beti sortzen dira sinergiak, kostuak jaisten dira, eta eskaintza ere zabalagoa eta interesgarriagoa egiten duzu. Abantaila asko ditu.
Elkarlana aipatu duzu… hainbat elkartetako kide zarete.
Nekazaritzan geroz eta gutxiago gara, eta oso inportantea da sektoreko besteekin harremana izatea eta saretuta egotea. Gipuzkoako nekazari ekologikoak eta kontsumitzaileak elkartzen dituen Biolurreko kideak gara. EHKOlektiboko kide ere bagara, eta hor agroekologiaren alde apustua egiten dugun Euskal Herri osoko baserritarrak biltzen gara. Horretaz gain, Goiekoko kideak gara eta Goierriko beste baserritar batzuekin haragi ekologikoa saltzeko antolatzen gara. Goierriko Nekazal Kooperatibako parte ere bagara, eta sortu berria den Esnekigileen elkartea ere hor dago.
Zer eskaintzen dizuete elkarteek?
Guretzat beste baserritarrekiko elkarlana oso inportantea da, edozein arazorako edo zalantzarako, ikasteko, defendatzen dugun agroekologiaren eredua konpartitzeko, norberaren defentsarako, autoestimurako, kontzientziaziorako… Eta beste aldetik, zerbitzu egokiak izateko. Sektore honetan zerbitzuak behar dira, ahal bada publikoak edota kooperatiboak, eta elkarteetako batzuk horretara daude bideratuta.
Zein zerbitzuz ari zara?
Albaitariak, hiltegiak, aholkularitza, laborategiak… Gure jardueran, adibidez, hainbat analitika eskatzen dizkigute esnean, gaztetan eta gaztandegian. Horrez gain, dokumentazio ugari bete behar izaten dugu, eta diru laguntzak eskatzeko ere beste hainbeste. Alde horretan, esan behar da eskaerak egiteko garaian industriaren maila berean jartzen gaituztela, eta hor txikiak sentitzen gara. Elkarteak babesa ematen digu.
Burokraziak jan egiten omen zaituzte.
Elikagaiak sortzeko, lana egin behar duzu lurrarekin, animaliekin, transformatu, saldu… eta astean ordu batzuk eskaini behar dizkiozu burokraziari. Ez da fakturazioa bakarrik, administrazioaren aldetik dauden mila eskakizun ere bete behar dira. Burokraziak geroz eta gorputz handiagoa du, eta batzuetan itogarria izan daiteke. Gainera, eskatzen zaizkigun gauza batzuk bikoiztu egiten dira, edo ez dute zentzurik.
Burokrazia arintzeko eskatu da azken asteetako mobilizazioetan. Bat egiten al duzue mobilizazio horiekin?
Mobilizazioekin esaten ari dena da sektorea gaizki dagoela, eta hala da. Nekazaritzatik edo abeltzaintzatik bizi den jendea geroz eta estuago dago, geroz eta autonomia gutxiago du. Kanpotik ekartzen dira lehengaiak eta ezin da kontrolatu ez prezioa ez zein baldintzetan datozen, erregai fosil eta glifosatorekiko menpekotasuna oso altua da, eta saltzeko garaian, era industrialean ekoizten duenak ez dauka aukerarik prezioan eragiteko, kateko katebegi ahulenetakoa delako. Horren aurrean ezinegona zabaldu da, eta hori da kalera atera dena. Baina nire ustez, harago joan behar da, eta nekazaritza eredu burujabe eta iraunkorragorako aldaketa aldarrikatu behar da gehiago.
Zein eredu da zure ustez egokiena?
Produkzio bakarra eta bolumen handikoa bultzatu da, kimikoen eta energia fosilaren erabileran oinarritutakoa. Gu agroekologiaren aldekoak gara: elikagaiak naturaren erritmoan ekoizten ditugu, energia fosilen kontsumoa txikituta, kimikoen erabilera jaitsita, eta bolumena inguruan bizi diren pertsonei egokituta, hau da, maneiatu ahal dugun bolumena sortuta, autonomia eduki ahal izateko. Zuk dauzkazu baliabide naturalak, zure produkzioa zure baliabide horietan oinarritzen da, eta gertu saltzen duzu, bezeroekin adostutako prezioan. Ez da erraza, baina etorkizuna daukan eredua da. Hala ere, horretarako baldintzak jarri behar dira.
Emango al da eredu aldaketa?
Orain arte erakundeek ez dute agertu inolako interesik aldatzeko. Urteetan, Europako, Estatuko, Jaurlaritzako eta Aldundiko nekazaritza politiketatik eredu industriala bultzatu da. Diru laguntzak hektareako ematen dira, zenbat eta hektarea gehiago orduan eta laguntza gehiago, eta abelburuekin berdin. Logika horrekin dago antolatuta laguntza sistema. Hori aldatzen ez bada, oso zaila da aldaketa ematea. Bitartean, beste eredu baten alde gaudenak, tinko mantentzen gara, gure hautua delako, sinesten dugulako, eta horretan, kontsumitzaile askoren babesa ere badugu.
Sentsibilizazioa da bideetako bat?
Orokorrean gizartean elikadurari ez zaio ematen benetan duen garrantzia. Elikadurak eragina du osasunean, ingurumenean, kulturan, hezkuntzan, ekonomian… oinarrizkoa da. Jakiak erostean ez da pentsatzen nola produzitu diren, atzean zer dagoen, nondik datozen, langileen baldintzak zeintzuk diren, zenbat kutsatu den, nutrizio aldetik zein gaitasun duten… Hori guztia gakoa da, baina erostean, janari azkarra eta merkearen kultura gailentzen da gehiegitan, sistemak janariarekin negozioa egitea lehenesten du. Horretaz sentsibilizatzea beharrezkoa da, jendeak kontzientzia hartzeko, ahalduntzeko, beste elikadura kultura zabaltzeko. Horretan erakundeek ezinbesteko papera dute.
Instituzioen gain uzten duzu dena?
Zati handi bat bai, oraindik ez delako egiten egin daitekeen guztia. Seguru nago administrazioak eta horren barruan nekazaritza eskolek lehentasunak garbi ezarriz gero, nekazaritza eta produktu ekologikoak beste maila batean egongo liratekeela. Nik uste dut hau guztia denborarekin aldatzen joango dela, nahita ez, aldatu behar duelako.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Lehengaiak mugatuak dira, ezin dugu jarraitu dena infinitua balitz bezala produzitzen eta kontsumitzen, eta orain arte oso merke kontsumitu duguna geroz eta garestiagoa izango da. Berrikasi egin beharko dugu. Orain asko hitz egiten da ekonomia zirkularraz, adibidez, baina lehenago, kontzeptu hori oso barneratuta zuten baserritarrek. Askotan atzera begiratu behar da, eraginkortasuna, hondakin gutxiago sortzea, ekonomia zirkularra eta naturarekin bat eginda elikadurak sortzeko zer egin behar den ikasteko. Gauza berriak ere ezinbestekoak dira, animalien ongizateari dagokionez, adibidez. Nik uste dut lehen gauzak nola egiten ziren ikustera jo behar dugula, eta lokaletik eta txikitasun horretatik ekoitzi.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakari berria zara. Zer da kontseilu hori, eta zein izango da zure lana?
Kontseilu ziurtatzailea da, eta horren osaketa eta bete beharreko legedia Europatik datoz. Europako araudi ekologikoaren arabera Erkidegoan ekoizten dena ziurtatzeaz eta bultzatzeaz arduratzen da. Kontseiluan, administrazioko ordezkariez gain, sektoreko eragileak gaude, hau da, ekoizleak, eraldatzaileak, inportatzaileak… Niri lehendakaria izatea egokitu zait lau urteetarako, eta nik uste dut erronka handia dugula kontseilua bera indartzen, eta ekoizpen ekologikoa bermatzen duen zigiluari balorea ematen. Bidea lehenago edo beranduago hortik pasako dela uste dut.
Euskara eta ekologikoa
Zaila egin zaio Judit Garciari atal honetarako argazkia aukeratzea. Txikia zeneko irudi batean pentsatu zuen lehenik, baina haiek jaiotetxean ditu, Bargotan, eta Goierrira bizitzera etorri zeneko bat jarri du azkenik mahai gainean. Argazkia 2005ekoa da, elurpean ikusten da bertan, eta hala gogoratzen du une hura: «Negu hartan elurte polita egin zuen. Gogoratzen naiz Maizpiden ikasten ari nintzela orduan, eta euskararen mundura leiho ederra zabaldu zitzaidala».
Ordurako, nekazal ingeniaritza ikasketak amaituta zituen, eta nekazaritza ekologikoarekiko interesa eta kontzientzia barne-barnean zeraman. Hainbeste zen interes hura, karrerako proiektua bera ere nekazaritza ekologikoaren inguruan egin zuela Ingalaterran, Erasmusen bidez.
Kontzientzia ekologiko horretan asko lagundu zion familiaren Bargotako etxaldean egin zuten jauziak. «Garai batean denetik lantzen zen gurean, mahastiak, zainzuriak, olibondoak, zerealak… Etxalde xumea zen, eta denetarik zuen. Baina Nafarroako inguru hartako etxe askotan bezala, labore tipologia aldatzen joan zen, eta geroz eta mahats gehiago sartzen joan zen. Hain zuzen, Bargota Errioxako denominazioaren barruan dago. Gurean ere hala egin zuten, eta azkenik bodega bat ireki zuen familiak, ekoizpen guztia ekologikora aldatuta».
Olaberrian ez daukate mahastirik, eta abeltzaintzara eta gaztagintzara dedikatzen da gaur Judit, Aitor bikotearekin batera. Behi gazta egiten dute, zortzi mota desberdin, ekologikoan horiek ere, eta estimazio handia dute.